Hama...bortz, ama...bat, euskara
Ikasturte berriarekin batera badator ate joka Nafarroa Oinez, datorren igandean izango da, urriaren 18an, Elizondoko Baztan ikastolan.
Hamabortz ikastola eta hamaika eskola publiko ari dira Nafarroan euskararen haziak oparo lora daitezen egunez egun ekinean. Hamabortz herrik marrazten dute Baztan Bailara. Hama… bortz, eta Ama… bat. Ama hizkuntza. Euskara. Seme-alaba guziok bere altzoan maitekiro hartzen gaituena. Amak erakutsi digu euskaraz solasten, euskara maitatzen eta zaintzen. Oinez, urratsez urrats egin dugu eta egiten ari gara gure hizkuntzaren bidea eta, hortaz, oina da ikurra. Nafarroako Hamabortz ikastolek osatutako oina, Baztango hamabortz herriek koloreztatutakoa, denok batera, euskararen alde sendo eginez antzinetik. 1982an bi oin izan ziren festaren ikurra, oraingoan bakarra. Euskarak beti behar duelako bultzada eta ezinbestekoa delako urratsak egiten jarraitzea. Euskara osasunez elika dadin ezinbestekoa baita hauspotzea, zaintzea eta maitatzea.
Urkoren abestiak dioen bezalaxe, euskara putzu sakon bat zelarik sortu zen Baztan Ikastola. Urte asko dira ikastola sortu zenetik, —gerra aurretik Elizondon sortutako hura ahaztu gabe— sorrera garai haietan herrian zeuden familia, irakasle, ikasle eta euskaltzaleak elkartu, batu egin ziren, umeak euskaraz hezteko eredu propioa zuen ikastola sortzeko, eta auzolanaren bitartez lortu zen berdea nagusi den bailara batean euskara itsaso urdin eta zabala izatea. Lehortzen uzten ezin den itsasoa. Zain dezagun, bada, gure altxorrik handiena, eta kanta diezaiogun denok batera euskarari.
Igaro diren urte hauetan guztietan gure hizkuntza eta hezkuntzaren egoera asko aldatu da, aurrerapausoak egin ditugu, baina ez behar adina. Euskaraz bizitzera iritsi nahi duen herriaren atzean pertsonok gaude, eta etorkizuneko Euskal Herri euskalduna lortzeko euskarazko heziketa dugu oinarri. Gure haurrak euskaraz hezita, gure hizkuntza garatu eta hedatzea beren eskuetan izango dute. Euskararen biziberritze prozesua momentu kritiko batean dago, euskararen egoera duela 50 urtekoa baino hobea da, baina are hobea izan behar du.
Hamarkada asko daramatzagu hezkuntza euskaldun baten alde lanean, bidean makina bat izerdi eta malko utziz. Sare pribatu zein publikoan, eskola hizkuntzaz eta edukiz euskalduntzeko ahaleginean, tinko, Hezkuntza Sistema Propioa, eta beraz, euskalduna, Euskal Herriko ikastetxe guztietatik eraikitzen, alegia. Denbora guzti honetan ez dira makalak izan jasotzen ari garen kanpo erasoak. Horien adibide dira, besteak beste, Vascuencearen Legea, Euskal Herrian aintzat hartzen duten testuliburuen kontrako gurutzada, edota D ereduko irakasleen kontrako sorgin ehiza. Garaiak aldatzen ari direla ematen du, eta D eredua Nafarroa osora zabaltzeko aukera urrats bat izan da, baino urrats handiagoak behar ditugu, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea lortu arte.
Euskara eta euskal kultura Euskal Herriaren identitate ikur nagusiak dira eta gure herritik mundua begiratzeko eta ulertzeko modua adierazten dute, hein batean. Euskal herritarrek euskaraz ikasteko eta egiteko eskubide osoa dugu eta esparru horretan hizkuntza eskubideen jabe gara.
Gaur egun Euskal Herri osoan (Iparraldean zein Hegoaldean) indarrean ditugun legeek eta planek, nekez ekarriko dute Herritar euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna, beraz inoren zain egon gabe guri dagokigu esku hartzea. Beldurrik gabe aldarrika dezagun geure bide propioa, inongo botere arrotzen esku-sartzerik gabe.
Gure herriari dagozkion erabakiak berton hartu beharrekoak dira, hezkuntzaz eta hizkuntzaz, orainaz eta etorkizunaz. Euskal Herrian gure hezkuntza eredu propioa geuk erabaki nahi dugu,: ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituena, kalitatezkoa, berritzailea, inklusiboa, kohesionatzailea, benetako heziketa integrala eredu izango duena eta ez ezagupenaren transmisio soila.
Euskararen oihartzuna mundura zabaldu behar dugu, gure hizkuntzari hauspoa eta arnasa emanez, Euskal Herriko haur eta gazteak euskaldun duin, eleaniztun eta burujabe izan daitezen lanean jarraitu beharko dugu, eta horretarako agenda politikoan lehentasuneko gaitzat jarriz, hezkuntza zein euskara, eta hori ahalbidetuko duen hizkuntza politika egokia diseinatuz.