Camino Saiz Cia
Ohedun ospitale baten aldeko taldea

Gernika-Lumoko ospitaltea

2002. urteko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuekin batera onartu zen Gernikako Ospitalea eraikitzea. 2005. urtean hasi ziren obrak eta 2012ko abenduan ateak zabaldu zituen.

Bi urte igaro dira harrez gero, baina zentroa oraindik urrun dago erabat erabilgarri izatetik, zerbitzuak gutxika gutxika jartzen direlako martxan, berriki inauguratutako operazio-gelak kasu. Hala eta guztiz ere, 3. plantak erabat utzik jarraitzen du nahiz eta bertan pazienteak ospitalizatzeko proiektua zegoen.

Hala, agindu zizkiguten oheez eta hemodialisi zerbitzuaz ahaztu egin dira, eta horien ordez pentsatzen ari dira bertara anbulatorioan geratzen diren kontsulta guztiak lekualdatzea. Horrek, ez dago esan beharrik, betiko kondenatuko luke Busturialdeako eta Leako biztanleek ganorazko ospitale-eskaintza bat izateko aukera. Kontrara, badira beste hiritar batzuen osasun eskubideak bermatuko dituzten osasun proiektu berriago batzuk, Urduliz eta Eibarrekoa ospitaleen proiektuak kasu, bertako hiritarrei benetako ospitale bat izatea ahalbidetuko dietenak, hau da, ohedun ospitaleak:

- Urduliz, benetako ospitale bat bihurtuta, bere 216 oheekin, jada eraikitzeko azken fasean dago, eta Eibarko etorkizuneko ospitaleak 44 ohe berri izango ditu. Horrek guztiz argi uzten du Osasun Sailarentzat, Darpon jaunarentzat zehazki, gure eskualdeko populazioak ez dituela EAEko gainerako biztanleen osasun publikorako eskubide berak.

Gaur egun hainbeste ohe behar ez direla alegatzen du iritzi ofizialak, indarreko osasun politikak ahalik eta gehien murrizten dituelako ospitalizazioak, baina, ikusiak ikusita, badirudi irizpide hori guretzat baino ez dela baliogarria.

Erabateko borondate politiko falta erakutsi dute bai PNVk bai PSEek ere gure biztanleriak behar dituen zerbitzu ospitalarioak martxan jartzeko. Hala, lotsarik barik 40 milioi euro gastatu dituzte estetikoki puntakoa den eraikin batean, jada eraikita dagoenean, hori martxan jartzeko dotazio tekniko eta pertsonal gabe uzteko. Argi gertatu da euren lehen interesa erreditu politikoena dela, hain zuzen ere, benetako ospitale bat izango duten biztanleen artean botoak igotzea, eta ez kalitatezko osasun eskaintza publikoarena.

Hurrengo eran eusten dio kronikotasunaren erronkari Osasun Sailaren plan estrategikoak, Eibarreko ospitalea justifikatzeko bere txostenean... gaixo kronikoen kopuruaren handitzea dakarte bizitza esperantzaren luzatzeak eta gizartearen zahartzeak, osasun sistemen garatzearekin batera. Arreta sanitarioaren beharrizanen profilean ere aldaketak dakartza aldaketa demografiko honek berarekin. Horrek handitu egiten du susperraldirako eta egonaldi ertaineko oheen beharrizana, non paziente kroniko horien errekuperazioak berariazko ikuspegi bat izango duen.

Izan ahal daiteke hori baino diskriminatzaileagoa Osasun Saila? zergatik ez dira Gernikako ospitalearentzat baliogarriak Eibarko ospitalearentzat baliogarri diren argudioak?

Politikari jaunok, hemen gure eskualdeetan, badaukazue aipatutako profil aldaketa hori egia bihurtzeko aukera paregabea, beharrezkoa den profil aldaketa hori gauzatzeko abagunea, zahartutako biztanleria batekin eta dispertsio geografiko handiko eta orografia nahiko konplexuko zonalde batean. Euskalduna den gizarte batean; urrunagoko beste zentro batzuetara joan behar denean bere ama hizkuntzaren erabilera bermaturik ez duen biztanleriarekin.

Hemodialisi tratamendura lotuta dauden Busturialdea eta Leako giltzurruneko gaixoek astean hiru bider joan behar izaten dute zerbitzu hori hartzen duten zentroetako edozeinetara, eta zentro horiek ez dira ez beti publikoak izaten, badira eta zentro pribatu bi zeintzuetara bereizi gabe bidaltzen diren gaixoak: Hemobesa eta Dialbilbo. Zenbat kostatzen zaizkigu artatze sanitario pribatu horiek, garraio sanitarioa barne? Badago horiek  kendu eta hurbilagoko zerbitzu publiko bat eskaintzerik, eta bigarren mailako hiritarrak izateari uzterik.

Badaude pribatizatutako beste zerbitzu batzuk ere, etxez etxeko urgentziak Medical Dom enpresarekin eta Erresonantzia magnetikoak Bizkaiko hainbat zentrorekin kasu. Zergatik pribatizazio horiek mantendu ospitale honetan pertsonal propioarekin eskaini beharrean?

Jada eraikita zeuden obrak lehenetsiko zituela agindu zuen Darpon jaunak bere legealdiaren hasieran. Bada, hemen emanda dauka hori frogatzeko aukera. Emandako hitzari leial izan dadila exijitzen diogu, beste proiektu berriago batzuekin hasi aurretik.

Era berean, atzerapen gehiagorik barik exijitzen dugu erabat erabilgarri izan daitezela Gernikako Ospitalean jada jarritako eta ordu jakinetan baino ez dabiltzan zerbitzuak T.A.C-a, Ekografoa, Mamografoa, Erradiologi, laborategi, garbiketa eta zaintza zerbitzuak kasu. Aurreikusita ere bazegoen epe luzerako tratamenduen eguneko ospitalea jartzea, baina hori ere ahaztu dute.

Orain arte esandakoarekin batera, berretsi egiten dugu ezinbestekoa dela Bizkaian Obstetrizia eta Pediatria  zerbitzua deszentralizatzea, Galdakao Barnealdeko Eskualderako zerbitzu horien erreferentzia bihurtuz; erditzeko orduan edota pediatriako ospitalizazio kasuak daudenean beraien erreferentziazko ospitalea urrunen duten eskualdeak gara gaur egun (Lekeitiotik Gurutzetara 75 km). Zerbitzu horiek Galdakaon izan arte, ezinbestekoa da Gernikako Larrialdi zerbitzuetan pediatra bat izatea.

Nabarmendu nahi dugu Osakidetzako langileei zentro berri hau martxan jartzeak suposatzen dien esfortzua, baldintza nahiko prekarioetan hasiera batean, eta etengabeko aldaketetara egokitu beharrean, kalitate handiko zerbitzu bat ematen jarraitzeko.

Azken finean, ospitalea hitzeman zituzten oheekin nahi dugu, zerbitzuen eskaintza zabalduko duen zentro bat, zerbitzu pribatuen kontzertuak kentzea ahalbidetzen duena.

Diskriminatutako eskualdeak izateari utzi nahi diogu, populazio guztiak dituen eskubide berak nahi ditugu!  

Informatu eta zure iritzia emon nahi badozu, etorri zaitez datorren ostegunean, otsailaren 26ean, arratsaldeko 19:30etan Elai-Alai aretoan deitu dogun asanbladara.

Bilatu