Maitane Nerekan Umaran
EH Bildu Getxoko bozeramalea

Gurutzontzien gezurrekin nazkatuta!

Badirudi modan jarri dela gurutzontzien turismoa. Azken hilabeteotan medioetan eman dioten «bonboa» ikustea besterik ez dago: Euskadirako atea garela, mapan kokatu gaituztela, munduko handienak datozela…

Maiatzaren 28an gurutzontzi kai berria inauguratu zuten Getxoko Kirol Portuan. Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldunak eta EAJko beste zenbait ordezkari argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten. Getxoko PPko Arrue anderea haserre bizian jarri zen gonbidatua izan ez zela jakitean eta, hala ere, bertaratu zen, argazkian merezi zuen lekua aldarrikatzera. Edozer argazkian egoteagatik!

Bildukook ez genuen inolako interesik, baieztapen faltsu eta iragarki hutsetan oinarritutako argazki horretan parte hartzeko. Nazkatuta gaude Getxoko udalak, EAJren gidaritzapean, PP, PSE eta kai honen gauzapenean parte hartu duten erakunde guztiekin batera, «ustezko gurutzontzien turismo aberasgarriaz» egiten ari diren distrakzio estrategia.

Ez dugu munduko gurutzontzi erraldoien sarrera atea izan nahi, etxebizitza eskubidea bermatuta ez duten gazteen, lokalak itxi behar dituzten tabernarien eta merkatarien eta galtzen den herri-ondarearen irteera nagusia garen bitartean.

Itsasora porlan gehiago botatzea suposatu duen proiektu honen sustatzaileek, kontsumo parametrotan neurtzen dute aberastasuna: gurutzontzi handiak datoz = milaka turista datoz = kontsumo gehiago. Pertsonak eurotan baloratzen dituen logika kapitalista hori, gezur batean oinarrituta dago: ez da egia gurutzontziek aberastasun ekonomikoa ekartzen diotenik Getxori. Itsasontzitik jaitsi eta autobusean Guggenheimera doazen bidaiariak, ez diote ekarpenik egiten herri honeri; pakete turistiko bereziak eskainita ere, ezer gutxi emango diote, denongatik jakina baita gurutzontzien turismoa aldez aurretik bideratutakoa dela. Kontrara 21 milioi euro xahutu dira kaian, alokairuzko etxebizitza sozialean, La Galeako Fortea edo Punta Begoñako galeriak konpontzen edo herriko merkatari eta ostalariak laguntzeko erabili ez diren 21 milioi euro espainol (Estatuak jarri baitu dirua, turistak ‘España grande y libre’ bisitatzera etor daitezen). Eta horrekin batera, kutsadura gehiago kantauri itsasora, trafiko gehiago herrira...

Kontziente gara gure herriak bertokoak zein kanpokoentzat dituen doai turistikoez; harrotzen gaituzten labar, hondartza, paisai, kultura herrikoia eta auzoak ditugu. Goazen ba horietan inbertitzera, getxoztarrentzat herri bizigarriago bat egiteaz batera, bisitan datozenak goza dezaten. Babestu dezagun itsasoa (Dragarik ez!), zaindu ditzagun hondartzak, babestu ditzagun natur guneak (Andra Mari, Bolue, Larrañazubi...), balorean jar dezagun herri ondarea (Portu Zaharra, Malakateak...), sustatu ditzagun jai herrikoiak eta auzo bizitza, aukerak eman diezaizkiogun herriko sortzaileei... Turismoa ekarpen interesgarria egin diezaioke herri honi, herri ekonomia sustatzeko tresnaz gain, hartu-eman eta errespetu kultural eta sozialaren parametroetan ulertzen badugu.

Bilatu