Itziar Abad
Medicusmundi Bizkaiko kolaboratzailea / Pikara Magazine

Gu geu gara gure eskubideen jabeak

«Emakumeak sexu eta ugalketa eskubideez eraginkorra den modu batean baliatu ahal izateko, gai honen inguruan indarrean dauden lege mugatzaileak aztertu behar dituzte estatuek, emakumeen benetako interes eta beharrak aniztasunean erantzun dituzten politika publikoak eta zerbitzuak oztopatzen dituztelako.»

Emakumeen mugimenduak eta mugimendu feministak argi dauzkate sexu eta ugalketa eskubideen inguruko eskakizunak. Alde batetik, eskubide sexualak, eta ez bakarrik ugalketaren ingurukoak, giza eskubidetzat hartzea eskatzen da. Bestetik, estatuek emakumeentzako osasun sexual eta ugalketako doako zerbitzu integralak edukitzea. Aipatutako zerbitzu hauek metodo antikontzeptiboak, larrialdiko kontrazepzioa, familia plangintza, haurdunaldirako egoki diren kontrolak eta segurtasunezko erditze zein abortua eskura izatea bermatu behar dituzte, baita sexu transmisiozko gaixotasunak eta GIB infekzioen tratamenduak ere, besteak beste. Era berean, gai hauen guztien gaineko hezkuntza eta informazio baliabideak biztanleriaren eskura jartzeko eskatzen diete estatuei.


Abortuarekin batera, identitate sexu-generikoak errespetatzea da eskakizunen gai nagusienetariko bat. «Erabakigarria da LGTBQ pertsonen beharretara egokituta dagoen osasun publiko bat; trans-ek nortasun agiria izateko eskubidea, baita lesbianek, indarkeria zuzentzailea sufritu barik, kaletik ibiltzeko aukera izatea ere», aitortu du Maria Jose Rosalesek, Guatemalako La Cuerda elkartekoak. Ekintzaile honentzat, «erronka nagusia da aztertzea erregimen heterosexualak nola baldintzatzen duen gure bizitza eta, batez ere, gure sexualitatea».


Nahitaez, eskakizun hauen lorpenak berarekin dakar emakumeen autogestioa, genero berdintasuna, indarkeriarik gabeko bizitza eta emakumeak beraien gorputzen burujabeak izatea. Eskakizun hauek oinarrizko eskubideen errespetua baino ez dute eskatzen; hori dela-eta, ez dira burugabeak izango inorentzat. Hala ere, hemen eta han, estatuen interbentzio mugatzaileekin eta gogogabetasunarekin talka egiten dute behin eta berriz, gehienetan kontserbadurismoak eta fundamentalismoak direla-eta. Gainera, eskakizun hauek gatazka latz batean sartzen dira baita Eliza katolikoarekin ere –edota ideologia erlijiosoa duten beste instituzioekin–, zenbait estatu, askotan, bat etortzen baitira, harmonia osoz, instituzio horiekin.


Emakumeak sexu eta ugalketa eskubideez eraginkorra den modu batean baliatu ahal izateko, gai honen inguruan indarrean dauden lege mugatzaileak aztertu behar dituzte estatuek, emakumeen benetako interes eta beharrak aniztasunean erantzun dituzten politika publikoak eta zerbitzuak oztopatzen dituztelako. Hau gerta ahal izateko ezinbestekoa da estatuak laikoak izatea. «Estatuek biztanleria osoaren eskubideak bermatu behar dituzte eta erlijio monoteistak –nahiz eta ez horiek bakarrik– emakumeen eskubideen kontra daude. Eliza katolikoa, esate baterako, gure eskubideen aurka beligerantea izateaz gain, emakume eredu negargarri baten bultzatzaile da. Hori dela-eta, erlijioaren aldetik politikan legez kontrako interferentziarik ez egoteko ezinbestekoa da estatuak laikoak izatea», azpimarratu du Teresa Maldonadok, FeministAlde! elkarteko ekintzaileak.


Gainera, politika publikoek biztanleria harrapatzeko erabiltzen duten kokapen neutrala deuseztatu behar dute, genero perspektibara joz. Natalia Navarrok, genero berdintasunaren aldeko erakunde aldaketan adituak, ondo azaltzen duen bezala, ikuspuntu hori «emakume eta gizonen arteko desberdintasunekiko sentikorra den interpretatzeko erreferentziazko markoa da. Ikuspuntu horrek, gainera, garapena eta demokrazia pertsonengan zentratuta egon behar diren prozesuak hartzen ditu, berdintasun printzipioan oinarritutako zimendu etiko batez».


Borondate politiko ezaren aurrean, gobernuek baliabide ekonomikoak eta mekanismoak bideratu behar dituzte emaku- meen giza eskubideekin begirunetsuak diren politika berriak betetzea posible izateko. Era berean, parte-hartze kanalak sortu edo egokitu behar dituzte, emakumeen mugimenduak eta mugimendu feministak politika horietako diseinu, jarraitze eta ebaluazioan dauzkaten eskakizunak lortu ahal izateko.


Aipatutakoaz gain, askotan kritikatzen ditugun politika publikoei erantzuteko beharra dugunez, nazioarteko lankidetzaren erronka nagusia leku ba- koitzeko mugimendu sozialen agenda errespetatzea da, beraien giza garapenaren ibilbidea zehaztu barik.


Joan den apirilean, New York-en, Nazio Batuen Biztanleria eta Garapen Batzordearen 47. bilkura izan zen, Biztanleria eta Garapenaren inguruko Konferentziaren Ekintza Programa aztertu ahal izateko, sinatu eta hogei urte geroago. Emaitza mikatza izan zen, nahiz eta 1994an (Kairon) adostutakoa zalantzan jarri ez, mundu mailan lortutako aurrerapausoak ia baliogabeak ziren.
Emakumeen eskubide sexualen eta ugalketa eskubideen inguruan estatuen esku-hartze eztabaidagarriaren aurrean, Latinoamerika eta Karibeko Gizarte Zibileko Elkarteen Antolakundeko kideak (Kairo +20-ren alde) eszeptikoak agertzen ziren, eta, gainera, honako hau esaten zieten buruzagiei: «Oker zaudete, jaunak. Eskubideen jabeak gu geu gara, larruazal eta ile kolore desberdinak ditugun emakumeok, gazte zein zahar, identitate eta sexualitate guztietakoak, etnia eta kultura desberdinetakoak, hau da, lan mota guztiak egiteko gai garen emakumeok. Gu geu gara gure eskubideen jabeak, eta asko gara, egunero gobernuek beraien lana ondo egin dezaten aurpegia ematen dugun emakumeok».

Bilatu