Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdeko Departamenduaren konpromiso eza
Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin baitio; besteak beste, 2023ko Gipuzkoako Herritarren Batzarrean, landa-eremua eta klimarekiko landutako gomendioen artean, nekazaritza ekologikoa sustatzeko estrategia garatzeko eskatu baitzitzaion Aldundiari.
Paper bustiak ezin izan dio eutsi erauntsiari, eta Gipuzkoan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ari garenok eta horretarako asmoa dutenak mela-mela eginda bukatu dugu. Berdea bai, baina gure bueltako giroa.
Lurralde Oreka Berdeko departamenduak, pasa den martxoaren 27an, Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuen Lurralde Historiko horretan ingurumen konpromisoetarako, konpromiso klimatikoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko deialdia. Diputatuen Kontseiluak 2025eko martxoaren 18ko bileran konpromiso horiekin guztiekin hartutako erabakiaren berri ematen da bertan.
Aldizkarian bertan irakur daiteke: Diru-laguntza horien xedea da Gipuzkoako nekazariei konpentsatzeko laguntzak ematea, helburu hauei begira:
1. Klima aldaketara egokitzen eta haren ondorioak arintzen laguntzea, eta, horretarako, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, karbono atzipena hobetzea eta energia jasangarria sustatzea
2. Uraren, lurzoruaren, airearen eta, oro har, baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa efizientea sustatzea, baita mendekotasun kimikoa murriztea ere
3. Biodibertsitate galera geldiarazten eta lehengoratzen laguntzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea
4. Europar Batasuneko nekazaritzak elikaduraren eta osasunaren arloko gizarte eskakizunei ematen dien erantzuna hobetzea, modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagai seguru eta nutritiboen eskaria barne, eta, horretaz gain, elikagai gutxiago alferrik galtzea, animalien ongizatea hobetzea eta mikrobioen aurkako gaiekiko erresistentziari aurre egitea.
Diruz lagun daitezkeen esparruak hauek dira: ekoizpen integratua (Eusko Label, adibidez), larreen sustapen eta kudeaketa jasangarria, biodibertsitaterako erlezaintza, nekazaritza ekologikoa eta baliabide genetikoen kontserbazioa (sagardotarako sagarrak eta bertako animalia arrazak).
Esparru guztietan zehazten dira helburuak, bete beharreko baldintzak eta abarrak. Baita lur-azalera konprometituaren aldakortasuna ere. Horri dagokionez, lan arlo guztietan urtero handitu egin omen daiteke azalera, eta gehikuntza horiek dagoen aurrekontuaren arabera ordainduko dutela dio testuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio onuradunei diru-laguntza osoa ordaintzea. Zenbateko horretan sartuta daude LGRNF-FEADERtik ordaindu beharrekoa eta Aldundiak berak finantzatu beharreko zatia.
Honaino dena ongi. Ezustekoa eta zaparrada, ordea, etorri zaizkigu nekazaritza ekologikoaren irizpideen arabera lanean gabiltzan baserritarrontzat eta ekologikoan hasi nahi dutenentzat. Landa Garapenaren bulegora, lur-sailen deklarazioa egitera joandakoan, izan dugu bigarren eranskinean jasota dagoenaren berri. Halaxe dio betekizunak eta onuradunak zehazten dituen atalak:
2. Betekizunak eta onuradunak.
Nekazaritza ustiategien titular diren pertsona fisiko eta juridikoek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, baldin eta aurreko atalean aipatutako erabakiaren bidez onartutako bigarren oinarri arautzailean ezarritako baldintzak bete, eta aurreko urteetan konprometitu eta oraindik indarrean dauden konpromisoak badituzte (2023 eta 2024an hasitako konpromisoak). Kasu hauetan ez dira konprometituriko azalera ALU (animalia larrien unitatea) edo erlauntza kopuruen konpromisoak handitu ahal izango.
Halaber, konpromiso berriak eskatzen dituzten eskaerak ez dira onartuko.
Puntu hori dela eta ukatu digute ekologikoan ari garen nekazarioi eta abeltzainoi konprometitutako azalera handitzeari diru-laguntza, baita lur-sail bati alta eman dion ekologikoan instalatu berri den baserritarrari.
Eta ekologikoan jarritako lurren konpromiso berriei zegozkien diruak nora joango dira? Zertan inbertituko ditu Lurralde Oreka Berdeko departamenduak, traktore, pabiloi eta jezteko robota gehiago diruz-laguntzeko?
Harrigarria baino harrigarriagoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen konpromiso berriekin lotutako diru-laguntzarik gabe uztea. Baita berak Herritarren Batzarkideekin hartutako konpromisoei muzin egitea –zertarako aritu ziren, bestela herritar haiek lanean?–. Zaila baino zailagoa da ulertzea nekazaritza ekologikoan ari diren abeltzainak eta nekazariak diru-laguntza horiek gabe uztea, jakinda, gainera idatzi honen hasieran aipatutako helburuak guztiz betetzen ditugula.
Are gehiago, nolatan jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Europatik datozen zuzentarauen kontra? Non geratzen da Itun Berdearen muina den Baserritik Mahaira estrategia? Nola uler daiteke Aldundiak diru-laguntzarik gabe uztea ekologikoan ziurtatzen diren lur-sail berriak, jakinda 2030erako, Europak agindu bezala, Euskadiko azaleraren %25ak ekologikoan egon behar badu eta egun %5a soilik ziurtatuta dagoenean? Nola oztopatu daiteke modu horretan ekologikoan instalatzeko diren baserritarren proiektuak?
Zoritxarrez, ez da lehen aldia GFAk eredu ekologikoa desoreka berde honetan blaitzen duen, eta are gehiago agroekologikoa. Izan ere, baserritarrok herritarrok elkarrekin, agroekologiaren lanketan eta sustapenean ari diren zenbait kontsumo-eta nekazari-elkarte eta kooperatibek Elikadura Jasangarria lerro nagusitzat duen GFAren Etorkizuna Eraikiz-Misioak programaren 2023ko eta 2024ko diru-laguntzetara aurkeztutako proiektuak baztertuak izan ziren. Onuradunak nortzuk izan ziren ikusita, argi geratu zitzaigun paperera mugatu behar dela elikaduraren jasangarritasuna, lurreratu gabe.
Gipuzkoako jendartearekin gure konpromisoak betetzen ari gara nekazari eta abeltzain ekologikoak, zintzo; oraingo Gipuzkoako jendearekin eta etorkizunekoarekin.
Horixe bera eskatuko diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, maiatzaren 15ean, Baserritarron egunean, eguerdiko 12.00etan, diputazioaren egoitzaren aurrean: herritarrekin eta Europarekin dituen konpromisoak betetzeaz gain, honetan eskuduntza duen departamendua izenaren jabe egin dadin, eta jasangarritasun berde orekatua lurreratu dezan.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.