Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Gutun txiki bat

Nire barruan oraintxe bizi dudana nahi nizuke adierazi lagunduko dizulakoan oraingo bidaian, eta neu lasaitzen berriak gogor kolpatuta utzi nauelako.

Jose luis, barkatu molestatzen bazaitut, baina gutun txikitxo hau bidali nahi  dizut egiten ari zaren bidaia horretan lagun izan dezazun.

Hain ustekabean, hain azkar, eta harritzen ez nauen zure isiltasunez bilduta joan zara gure artetik, edo hobeto esanda, zure presentziarik gabe utzi gaituzu, zeren janzten zintuzten beste dohain guztiak gure artean geratuko dira betirako, eta horrekin biziko gara elkarrekin.

Ziur nago hitzez neu baino trebeagoak direnek jakingo dutela zure ibilbide oparoa goraipatzen eta kantatzen, baina, nire barruan oraintxe bizi dudana nahi nizuke adierazi lagunduko dizulakoan oraingo bidaian, eta neu lasaitzen gogor kolpatuta utzi nauelako berriak irratiz entzun dudanetik.

Begira, Jose Luis, margolari bikain, eta hainbatentzat paregabea zarela ondo dakizu, eta entzun ere makina bat aldiz egingo zenuen, maisua baitzara belaunaldi askorentzat.

Baina, beste alde horretaz hitz egin nahi dizut, Jokinek eta biok zurekin izandako solasaldietan, Errotako etxean, Gorritinean, Tailerrean, Beteluko tabernan... zure nortasun azkarraren, fuertearen ezagupena izan genuenean.

Bai Jose Luis, azkarra eta handia zara laua zarelako; entzuten dakizulako; ez duzulako inoiz zure maisutasuna harrokeriaz erabili; langile hutsa zarelako, eta jakin nahi zuenak zure nondik norako trebetasuna, garbi esaten zenion: ekinean egiten da. Beti prest egon zara laguntza emateko eskatzera joan denari.
Lurrari lotua egon zara beti. Zure ama-lurra, zure aberria hortxe mihisean marra bikainez koloretan pintatu duzu, unean uneko indarrez. Zure hizkuntza euskara dotorea, etxekoa, egunero erabiltzekoa beti hitzetik hortzera.

Sentituz bizi izan zara, bizitzaz gozatuz eta bera aprobetxatuz ere bai. Irribarre txikia aurpegi borobilean... Ez dakit zergatik utzi behar izan gaituzun... Hain alai, hain gazte etorkizun hurbilari begira zure alabaren ondoan, zure lurraren gainean, usaintzen, eta bizi berri bat eraiki nahian, proiektu berriak amesten... Joatekotan nintzen bisita egitera!

Eta... Jokinek utzi gintuen egunetan joan zara zu ere. Gainera, egoera aldrebesenean merezi duzun agurra jaso ahal izateko. Baina, helduko da egun hori, eta Usurbilgo herria jendez gainezka jarriko dugu. Asko gara maite zaitugunok Jose Luis, baita miresten zaitugunok ere. Ondo dakizu gurekin eta gure ondorengoekin ere geratzen zarela, ez alferrik artistak hilezkorrak zarete!

Bilatu