Iñaki Lasa Nuin

Gure aita eta semea

Gaur egun Jesus Nazareteko Mariaren semea pertsona historikotzat hartzen du gehiengo handi batek.

Zerbait irakurtzen ari nintzela, inguruan jolasean zebilen biloba Eñautek zera galdetu zidan bat-batean: «Zein da gizonik azkarrena? Gizakirik azkarrena?». Baina, azkarrena zertan, Eñaut?», galdetuz erantzun nion. «Buruz azkarrena nor den jakin nahi baduzu, orain nor den ez dakit. Baina ni txikia nintzela Albert Einstein zientzialaria zela azkarrena esaten zuten. Korrikan azkarrena berriz, Usain Bolt jamaikarra omen da, 100 metro lauan azkarren egiten dituena, 9 segundo eta 58 zentesimaletan».
Ez dakit ase nituen Eñauten jakin-minak, baina bere jolasetara bueltatu zen eta niri berriz, burmuinak esnatu zizkidan. Irakurtzeari utzi eta pentsatzeari eman nion. Gizakiak markatzen dituen orduko 44,72 kilometro ere ez duk ba abiadura handia! Gizakiarentzat handia izango duk baina, zenbat animalia, arrain eta hegaztik errez gainditzen ditek abiadura hori! Bestalde, Einsteinen ekuazio batzuk ere jadanik zuzendu dizkiate, beraz orain ez duk azkarrena.

Gizakia jarria dugu aspalditik puntaren puntan eta baita jainkotu ere. Egia esan, gizakiak, gizaki hutsa bezala, ez du jainko mailarik eta tailarik ematen! Gizakiak duen inteligentzia mugatua da. Baina unibertsoak (naturak) berak duen inteligentziaren parte da; kontzientzia kosmikoaren parte eta hau mugagabea dela esango genuke. Jakinduria mugatua duen gizakiaren nahia jakinduriaz mugagabea izatea da. Horregatik sortu du giza itxura duen jainko ahalguztiduna, ohartu gabe, bere barnean baduela garatu gabeko jaikozko kontzientzia mugagabea. Jakinduria beti pertsonekin, gizakiarekin lotu izan dugu, arrazoiduna dela eta. Bada guk pentsa eta imajina ere ezin dezakegun jakinduria bat. Bakarrik diogu: «bada». Zientzialarien %50a ados dago «bada» horrekin, nahiz eta ikertzen jarraitu. Jakin, fisika kuantikoko saiakera batzuen emaitzak oraindik ez direla argitu. Zientzialarien beste %50ek zoriaren kulunkan, kasualitatean jartzen dituzte emaitza ulertezin hauek. «Den» hori dena «da» eta gu ere gara, bizia misterio bat da. Nazareteko Jesusek «ni naiz» esaten zuen. Ezin dugu pertsonifikatu bere handitasuna galdu egiten baita: espiritua, indarra, energia, bizia, esentzia, absolutua, kontzientzia unibertsala, fundamentua, potentzialitatea, biziaren prozesu inteligentea... Zenbat eta zenbat hitz eta kontzeptu erabili diren eta erabiltzen diren «Den» hori azaldu nahian!

Aita gurea, Jaungoikoa, pertsona kontzeptuak dira; maila altueneko gizakia? Otoitzak orokorrean pertsonalak dira, aurrez aurrekoak, eta dualak Zu eta ni, ni eta Zu. Ez ote da kontzientzia garatu ez dugun gizakion ahalguztidun eta betikotasun nahia aita horretan jarrita egongo? Santuek, mistikoek, jakinduriaz argitutako gizon-emakumeek eta heriotza gertutik bizi izan duten milaka pertsonek argia, zoriontasuna , maitasuna, energia, pasoko tunela eta abar bizi izan dituzte baina aita bizar-zuririk ez dute aipatzen.

Gabonak. Eta orain semea. Jainkoa gizaki itxurakoa bada eta aita deiturikoa, semea ere ez da urruti ibiliko. Jesus, aita eternoaren semetzat hartzen dutena, duela 2022 urte jaio zen Nazareten (gutxi gora behera datu historikoa). Ez dakigu zergatik jaio ote zen garai horretan eta ez gizakiaren milaka eta milaka urteetako ibilbide luze horretako beste une batetan. Baliteke, erdi ekialde inguruetako 500 urte aurreko mitologietan birjinengandik jaiotako jainko-seme asko izan zirenez, Jesus jainko-semearentzat ere une egokia izatea.

Egia da, «aita» Jesusek berak deitu ziola goxotasunez, Yahveh izenarekin ezagutzen zuten jainkoari. Norbaiti «aita» edo «ama» izen egokia iruditzen bazaio, «Den» horri ere berdin deitu diezaioke, baina ez da gizaki itxurakoa izango. Gaur egun Jesus Nazareteko Mariaren semea pertsona historikotzat hartzen du gehiengo handi batek. Berari buruz eta berak egindako eta esandakoekin dezente geroago idatzitakoak irakurriz, argi ikusten da pertsona argitua zela eta bihozbera, enpatia handikoa. Jarraitzaile sutsuak izan zituen eta ditu oraindik ere. Historiak, gure garai aurreko hiru-bi mila urte aurretik hasita, erakartasun handiko eta jarraipen ugariko gizaki ospetsu asko eman ditu eta hauen onomastikak ospatu ohi izan dira eta ospatzen dira. Zergatik ez Nazareteko Jesusena ere, neguko solstizioarekin batera ospatu! Jesus gidari dugularik jainkotasuna «Den» hori ere ospatu dezakegu gure barnean, aita eta ama guztiekin batera.

Eguberri zoriontsu bat denontzat!

Bilatu