Mikel Soto
GAUR8

Grabitazio eremua

Halabeharrez galdu banuen ere, niri, hainbeste iruindarri bezala, luzaroan geldituko zait gogoan Nabarreria plazako herri harresia, historikoa izan baitzen. Historikoa egite hutsa eta historikoa han bildu ziren belaunaldi eta sektore guztien erantzuna.

Luis Goñi gaztearen atxiloketaren eta bortxazko hustearen hurrengo egunean Bilduk eta Aralar-Nabaik mozioa aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan poliziaren jarrera gaitzesteko. Mozioak ez zuen aurrera egin UPN, PP eta PSNren kontrako bozekin eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin (Geroa Baik ez du bozeramaile mahaian parte hartzen). Gaiari buruz galdetuta, I-Eko bozeramaile Jose Luis Nuinek eta Geroa Baiko Manu Ayerdik ez zuten gauean gertatutakoaren baloraziorik egin nahi izan behar beste informazio ez zeukatelako. Aitor dut eufemismoak min eman zidala, bistan baitzegoen informazioa izateko aukera izan zutela eta esan nahi izan zutena «ez dut saltsa horretan sartu nahi» izan zela. Geroztik, prentsan eta bi taldeen webguneetan Nabarrerian gertatutakoaren inguruko haien iritziaren bila ibili naiz, badaezpada ere, baina, bistan da... bistan zegoena, aipatu politikarien ihesbide hutsa zela. «Arriskutsua» zeritzoten zerbaitetan ez bustitzeko profesional batzuen erantzun zabarra.

Badakit ez nukeela horrelako kontu batengatik gogaitu behar. Politika(keria) hutsa da; ulertzen dut mekanismoa; badakit Nafarroan aldaketa politikoa lortu nahi duten indarren artean zein aldera kulunkatzen den bakoitza eta abar. Baina bihotza –edo hurkoaren azala– oraindik bero daukazunean, kostatzen da egonarriari eustea. Urteak eman ditugu entzuten biolentzia gabe dena posible zela; intsumisioarena, hura bai izan zela behar bezalako borroka bat; biolentzia zela abertzale guztiak batzeko oztopo bakarra, eta abar. Abertzaletasunetik edo ezkerretik tranpa ugari egin dira estrategien desadostasuna azaltzeko (ezkerreko abertzaletasunetik egin diren bezainbeste, segur asko). Desobedientzia zibilari buruz hitz egiterakoan niretzat beti argi egon da zerbaiten alde hil arteko gose greba gandhiar bat egiteko prest zegoen jende bakarra, hain zuzen ere, zerbait horren alde hiltzeko prest zegoen jende berbera zela. Bestalde, abertzale gisa, aitor dut independentista guztioi EAJrekin gertatzen zaiguna gertatzen zaidala niri ere: azken traizioa lehena bezala bizitzen dudala beti.

Agerian dago egungo EAJren jarrera ezker abertzalearekiko: Urkullu lehendakaria ez da gai EH Bilduko kargu publiko batek grabatutako agurra entzuteko ere. Jeltzaleen belaunaldi berriak ezin du ezker abertzalea ikusi, ezin du jasan, eta, jasatekotan, politikari profesional gisa jasango dute, kamerek exijitzen duten bezainbeste. Eta, bistan denez, hainbat kasutan ezta hori ere. Nafarroan, eskuin espainolarekin dagoen lehiak sortu beharko lukeen kohesio efektuaren gainetik, EAJren politika sektarioa oinarrizkoak beharko luketen adostasunetatik harago dago. Adibide mingarri bat ematearren: Nafarroako Ikastolen Elkarteko komisario politiko jeltzaleek ikastolen proiektu nazionala oztopatzeko edozertarako prest badaude, zer itxaron dezakegu politikari profesional horien jardunetik? Dirudienez, egungo eredu-krisian ezer gutxi.

Baina mugimendu guztien oinarrietan badago egoera politiko berriaren potentzialitatean sinesten duenik. Haiek parte hartzen dute haien alderdi eta koalizioek babesten ez dituzten mobilizazio eta dinamiketan. Haiek daukate aukera Nafarroan I-E ezkerrera kulunkatzeko. Haiek daukate aukera Geroa Baiko Ayerdiren «ez dakit/ez dut jakin nahi» eta Uxue Barkosen «begi onez ikusten dut herri harresiaren desobedientziazko erantzuna» jarrera bakar eta koherente bihurtzeko. Agerian gelditu da Nabarrerian, ikastoletan, alderdietan, sindikatuetan eta gizarte mugimenduetan lanean dauden sektore horietan badagoela behar beste adostasun eta erabakitasun egungo gizarte eta dinamika politikoak ezkerreko proiektu nazional baten aldera kulunkatzeko.

Hori da egungo grabitazio eremua.

Bilatu