Martintxo Mantxo
TTIP EZ Gipuzkoa

Gure «adiskideekin» bat: TTIP/CETA EZ!

Batzuek ikusiko dute gu TTIP edo CETAren aurka izategatik, AEBetako eta Kanadako jendeen aurka gaudela. Oker. Haietako askok badakite ez dela horrela. Badakite hemen bezala, itun hauek bultzatzen dutena da transnazionalek han inposatu dutena, haien boterea areagotzea, ondorioez axola gabe.

 Hauekin borroka berdinean gaude. Beraz, transnazionalen aurka gaude, haiei laguntzen dieten gobernuen aurka, hango biztanleak horrenbeste aldiz gu eta horrenbeste jende bezala, haiek ere kaltetuak baitira han. Horregatik beti izan gara hango herriekin elkartuta, eta batez ere, botere horien bidegabekeriak argi dauzkatenekin eta bidegabekeria horiei aurre egiten dietenekin.

Aspalditik gaude elkarrekin. Duela mende batzuk, euskaldunak Ternuara iritsi ziren, oraindik Kanada edo AEBak asmatu gabe zirenean. Dirudienez, gero gertatuko ez zen bezala, bertakoekin harreman onak izan zituzten. Beothuk herriarekin harreman ona izan zuten. Dirudienez, eta horrela sinestu nahi dugu. Dirudienez, harreman honen ondorioz hizkuntza bat sortu zen, haien hizkuntzen nahasketa: algonkin-euskara. Horretan «Apezak hobeto» erantzuten zuten, «Nola zaude?» galdetuta. Eta etorri berriei «adeskide» esaten zieten. Bai, adiskideak betirako.

Baina hauek ez ezik, inuit herriarekin ere harremana izan zuten euskal arrantzaleek. Eta mikmak herriarekin, montafiekin, abnakisekin, irokesekin eta maliseetekin. Guztiekin harreman ona omen zuten. Euskaldunak ez zeuden han lurrak hartzeko, edo baliabideak lapurtzeko edo koroa bat inposatzeko, baizik eta arrantza egiteko, eta haiekin truke egiteko. Inposiziorik gabeko merkataritza zen hura. Baina inperioak iritsi ziren eta historia aldatu zen. Demasduwit eta Shanawdithit-engatik negar egin genuen.  Gure adiskideak ziren.

Harrezkero adiskideak izan gara. Harrezkero berriro joan gara. Artzainak bezala. Zuhaitzak moztera. Jai Alai. Harrezkero pipa bat erre dugu Pow Wow batean, eta sarraskiengatik negar gehiago egin dugu. Adostutako azken hitzarmena duela gutxikoa da, Standing Rocken, Dakotan, izan da. Oliobidea han borrokatzen duten Lakotekin adostu genuen. Eta beste herriekin ere bai. Nola ez, oliobidea frackingaren bidez ustiatutako olioa eta gasa garraiatzeko izango da. Lakotan frackinga basatiki garatu dute. Estatu horretan 9.700 dorre daude. Baina oliobide horretan, Albertan (Kanada) ustiatzen den harea bituminosoen olioa ere garraiatuko dute. Ingurumenarekiko triskantza itzela dira biak. Eta jendearekikoa. Ura kutsatuz gero denok kaltetuak. Kaltetutako herriekin ere (athabasca, metis, kreek, dakota ihanktonwan, nadleh) hitzarmena daukagu. TTIP eta CETAn sartuko dituzte bai frackingeko olio eta gasa, eta bituminosoen petrolioa, eta ez ditugu nahi, oso kutsagarriak baitira.

Honen aurretik haiekin bat egin genuen Wounded Knee-n erasoak izan zirenean. Leonard Peltier-ekin bat egin genuen eta dugu. Baita ere mohawkekin ere haien matxinadan. Adiskideak denak.
Erin Brookovich ezagutu genuen ere eta jakin izan genuen hango entrepresak zer egiteko gai diren. Orain frackingarekin bezala ura eta natura kutsatu eta herritarrak pozoitu, bakarrik etekinaren truke. Pennsylvanian frackingaren kaltetuak 21.700 inguru dira. AEB osoan 15,3 milioi izan daitezke. Forbes-en arabera. Haiek ere badira gure adiskideak. Haiek erakutsi digute teknika honen burugabekeria.

Hauekin batera ekintzaileak daude oliobideak oztopatzen, bulegoetan protesta egiten. Eguzkitan, elurretan. Bertakoen alde, ama lurraren alde, klima aldaketaren aurka. Batzuk atxilotuak suertatu dira azken egunotan. Haiek ere adiskidetzat ditugu. Eta Occupy, eta Black Lifes Matter.

Beothuk herria ezagutu eta gero, bestelako harremanak posible direla ikasi genuen. Gure era desberdina da. Adiskidetasunean oinarritzen da, elkartasunean, gizaki berdinen arteko harremanetan, ama lurraren errespetuan. Lehiarik, diruzalekeriarik eta zapalkuntzarik gabeko era da hau, etekina helburutzat ez daukana. Honegatik guztiagatik, TTIP /CETA ez dugu nahi. Hango jendea, berriz, sistema eta ondorioak jasan eta borrokatzen direnak, adiskideak beti.

Bilatu