Larraitz Ugarte
Abokatua

Gipuzkoa sí que es pot: Gipuzkoan aldaketa posible da

Datozen hauteskundeak ezker independentistarentzat aldekoenak izan ohi dira eta Gipuzkoan gertuagoko instituzioetan EH Bildurekiko konfidantza handitzen dela ikusita, ez dago inolako arrazoirik berriz ere Gipuzkoan lehen indarra izateko aukera errealak ez daudela pentsatzeko.

Lagun batek maileguan utzitako izenburu horrekin hasi nahi dut gaurko artikulua. Hauteskunde kanpaina betean sartu gara ostera be eta azken aldian ezker independentista hegoaldeko lurraldeetako emaitzei begira egon den bitartean (eta ez dut esan nahi hauek garrantzitsuak ez direnik), begirada pixka bat iparrerago pausatu nahi nuke, historikoki mugimendu honen territorio bastioia izan den honetara, Gipuzkoara.

Gipuzkoan, bakegintza eta legalizazio testuinguru bateko txanpak eramanda, 2011-2015 artean gobernu, ezkertiar eta aurrerakoiak ezarri ziren han hemenka urteetako erregimenaren politikak irauliz. Urte horietan Gipuzkoako udal gehienak eta Foru Aldundia kudeatzea tokatu zen eta 2015eko galerak utzitako aparraren gainetik gauzak oso ondo egin zirela esatea gustuko dut. Ondoren egin zen irakurketa publiko katastrofistak gehiago du infantilismo politikotik, antsietate kolektibo gaizki kudeatutik, lasaitasunez eta zorroztasunez egindako azterketa objektibotik baino. Areago, «klima dramatikoak» eraginda, EH Bildu bozkatu zuten 103.000 bozken balioa enoratu eta bozkatzaileekiko errespetu falta bat izan zela esango nuke. Ez ziren kanpo faktoreak neurtu eta arerio politikoek lau urtetan ezarritako marko literarioa irentsi genuen. Denborak ematen duen perspektibatik, irakurketa finagoak eta faktore ezberdinen eragin eremuaren tamaina hobeto ikusi dela esango nuke.

Hona hemen baieztapen hauek justifikatzeko hainbat datu: 2011an 119.094 bozka lortu zituen Bilduk, Aralarrek 17.230. EAJrentzat izan ziren 80.855 bozka eta 8.660 izan ziren Hamaikabatekoak. Elkarrekin Podemos ez zen jaioa oraindik, Hamaikabat berehala desagertu zen eta Aralarreko sektore batek alde egin zuen nabarmen seguruenik EAJren altzora. 2015ean Bilduk ateratako 103.000 bozkak gertu egon ziren EAJk atera zituen 113.000rengandik. PPk 15.000 bozka utzi zituen bidean eta Podemos sartu zen 43.000 bozkarekin. EH Bilduren galera zaila da neurtzen Aralarreko deskontutik zenbat EAJra eta zenbat EH Bildura joan ote ziren ez dakigulako… Halere Podemosek zati bat jan zuela argi dago, batik bat PSEk emaitzak mantendu zituela kontutan hartzen badugu. Garai horretako argazkia bukatzeko, EH Bilduren galera baino azpimarragarriagoa izan zen EAJren gorakada nabarmena. EAJk EH Bilduren aurkako bozka asko bildu zituen, boto espainiarzale asko, egiari zor. Guztia kontutan hartuta ere, eskainu batera, bakar batera, geratu ziren EAJ (18) eta EH Bildu (17), ondoren egin zen irakurketa eta pasa den doluaren tamaina ikusita, erabat desproportzionatuak izan zirelarik, bistan denez. Harrezkero 2016ko hauteskunde autonomikoetan eta azken hauteskunde orokorretan tartea 18.800 eta 23.200ekoa izan da hurrenez hurren. Objektiboki huskeria bat 2011ko tartea EH Bilduren alde ia 39.000 bozkakoa izan zela kontutan hartzen badugu.

Datozen hauteskundeak ezker independentistarentzat aldekoenak izan ohi dira eta Gipuzkoan gertuagoko instituzioetan EH Bildurekiko konfidantza handitzen dela ikusita, ez dago inolako arrazoirik berriz ere Gipuzkoan lehen indarra izateko aukera errealak ez daudela pentsatzeko. A28ko txanpa hartuta, herrietan eratzen ari diren hautagai eta ekipoetan ikusten den ilusioaz kutsatuta, baldintzak badira datozen bi astetan gogor lehiatzeko. Aste honetako inkesten arabera, EH Bildu eta EAJ bozkatu dutenen bozka fideltasun maila %88 eta %87an bermatuta dago hurrenez hurren eta %30aren bueltan dago bozkatuko dutenen inkognita EAE mailan, ez da gutxi!

EAJk egin du lehia gogorraren irakurketa honezkero eta horren froga da asteon Markel Olano EAJko ahaldun nagusi gaiak egin dituen adierazpenak kanpaina izango denaren posizioa finkatzeko orduan: «Gipuzkoan EAJ edo ezker abertzalea izango dira aukerak, iragana edo geroa (EAJrekin nahikoa iragan eduki ez bagenu bezala)». Berriz ere alderdi popularraren bozkak bereganatzeko ahaleginetik ere badu adierazpenak baina argi dago mezu horrekin EAJk aukera erreal bat bezala ikusten duela berriz ere Gipuzkoan EH Bilduk irabaztea. Horren adierazle da ere Andoni Ortuzar buru, EH Bildu PPrekin lotze nahia, PNV eta PSEren biktima izaera salduz. Kartak jarrita ditu EAJk mahai gainean.

Bitartean ezker independentistak zer? Jatorrenak eta zirku mediatikora gutxien jaisten direnak izatea ez da nahikoa. Kanpainetan norbera zer den adinako garrantzia dauka besteen posizioak zein diren ikustaraztea. Gonbaratu behar ondo aukeratu ahal izateko. Kudeatzaile onak izatea ere ez da nahiko, bistan da, esperientziak erakutsi digunez. Hauteskundeak irabaztea, lehen erronka; udal gobernuak eta Foru Aldundiaren gobernua eskuratu eta mantentzea bigarrena. Ezinbestekoa da instituzioetan egin daitekeen lanari behar bezalako garrantzia ematea eta ezinbestekoa gobernu aurrerakoi eta independentistak eta eraldaketa sozialak izan behar duten tentsio hartueman logikoa ondo kudeatzeko behar bezalako eztabaida ematea gobernu horiek mantendu nahi badira.

Markel Olano, Gipuzkoako botere faktikoen erritmo eta desiopean berriz gobernatzen ikustea edo Juan Karlos Izagirre, gobernua herritarren zerbitzura ipini eta gehiengoen interesen defentsan gogor arituko dena izatea. Adinekoen egoitzetako greba, inori kontsultatu gabeko erraustegiaren exekuzioa, aberatsenei zerga maila jaistea, politika ekonomiko bakartzat Gipuzkoa parke tematiko bihurtzeko saioa eta PSErekin ententea egitearen arduradun zaharkitua batetik, edota zerga politika kohesionatzaileak, gizarte zerbitzuen hobekuntza eta lehentasunak pertsonetan jarriko dituen hautagai freskoa, bestetik. Hortxe bi aukera posibleak: maiatzak 26koa izan dadila Olanori agurra eta Izagirreri ongietorria ematen dion hauteskunde gaua, merezi eta ahal baitugu.

Bilatu