Patxi Azparren
Antropologia Sozial eta Kulturalean litzentziaduna

Gure Esku Dagoren «Herrituk» harritu nau

Mundua abiadura bizian amildegira doala honetan, Euskal Herriko kontuetaz aritzea txikikeria dela pentsatuko dute askok. Ez dute arrazoi falta, baina, modu berean ere, ezin ahantzi gure erabaki garrantzitsuenak gugandik oso hurbil dauden pertsonek eta egoerek baldintzatutakoak izaten direla.

Oso kezkatuta nago munduak hartu duen norabideagatik. Soziopatak presidente bilakatuta, gerra global baten arriskua, ekosistema kinka larrian, neofaxistak nonahi...Begirada zabaletik beste lehentasunak eduki beharko genituzkeela ematen du. Halere, esan bezala, gehiagotan gertuko gertaerek eragin handiagoa dute guregan urreneko indar handiek baino.

Horrelako gogoeta egiten ari nintzela, ziztada moduko bat sentitu nuen duela egun batzuk Gure Esku Dago taldeak aurkeztutako «Herritik» ekimenaren berri izandakoan, iraganean jorratu genituen ekimen batzuk burura ekarri baitzizkidan. Aipatutako gertuko beharrei erantzuteko hartutako erabaki eta konpromiso irmoak, alegia.

Talde honen eledunek adierazi zuten moduan, «Herritu» herritarron aitortza moduko bat izango litzateke, kartoizko ala eskuarri digitalean, «pina» eta guzti.

Nire ustez, Euskal Herriaren nazio aitortza eskatzen duen herri mugimendu bat izanik, atzerapauso itzela da proposamena, 2025ean horrelako ekimena bultzatzea arlo honetan aurreko hamarkadetako lana eta aurrerapenak aintzakotzat hartzen ez dituelako, besteak beste.

Ziztada bereziki mingarria EHNA bultzatu izangatik ondorio penalak pairatu genituelako lagun askok. Harridura ere, agerraldian Udalbiltzaren ordezkaritza zegoelako; samina, 2019ko irailaren 18an egungo Udalbiltzak EHNA berriro kudeatzen hasiko zela esan zuen eta.

EHNAren hasiera

Elkarte batek «ENA» euskal naziotasun agiria sortu eta gero, Udalbiltza osatu zelarik, Bai Euskal Herriari herri mugimenduak bultzatuta, duela 24 urte EHNA sortu genuen. Sekulako arrakasta izan zuen, 200.000 herritarrek baino gehiagok eskatu genuen, 50 udalerritan onartzen zen agiria, hainbat erakunde eta komertziootan erabiltzen zen, Euskal Herrira etorri berriek ere EHNA eskura zezaten ekimena egin zen. Hau guztia Udalbiltzak babestuta, eta nazio eraikuntzaren aldeko jardun gisa. EHNA euskal nazio subjektua aktibatzeko tresna izan zen, Euskal Herrigintzan jauzi bat eginez.

Gure Esku Dagok kudeatutako aldaketak

Gure Esku Dagok egindako azkeneko ekimen honek badu hainbat aurrekari. Zenbait sektoretatik «Independentistak» izeneko mugimendua apaldu eta Gure Esku Dago lehenesten erabaki zutenetik, gizarte mugimendu honek zenbait aldaketa «epitemologikoaren» ardura izan du. Aldaketa horien kudeatzaileetako bat dela esango nuke.

Hasieran talde honek autodeterminazioa hitza baztertu zuen «erabakitzeko eskubidea» lelo lausoa zabaltzeko. Izan ere, talde hori bultzatu duten zenbait pertsonak: autodeterminazioa eskubidea «desakralizatzeaz» ere mintzo dira. Hiru eremu administratiboen “abiadura” kontzeptua berea egin zuten giza-kate baten bidez. Oraingoan, Naziotasuna hitza ere ordezkatuko dute.

Gure Esku Dagoren ibilbidea ezin da ulertu Ezker Abertzalearen ildo ofizialak egin duen eraldaketa estrategikoan erreparatu gabe. Jardun politiko gisa erabat zilegi dela aitortuta ere. Hori bezain zilegi da, bistan da, jarrera kritikoa hartzea eta horren berri ematea.

Aztertu beharko genuke zorrotz ea une honetan Fronte Historikoa eta Fronte Zabala gauza bera ote diren. Hausnartu ere, ea horiek ote diren estrategia bakarrak ala bestelako estrategiak ere gogoz eta indarrez garatu behar diren.

Aldarrikapenak arinduz, jende gehiagorengana iristen da ala jendearen lan-grina apaltzen da?, zer da Euskal Herriko oinarri soziologiko ezkertiarra eta independentistarengan gertatzen ari dena? Zer nolako eragina du erabaki estrategiko guztien ardura politikari profesionalen esku uzteak? Akordio proposamenak noiz bilakatzen dira akordiokeriak?

Txikitik handira, etxetik mundura

Ane Louvellik idatzi zuen: «Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak egiten, mundua alda dezakegu». Norberaren herrian eta auzoan boluntario-lanean ari den herritar orok sentitu eta jakin behar du bere ekintzen xedea. Estrategiaren partaide eta egile izan behar du, lehenengo eta azken hitza berea dela aldarrikatu behar du. Soilik horrela lor daiteke sare-militante ahaldundua eta eraginkorra.

Ezin bukatu artikulua Gure Esku Dagon, zein beste hainbat Herri Mugimenduetan, boluntario-lanean ari diren lagunei errespetua aitortu gabe; errespetua eta esker ona, auzolanean ari garenon ekarpena ezinbestekoa baita jendarte aktibo eta demokratikoagoa eduki dezagun.

Bilatu