Gotzon Elizburu
Ernaiko bozeramailea

Gerra da bakea?

Orwellen munduan, Bakearen Ministerioak gerra etengabea garatzen du. Bere menpeko herritarren atentzioa desbideratu nahi du, gorrotoa eta beldurra betiereko etsaiaren figurara bideratzen ditu, Estatuan bakea bermatu ahal izateko. ‘Gerra da bakea’ dio Alderdiaren eslogan lizunak. Alderdi Polpularrarenak.

Ekainaren 15ean Miarritzen EIPKk gatazkaren konponbidean urrats kualitatibo nabarmena eman zuen, konponbiderako bere ibilbide orria proposatuz. Kolektiboak bizi izandako sufrimendua gainditzeko gatazkaren zioei heldu eta elkarrizketaren bidez akordioetara iristeko beharra eta konpromisoa azaldu zituen. Ez Estatuekin. Herritarrokin baizik.

Testuinguru horretan, Espainiako eskuin mediatikoak atzamarrez seinalatu zituen kolektiboko zenbait kide, Urquijo jaunak Frantziako Estatuari ekitaldiaren aurrean erantzuteko eskatzen zion artean. Frantziako Estatuak berriz ere Espainiakoarekin Valls-a erritmo berean dantzatzen dutela erakutsi du berehala. Astebetean hiru iheslari atxilotuta.

EIPKk irtenbide demokratikorako hiru puntu garbi azaldu zituen bere proposamenean: 1) salbuespenezko legedia bertan behera uztea. 2) Iheslariek bizi duten egoera prekarioa gainditzeko neurriak hartzea eta 3) Eurek sufritutakoaren inguruko egia jakitea. Euren aldetik egia kontatzeko prestutasuna azaldu zuten. Azken puntua da beharbada nabarmentzekoena.

Azken hamarkadetan dozenaka Euskal Herritarrek alde egin behar izan dute etxetik gatazkaren ondorioz. Gorriak bizi izan dituzte; zenbat iheslari desagertu izan diren, zenbat hil dituzten, zenbat kalte. Torturaren atzaparretatik ihes egin nahi eta gerra zikina pairatu dute. Baina ez nahastu. Ez dira duela 20 urteko kontuak. Borreroak milaka aurpegi ditu. Ezin ditugu ahaztu azken urteetako bahiketa espress, desagerpen eta hilketak ere, Jon Anzarena kasu. Edozein Estatu demokratiko lotsagorritu beharko luketen gertarakariak dira. Espainia eta Frantzia? Ez.

Zergatik halako erantzun traketsa Miarritzeko Ekitaldiari? Egia kontatzeko beldur? Errelato bakarraren mobida guztiak Orwellen Munduko Egiaren Ministerioaren gero eta traza handiagoa du. Historiaren berridazketa, hemen gatazkarik ez, Trantsizio inpekablea eta delinkuente sorta bat baino ez dela egon injektatzeko gure buruetan. Kontrakorik esatera ausartu ezkero anaia nagusiak zaindu egiten zaituela gogoraraziko dizute berehala atxilotuz edo ‘terrorismoa goratzeagatik’ inputatuz.

Honela, ‘Gerra da bakea’ leloari jarraituz, edo ezjakintasuna da indarra aldarrikatuz bi egitateren existentzia ukatzea da Espainiako Estatuaren asmoa: eskubide demokratiko batzuen ukazioaren ondorioz gatazka politiko bat egon dela ukatzea edo ezkutatzea, eta ondorioz iheslari politikoen errealitate gordinaren existentzia ukatu edo ezkutatzea.

Espainiako eta Frantziako Estatuek gerran jarraitzen dute. Aieteko Konferentziak konponbiderako bideorria marraztu eta ETAk armak behin betiko utzi zituenetik 20 hilabete iragan dira, gatazkaren izaera armatua transformatuz. Blokeoan gotortu dira estatuak, iheslariak eragin dituen zio politikoari ez eusteko. ‘Gerra da bakea’ eskeman eroso sentitzen direlako.

Egoera hau gainditzeko baldintzak sortu behar ditugu. Belaunaldi gazteenak herri honek bizi izan duenarekiko ezjakintasun eta ezezagutza handia du. Zentzu horretan iheslarien egoeraz ere ezer gutxi daki gure belaunaldiak, errealitate ezkutua izan den heinean. Baina gatazka behin betikoz gainditzeko eta iragan beltza berriz errepikatu ez dadin ezinbestekoa da historiaren alde guztiak ezagutzea. Eta zentzu horretan iheslarien testigantza ezinbestekoa da, beste kolektibo askorenak bezala, gazteok egoeraz jabetu eta aurrera begira borroka egin dezagun.
Ez dugu Egiaren Ministeriorik behar errealitatearen ikuspuntu bakarra inposatu dezan. Ezta Bakearen Ministeriorik ere gerra egiten jarrai dezan. Bakoitzak bere egia kontatu behar du Egia osoa jakiteko eta guztion borondate politikoa behar da gatazka konpontzeko.

Hala ere, iheslarien jarduna ez da soilik beharrezkoa iragana gogoratzeko. Oraina ere badira eta etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko pieza dira. Euren ekarpena ere behar dugu gatazka konpondu eta  Euskal Herri berria eraikitzeko.

Azkenik, konponbide prozesuak aurrera egin dezan, gatazkaren ondorioak alboratu barik, gatazkaren zergatiei heldu eta norabide horretan lan egiten hasi behar dugu Estatuak mugiaraziko baditugu. Gazteok, zeresan eta zeregin handia dugu guzti horretan. Hala egingo dugu. Herria gara arnas.

Bilatu