Gizon heterosexualak eta literatura-feminista: hausnarketa bat
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua, bederen). Politika eta politikaren inguruan irakurtzea gustoko duena (baina politika erreala, eguneroko politika, kaleetan egiten dena, auzoetan, herrietan, auzolanean; eta ez soilik politika instituzional monotono eta «demokratikoa»).
Eta hori hala izanik, nola izan daiteke orain arte feminismoa jorratzen duen libururik irakurri ez izana? Eta ni bezala nire inguruko hainbat gizon heterosexual ezkertiar.
Esan dezagun orain arte ez nintzela «ausartu» liburu feminista batean barneratzen. Liburutegi eta liburu-dendetan bai, hartu, barrutik begiratu, zenbait esaldi irakurri eta baiezko keinuak egiten nituen buruarekin. Oso ongi baitakigu ezkertiarrok «la revolución será feminista o no será» lema, eta sakonki eta zintzoki sinetsi ere. Dena den, en el momento de la verdad, zeozerk atzera botatzen gaitu «feminista» etiketa duen liburu bat hasieratik amaierara irakurtzeko. Agian gure barnean, subkontzienteki, «hau emakumeek irakurriko dute; azken finean, haiek dira opresioa jasaten dutenak, eta beraz haiek egin behar dute iraultza» pentsatzen edota sentitzen dugu, aldaketak lortzeko lanaren pisu eta ardura guztia emakumeen gain jarriz, eta gure ardura guztiz alboratuz. Agian beldur gara, nahiz eta gure intentizo hoberenarekin eta mentalidade irekiarekin joan, bertan topatuko dugun zerbaitek deseroso sentiaraziko gaituelakoan? Agian adjektibo batzuk guztiz ez ulertzeagatik (cis, heteronormatibo, intersekzional...) «mareatuko» edo galduko garela uste dugu? Edo agian ez gara hain gizon sentitzen portadan «feminista» hitza edo bere familiako beste bat duen liburu bat irakurtzen ikusten bagaituzte?
Egia esan, ez dut erantzunik, eta kritikoki eta zintzoki egiten dizkiot galdera hauek nire buruari. Baina gizon ezkertiarren gehiengoa liburu feministak irakurtzen ez ditugula ziur nago, arrazoiak arrazoi.
Ba, duela aste batzuk, María del Mar Ramón-en «Coger y Comer sin Culpa: El Placer es Feminista» irakurri nuen, liburudenda batean kasualidadez topatu ostean. Behin honetan, kuriositateak hesi subkontizente guzti hauen gainetik egin zuen jauzi. Eta pozik nago irakurri izanaz.
Izenburuak beste zerbait pentsarazi gaitzakeen arren, liburuak esperientzia eta emozio gordinak eta gogorrak ekartzen dizkigu. Deseroso sentitu izan naiz zenbaitetan, bai; gure generoarekiko eta gure sistemarekiko haserrea sentitu dut gero. Idazleak ez ditu jasan telebistan entzuten ditugun muturreko bortxaketa grupalak edota heriotzan amaitzen den indarkeriarik; baizik eta emakume guztiek bizitzan zehar jasan behar izaten dituzten indarkeriak. Baiezko espliziturik gabeko sexua, indarkeria berbala bikotean, botere asimetriak adin diferentzia handiko bikoteetan, bulimia eta gorputzarekiko ondoeza, masturbazio femeninoaren eta desiraren ukapena, eta abar luze bat. Horregatik liburu hau hain indartsua da, alde batetik emakumeak hau irakurtzean hainbat egoeratan islatuta sentitzen direlako; eta beste batetik, gizon heterosexualoi ikusten ez ditugun (edota ikusi nahi ez ditugun) emakumeen kontrako indarkeria asko haien hitzekin eta sentipenekin entzun ahal ditugulako. Horri guztiari, latza izan arren, itxaropen eta optimismo kutsua eman nahi dio, «no estamos rotas o magulladas», «no estamos para tirar» esanez.
Gehiago ez luzatzearren, uste dut eta zintzoki gomendatzen dut gizon heterosexualok ere literatura-feministarekin «ausartzea». Proposatzen dizuedan liburuarekin, adibidez, edota zuen lagunek, bikoteek, arrebek, alabek... gomendatzen dizueten batekin. Aldaketa lortzeko ezinbesteko pausu bat delakoan ziur nago.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.