Unai Bilbao Solaetxe*
Euskal preso politikoak, Granadako espetxean preso

Granadako espetxean emakumeek zigor bikoitza

Gutun honen bidez, Alboloteko Euskal Preso Politikook azken asteotan espetxean gertatukoaren harira, ondorengoa adierazi nahi diogu euskal jendarteari:

Gutun honen bidez, Alboloteko Euskal Preso Politikook azken asteotan espetxean gertatukoaren harira, ondorengoa adierazi nahi diogu euskal jendarteari:

Maiatzaren 18an gure bi kide, Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado, isolamendura eraman zituzten bertan denbora mugagabean uzteko asmoz. Bada, jarraian espetxearen erabakiaren nondik norakoak azaltzen saiatuko gara.

Badira bost urte emakumeen 9. moduluan lan behartuak egitera derrigortu zituztenetik. Goiz batean, patioko komunak begiztatu ondoren, zikinak zeudelakoan, presoekiko jarrera txarrak zituen funtzionario bat patio erdian jarri eta bertako emakumeei builaka hasi zitzaien: mari-zikinak zirela oihukatuz iraindu zituen, baita une horretatik aurrera komunak garbitzeko ardura emakume guztiena izango zela esan ere. Geroztik, funtzionario horren haserrealdiak bertako emakume preso guztiengan izan du eragina, eta hori berori inon idatzita ez dagoen arau bihurtu da.

Esan beharra dago 9. moduluan, eta «errespetuzkoak» ez diren gainontzeko guztietan, betidanik egon dela komuna garbitzeko «destinoa» (destinoak presoek onuren truke borondatez egiten dituzten lanak dira). Alabaina, «errespetuzko» deritzen moduluetan preso guztiak hainbat lan egitera behartuta egoten dira.

Errespetuzkoak ez diren gizonen moduluetan, berriz, inor ez dago behartuta komunen garbiketa egitera; lehenago esan bezala, onuren ordainetan lana bera «destino» hori duten preso boluntarioek egiten dutelako. 9. moduluko emakume guztiak horretara behartzeak argi eta garbi adierazten du zuzendaritzaren erabakia erasokorra eta matxista dela.
 
Horrela, Agurtzanek eta Ainhoak hasieratik uko egin diote derrigorrezko lan hori egiteari espetxeari esanez eginbeharreko hori betidanik «destinoa» izan dela, eta ez dela bidezkoa presoak lan horretara behartzea. Kideez gain, 9. moduluko beste emakume multzo batek ere protestari jarraitu dio. Horren ondorioz, baina, uko egin duten emakume preso guztiek zigorrak jaso dituzte behin eta berriro.

Egoera horretan, espetxeak arazoa handitu du, eta Ainhoa zein Agurtzane mehatxatu ditu: «o limpiais o vais a aislamiento indefinidamente». Zuzendariak erabaki irmoa hartu du: maiatzaren 18an bete zuen mehatxua. Eta bere jokaera zuritzeko adierazi du kideak lehen graduan daudelako eraman dituztela isolamendura. Halere, zentzurik gabeko adierazpena da kideek jada urteak daramatzatelako bigarren graduko moduluan bizitzen. Benetako arrazoia, ordea, 9. moduluko gainontzeko emakumeak beldurtzea izan da euskal preso politikoen aurka joz, eta beren ohiko izaera erasokorra erakusteko asmoz. Dena dela, 9. moduluko emakumeen erantzuna ez da izan zuzendaritzak espero zuena, moduluko ia preso guztiek zuzendaritzaren erabakiaren aurka agertu eta gure kideei elkartasuna adierazten dien idazki bat sinatu baita bidali ere egin baitiote zuzendaritzari. Finean, erakutsi nahi izan dute arazoa guztiona dela, ez bakarrik isolamenduan dauden bi kideena.

Horregatik guztiagatik, oso erabaki larria dela deritzogu. Emakumeak derrigorrezko lanak egitera behartu nahi dituzte, nahiz eta era horretan bertako arauen aurka nahiz errespetuzko ez diren gizonezkoen moduluetan jokatzen den moduaren aurka jo.

Ez leku horien oinarria gorputzen kontrola da, eta emakumeek are kontrol larriagoa pairatzen dute. Espetxea gizonezkoentzako pentsatua izan da; bai eraikuntza fisikoari bai ideologikoari dagokionez. Horrek estigma bikoitza dakarkio emakumeari: preso izatearena, eta emakume txarra izatearena ere bai. Hortaz, zuzendaritzaren jokaera erasokor, patriarkal eta matxistak aipatu estigmatizazioa areagotzen du.

