Guzti hau aldatu nahi genuke
Gure ingurunea aldatzen ari da. Eta abiada bizian. Baina ez hobera.
Iazko Maiatzaren Lehenan azpimarratu genuen arren gehiago lan eginda ere gero eta pobreagoak ginela, aurten egoera are larriagoa da.
Tokian tokiko larritasuna handitu egin da, eta horren eragile nagusietako bat industria− sektorea da. Kapitalaren erabaki batzuek gogor jo dute sektore hau, eta helburu bakarra dute: irabaziak handitzea, edozein kontsideraziotik gora, baita milaka familiaren bizitzetan erabaki basatien (hala nola enpresen deslokalizazioen) ondorioek eragin zuzena izan arren. Pertsonak, paper-zapi moduan erabiltzen dituzte. Aspalditik ez zaio nahikoa iruditzen kapitalari gure bizkar dirua irabaztea; ez da eten enpresen deslokalizazioa, lan-kostuak merkeagoak diren tokietara lekualdatu eta, ondorioz, irabazi gehiago eskuratzeko. Azken 30 urteetan ezer ikasi ez al da? Gainera, gure hurbileko ingurune geografikoan, indarkeria betikotzen da pertsonen aurka. Ukraina eta Palestina adibide garbiak dira: nola nagusitu den indarkeria eta jazarpen basatia, errugabeen hilketa sistematikoa, nazioarteko komunitateak ezer egin gabe begira jarraitzen duen bitartean, edo are okerrago, erasotzaileei txalo egiten dien bitartean. Erakunde multinazionalak ez dira nahikoa, nazioarteko komunitatea potentzia ekonomiko-militar handi baten menpe dagoen bitartean. Herriaren mobilizazio indartsuak ez du oraingoz nahikoa eragin lortu egoera hau iraultzeko.
Panorama hau arintzen ez duena, Sánchez presidenteak iragarri berri duen gastu militarren igoera lotsagabea da. 10.000 milioi euro baino gehiago, ez dakigu nondik atera diren (nahia badago, dirua agertzen da, eta gizarte-gastuetarako ez bada agertzen, nahirik ez dagoelako da), eta diru horietako batzuk −sinestezina badirudi ere− Israeleri balak erosteko bideratuak ziren. 10.000 milioi euro baino gehiago lurralde antimilitarista batean, OTANen aurkakoan, eta soldadutzaren aurkako desobedientzia mugimenduaren aitzindarian, beste helburu askotarako erabil zitezkeenak: mendekotasunari, osasunari, gizarte zerbitzuei, hezkuntzari bideratzeko, gure izaera antimilitaristari eutsiz.
Munduko mailan, gero eta gehiago dira gobernari eta politikari autoritarioak, indarkeriazko jarrerak normaltzat hartzen dituzten matoiak, edo are okerrago, faxistak zuzenean. Haien helburu bakarra euren mesedetarako eta haien lagun kutxazaleentzako onura lortzea da. Lotsarik gabe aritzen dira, xantaia eta gehiegikeria erabiliz, haien helburuak betetzeko. Helburuak bitartekoak justifikatzen dituela sinesten dutenak.
Eta egoera honen ondorioak jasaten ditugunok betiko berberak gara: emakumeak, gazteak, migratzaileak. Gizartean egoera ahulenean daudenak atzo baino are ahulago daude gaur. Eta iaz baino okerrago.
Hala ere, gure gainetik dabiltzan hodei beltzak gorabehera, Solidarin uste dugu egoera hau iraultzea posible dela, tokian tokiko ekintzetatik hasita, bakoitza bere esparrutik, ahalik eta batasun handienetik, sorbaldaz sorbalda bultzatuz norabide berean eta etengabe borrokatuz berdintasun-eza eta injustizia oro desagerrarazteko. Helburu bakarrarekin: bizitza duinagoa izatea langile guztiontzat, eta bereziki baztertuenei.
Beti da beharrezkoa. Gaur, are gehiago. Orain da unea. Ekin diezaiogun.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.