Xanti Begiristain Madotz
Euskaltzalea

Gezurra agerian

Ekainaren 17an ikusi nuen telebista batean Nafarroako Parlamentuaren eratzea, ez osorik, baina bai luzaro samarrean, hau da, hantxe gertatu zenaz ideia bat hartzeko nahikoa eta gehiago.

Alegia, ikusi nuen Parlamentuaren eratze gehiena euskara hutsez izan zela, ia-ia parlamentari erdiek euskaraz zin egin edota hitz eman zuten, Parlamentuko Lehendakari berria euskalduna da, Nafarroako hurrengo Lehendakaria ere euskalduna izanen da, non ez den gertatzen egundoko ustekabea behintzat, hogeitaka parlamentari euskaldunak dira, baita UPNko bi ere, eta haietako batek gainera –Cristina Altunak– esan zuen asmoa duela euskara erabiltzeko naturaltasunez (ea egia den)...

Bai, ekainaren 17an berebiziko aldaketa ikusi genuen Nafarroako Parlamentuan, ez sinesteko modukoa izan zen hasiera batean, ikusita, gehien entzuten zen hizkuntza euskara zela. Bitartean, Yolanda Barcinak berak eta bere kide gehienek hantxe egon behar izan zuten, isil-isilik, entzungailua belarrian jarrita, txintik ere protestatu gabe, azken udal eta foru hauteskundeetan nafarren gehienek horrela erabaki zutelako demokratikoki. Eta 13an, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako gainerako udalen eratzeak ikusi ez banituen ere, badakit haietako askotan ere antzeko egoerak gertatu zirela. Eta hori guztia normaltasunik handienarekin, demokraziaren biderik arruntenen barruan, hondamendirik gertatu gabe, tsunamirik pairatu gabe.

Bai, jaun-andreak, aurten ere, aurreko urteetan bezalatsu, UPNko buruzagiak saiatu dira beldurra eta izua barreiatzen Nafarroako gizartearengan, hauteskunde kanpaina osoan, adierazteko beraiek gabe, Nafarroako gizartean anabasa nagusituko zela. Gogoratzen al duzue «euskaldunak etorriko dira!» delako esaldi ospetsu, gezurti eta pozoitsua? Baina, askoren pozerako, ikusten ari gara denok genekiena, baita UPNkoek ere, alegia, euskaldunak inondik ere etorri gabe, hemen ginela duela milaka urtez geroztik. Bestela, nondik atera dira bat-batean, Nafarroan, hainbeste zinegotzi, alkate jaun-andre, idazkari, parlamentari, lehendakari euskaldun, inondik ere erosi, inportatu edota ekarri gabe? Hots, Nafarroan, orain ikusten ari garen hainbeste hautetsi eta kargudun euskaldun hemengoak dira. Inork ez ditu beste inondik ere ekarri behar izan, ez Euskal Autonomia Erkidegotik, ez Ipar Euskal Herritik, ez euskal diasporatik, ez eta munduko beste inondik ere; betidanik hementxe bizi izan direlako.

Hauxe izan da Barcina eta bere jendearen gezur ikaragarri handia, oraintxe muturraren aurrean erortzen eta desegiten ari zaiena, eta, jada, ez diete balio ETAren eta gainerakoen terrorismo aitzakia merkeek.

Oraintxe nahi nukeena da 17an Nafarroako Parlamentuan ikusi genuen euskararen erabilpena ez izatea egun bateko antzezpen eder bat, baizik eta eguneroko funtzionamendu normala, han eta gainerako udal euskaldun guztietan gutxienez, alegia, ez gelditzea itxurakeria hutsean.

Bilatu