Hamaika adibide dira horren guztiaren erakusle. Esaterako, kartzelara heldu berritan, zuzendariak alor soziokulturalean eskaintzen diren hezkuntzarekin loturiko ikastaroetara gizonak eta emakumeak elkarrekin ateratzea debekatu zuen. Antza, harreman sexualak ekiditeko asmoz, horrekiko etengabeko obsesioa du-eta. Azken horrek, agerian uzten du zuzendaritzak presoekiko duen epai morala. Ondorioa, ordea, beste behin ere emakumeek sufritu dute. Gizonezkoek ez bezala, horrelako ekintzetarako prest ez dauden euren moduluetan isolatu baitituzte ikastaroak jarraitzeko orduan. Egun, soziokulturalari dagokionez, ikastaro eta une batzuetara besterik ezin baitira atera, beti gizonezkoengana gehiegi ez gerturatzeko mehatxupean.

Bestalde, espetxean ordaindutako «destino» edota lanak, adibidez: iturgina, mantentze-lana, arotza, ekonomatoa, paketeria... gizonezkoentzako dira. Espazioen zein arroparen garbiketa eta sukaldea, aldiz, emakumearentzat.

Halaber, aipatzekoa da zuzendaritzak senideen aurrez aurrekoen inguruan harturiko erabakia. Bada, debekatu zituzten bikotekidearekin soilik egitea, horregatik, beste senide batek izan behar du bertan. Azken erabaki hori ere zuzendaritzak presoen sexualitatearen kontrolaren gainean duen obsesioaren ondorioa da, jakina, aurrez aurrekoetan harreman sexualak ekiditeko. Nork eman dio, ostera, norbanakoaren sexualitatearen gainean erabakitzeko eskumena?

Kide batzuok epaitegian kexa aurkeztu dugu, eta zuzendaritzaren pentsamendu atzerakoiaren erakusgarri epaia gure aldekoa izan da. Hona hemen epaietan esandako zenbait: «...la direccion sospechó que la visita familiar iva a ser utilizada de nuevo para manetner relaciones íntimas y en defensa de los valores familiares acordó que a alas visitas familiares que acudiese su compañera sentimental debia acudir, al menos, otro familiar para evitar que el interno y su compañera aprovechase la visita familiar para tener realciones íntimas».  «...la obligacíon de que a las comunicaciones del interno con su compañera sentimental acuda una tercera persona para que actuando a amodo  de las tradicionales ‘carabinas’, evite con su presencia los contactos íntimos entre el interno y su esposa o compañera sentimental durante las visitas familiares carece de cualquier apoyo legal».

Zuzendaritzaren jokamoldea, arazorik ez dagoen tokian arazoak sortuz eta ondoren irtenbide despotikoak emanez, arazo berrien iturri besterik ez da 1500 preso bizi garen ez leku honetan. Euskal Herria aurrerapausoak ematen ari den honetan, horrelako jokamoldeek ez dute inolako lekurik. Guk ez dugu etorkizuneko Euskal Herri askean horrelako izaera eta jokabiderik duen erakunderik nahi. Beraz, gaur egungo egoerarekin amaitzea eskatzen dugu: batetik, emakumeekiko erasoekin amaitzea; eta, bestetik, Ainhoa eta Agurtzaneren berehalako isolamendu egoera bukatzea.

Euskal gizarteari elkartasuna eta babesa eskatzen diogu, eta aurrerantzean egingo ditugun ekinbideetan denon partaidetza bultzatu nahi dugu. Horretarako, hain zuzen, kalerakalera.eus helbide elektronikoan izango duzue gure berri.

*Granadako espetxeko euskal preso politikoek sinatua: Arkaitz Agote Cillero, Iban Apaolaza Sancho, Txetxu Barrios Martin, Iñaki Beaumont Etxebarria, Unai Bilbao Solaetxe, Egoitz Coto Etxeandia, Agurtzane Delgado Iriondo, Unai Lopez De Okariz, Imanol Miner Villanueva, Ainhoa Mujika Goñi, Jon Olarra Guridi, Asier Rodriguez Lopez eta Diego Ugarte Lopez De Arkaute.

Bilatu