Amaia Irigoien, Eneko Etxebarria (*)
Iruñeako Haur Eskolako gurasoak

Geu ere kontuan hartzekoak gara

Auzo bakoitzeko Haur Eskolan euskarazko eskaintza bermatu. Iruñean bizi garen hainbat familia gara. Arrosadiakoak, Iturramakoak, Arrotxapeakoak, Donibanekoak, Mendillorrikoak, Alde Zaharrekoak, Zabalgunekoak, Buztintxurikoak, Mendebaldeakoak, Sanduzelaikoak, Etxabakoitzekoak, Txantreakoak... Eta gure auzoan bizimodua egitea maite dugu.

Edozein hiritako herritarrek bezala zerbitzuak auzoan bertan jasotzen ditugu, nola bestela! Pentsa zer litzatekeen Zabalgunekoak osasun etxera Mendillorrira joan behar izatea edo Buztintxurikoak Donibanera eskolara. Arrotxapearrentzat egunerokoan villavesa hartzeko Iturramara joan behar izatea ezinezko jardun bilakatuko litzateke.

Pentsaezina da, ulertezina, bai? Bada, gure seme-alabak euskarazko Haur Eskolara eraman nahi baditugu horrela ibili behar dugu, izan ere, Iruñean dauden euskarazko bi Haur Eskolak Txantrean daude eta. Kexu gara Iruñean oraindik orain bidaia ero hauek egitera behartzen gaituelako Udalak. Bai, bai, gainera gure txikiak aldean ditugula. «Nolatan?» galdetuko du batek baino gehiagok. Geure auzoan ez dugulako euskarazko Haur Eskolarik, ez zaigulako aukera hori eskaintzen gure auzoetako Haur Eskoletan. Gure txikiak euskaraz hazi eta hezi daitezen nahi dugu, eskubide osoz. Gaur gaurkoz, ordea, Iruñeko Udalak eskaintza hori auzo bakarrean egiten du, Txantrean. Pentsa zer den egunero, Iturraman bizita eta Arrosadian lan eginda Txantreara joan behar izatea txikia haur eskolan uztera. Guretzat, gurasoontzat, malabareak egitearen parekoa da, pentsa dezakezuen bezala. Baina gainera gure txikiak goizean goiz bidaia horietan mugitu behar izateak ez du izenik, gure etxetik oso gertu haur eskola egon badagoenean.

Urte luzez Udalari eskatu diogu gure auzoan bertan haur eskola euskaraz eskain dezala eta entzungor egin dio gure eskaerari. Areago, muzin egin dio sikiera matrikulazio garaian gurasooi zein hizkuntzatan eta zein auzotan matrikulatu nahi ditugun galdetzeari. Izan ere, egungo eskaintzaren gaineko eskaria soilik egin ahal izanik, nekez eskatzen du jendeak Txantreakoa ez bada Txantrean haurra matrikulatzea. Batzuk egiten dugu kosta hala kosta, baina ez dugu gustuz egiten, ahalegin handiz baizik. Eta erabat ulertzen dugu beste guraso batzuek ez egitea, alegia, horrelako penitentziarik egin nahi ez izatea.

Kezka handiz bizi dugu Udalaren itxikeria. Gure egunerokoa aldrebestea baino, gure egunerokoa errazteko erabaki arduratsuak hartzea da haien egitekoa eta haiengandik espero duguna.

Gure eskaria entzun dezatela nahi dugu, jaso dezatela egun dagoen eskaintzatik harago, zer den benetan nahi duguna. Aurtengo matrikulazio kanpainan geure seme-alabak non eta zein hizkuntzatan matrikulatu nahi ditugun jaso dezala eskatzen diogu Udalari beste behin, eta noski benetako eskari horren arabera egin dezala auzo bakoitzeko eskaintza. Alegia, herritarroi bizkar emanda baino, herritarroi begira gestionatu dezala hiria. Ez gara ikusezinak, gu ere kontuan hartzekoak gara.

Gai honen bueltan bi hitzorduren berri eman nahi dugu:

Arrotxapean otsailaren 19an 18:30ean Carbonillan egonen den batzar irekia eginen da.

Otsailaren 21ean 12:00etan Udaletxe Plazan kontzentrazioa eginen dugu Udaleko plenoan dauden bitartean aurtengo matrikulazio kanpainan eskari erreala jaso dezaten eskatzeko.

(*) Gutuna guraso hauek ere sinatzen dute: Patxi Pascual, Ainhoa Artxanko, Eneko Romo, Aiala Lopez, Unai Abanzabalegi, Ana Etxauri, Gemma López Sagaseta, Michel Alvarez Bidegain, Pablo San Roman, Maite Mariñelarena, Amaia Urzelai, Mario Zapata, Idoia Olaiz, Josune Garaikoetxea, Xabier Terreros, Ainhoa Irigibel, Amaia Otsoa, Patxi Villares, Aitziber Zaro, Ainhoa Elkoro, Aitor Gastesi

 

Bilatu