Gimenoren gurpila
Nafarroako Lanbide Heziketa beti jira-biraka dabilen gurpila bezalakoa da, egunero ehunka irakasle, ikasle eta ikastetxeren ahaleginari esker eusten dena.
Baina, azkenaldian, gurpil hori aurrera doa, entzungor egitea ezinezkoa den zarata batekin. Etengabe zulatzen ari da, eta kamera aldatu beharrean, norbait adabaki txikiak jartzera mugatu da.
Gimeno kontseilariak, bizikleta hezitzaile honen mekanikari nagusia izan beharko lukeenak, ez omen ditu gurpileko zuloak ikusten.
Greba ez da nahita sortutako matxura bat. Metatutako higaduraren islada da: eskaintzan baina ez baldintzetan hedatu den Lanbide Heziketa, beti aldapan gora pedalei gogor ematen dieten plantillak, eta martxan mantentzeko malabareak egitera behartuak dauden zentruak, Administrazioak etengabe frenoak estutzen dituen bitartean.
Txibite presidentea sillinetik oreka mantentzen saiatzen da, modernizazioa eta bikaintasunaren propaganda egiten duen Hezkuntza Departamentua eutsiz, baina funtsezkoa ahaztu egiten du: gurpil sendorik gabe, bizikleta bakar batek ere ezin du aurrera egin. Eta Lanbide Heziketa, gaur-gaurkoz, trakzioa galtzen ari da.
Nafarroa berrikuntzaz eta puntako industriaz harro dago, baina bere Lanbide Heziketak arekan botata geratzeko arriskua du, konponketa sakona eskatzen duten ahotsak entzuten ez badira. Ez da nahikoa adabakiekin edo aitzakiekin: ardatza berrikusi behar da, koipeztatu eta gurpila puztu.
Izan ere, Gimenoren gurpilak biraka jarrai dezake, bai, baina aurrera egingo du norbaitek behingoz benetan konpontzea erabakitzen badu.