Iñaki Etaio eta Asier Ansoleaga
Internazionalistak

Gernika saria: bake abstraktua herrien suntsiketa zurituz

Global Sumud ontzidi humanitarioarekin batera, 2026ko Bake eta Elkarbizitzarako Gernika saria jaso dute Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak, «elkarrizketa, memoria eta gatazken konponbide baketsua sustatzeagatik».

Harridura baino ezin du sortu Aliyevi halako sari bat emateak, Artsakh edo Nagorno-Karabakh izenaz ezagutua den lurraldea bere populazioaz indarkeriaz hustu ostean lortu baitu saria. Aliyevek berak bere poztasuna islatu du sare sozialetan. Bakea lortzeko eta Azerbaijanen eta Armeniaren arteko elkarrizketa bultzatzeko berak egindako ahaleginak aitortzeagatik, eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Gernikako bonbardaketaren biktimen memoria ohoratu du, baita populazio zibilaren kontra egindako edozein krimen gizateria eta zibilizazioaren kontra eginikoa dela adierazi ere. 

Artsakhen gatazka luzea eta konplexua da, baina hango egoera jarraitu duen edonork badaki zein izan den azken 30 urtez Aliyev dinastiak zuzendutako Azerbaijango Estatuaren jarrera. 1923an Sobietar Batasuneko agintariek Artsakh Azerbaijango errepublikan txertatu zuten, nahiz eta historikoki armeniarra izan eta bere populazioa nagusiki armeniarra izan. 1988an Nagorno-Karabakhen oblast-eko Kontseilua Armeniako Errepublikarekin batzearen alde agertu zen eta, 1991n, behin SESB deseginda, Artsakheko populazioak erreferendumen bitartez bere independentzia aldarrikatu zuen gehiengo osoz. Hamarkadetan latente mantendutako gatazka azaleratu eta lau urtez luzatu zen gerra irekia: alde batean Azerbaijan eta bestean Artsakh, Armeniako Estatuaren sostenguarekin. Izan ere, Artsakheko biztanle gehienak armeniarrak ziren (datu moduan, Paxinian kenduta, Armeniako aurreko lehen ministro guztiak Artsakhen jaioak ziren). Armeniarrek irabazi zuten gerra horrek 26 urteko fase ezegonkorra ireki zuen, Azerbaijanek errebantxa hartzeko balio zuena. Armeniako defentsa baliabideak zaharkituta mantentzen ziren bitartean, Bakuk bere indar armatuak  handitu eta modernizatu zituen, petrolio eta gasaren esportazioen diru-sarrera altuei esker. 2020an Azerbaijango indar armatuek gerra piztu zuten, Turkiako ezinbesteko laguntzarekin eta Siriatik bidalitako mertzenario jihadistekin. Potentzia handiko ofentsiba azkarrarekin lortu zuten zonaldearen kontrola eta, urte gutxitan, bertan bizi ziren 150.000 bat armeniarrak kanporatzea lortu dute. Azerbaijango militarren doilorkeria historikoaz jakitun (azken gerran egileek beraiek beren krimenak sare sozialetan zabalduta), beren etxeak atzean utzita, Armeniara ihes egin zuten Artsakheko biztanleek, bizitza salbatzeko. Handik aurrera han bizi zen herriaren aztarna guztiak suntsitzeko operazioari ekin zioten okupatzaileek, bereziki armeniar kultura islatzen duten elementu arkeologikoak jomugan egonik. 

Nagusiki milizianoz osatutako Artsakheko azpiegitura militar ahulek Azerbaijanen gerra-makinari aurre egin ezin izateak eta Armeniako Gobernuak gatazkan era zuzenean ez sartzeko eginiko hautuak errendizioa onartzea baino ez zuten utzi. Erevan eta Bakuren artean sinatutako «bake akordioak» ez ditu aintzat hartu Artsakheko herritarrak (egun Armenian sakabanatuta dauden errefuxiatuak), eta kontrako jarrera zabala izan du Armenian bertan ere. Nazioarteko harremanei dagokienez eta, bereziki, Artsakhi dagokionez, Paxinianen papera oso eztabaidagarria izan da eta bere onarpena gero eta txikiagoa da. 

Azken unean, gainera, Trump agertu zen, Azerbaijan eta Nakhitxevan eremu azerbaijandarra lotuko dituen garraiobidearen eraikuntzan eta kudeaketan parte hartzeko, negozioa egiteko eta zonaldean influentzia irabazteko asmotan. Zangezur korridorea deritzon horri Trumpek bere arrasto nartzisista jarri zion 2025ean Etxe Zurian gauzatutako elkarrizketetan: Trump Route for International Peace and Prosperity (TRIPP). Korridore horrek Armeniako eremua bitan zatituko du eta Azerbaijango asmo espantsionisten beste pauso bat baino ez da, Armeniako hego-ekialdea  bereganatzeko eta ardatz panturkista egikaritu ahal izateko, Turkiatik Turkmenistanera. Artsakh herriaren kontrako sarraskia eta kanporatzea eta Armeniako hegoaldeko berrantolaketa honek nekez ekarriko du bakea. Gehienez, hilerrien bakea, jachkar (eskuz zizelkatutako harrikatze armeniar historikoak) suntsituen bakea. Garaileek inposatutako bakea, azken finean. Inolaz ere diplomazia eta elkarrizketaren bidez eraikitako bakea. Are gutxiago, herrien borondatean oinarritutako bakea. 

2026ko Gernika saria Aliyeven erregimen autoritarioaren zuriketa bat izan da, argi eta garbi. Erabaki hori hartu zutenen informazio faltagatik izan bada, gaiez pixka bat informatzea eskatu beharko litzaieke. Eta nahita eginda bada, gutxi daukagu esateko. 

Bakearen Nobel sariak aspaldidanik zuen galduta bere sinesgarritasuna (Maria Corina Machadoren izena inbasioen bultzatzailea izan zen Barack Obamaren edota herrien odolez erabat lohituta zegoen Henry Kissingerren zerrendara gehitu baino ez zen egin...). Gernika izena duten sari hauek sinesgarritasuna galtzeko bide bera hartzeko hautua egin dute? Egindako hautaketa bake abstraktuarekin apaintzeak ez du balio. 

Aliyeven erasopean hildako, torturatutako, desagertutako eta Azerbaijanen kartzeletan preso dauzkaten armeniarrek eta, oro har, Artsakhetik kanporatutako herriak ez dute merezi halako sarien berririk jasotzea.

Bilatu