Isidro Esnaola
GAUR8

Haritz eroriari orok egur

Espainiako Gobernua krisiaren garai okerrenak atzera gelditu direla esaten ari da etengabe. Ematen du negutik udarara pasatuko garela ziztu bizian, tarteko urtarorik gabe. Pirinioen hego partean berriz ere diruaren jarioa sumatuko dugula esaten digute boteretsuek.

Gobernuko bozeramaileak eta enparauak horretan daudela, Fagor Etxetresnak kooperatiba egoera larrian dagoela eta konkurtso aurreko fasean sartu dela jakin dugu. Berri horrek ez du bat egiten etengabeko diskurtso positibo horrekin. Egoera ez da esaten diguten modukoa: enpresa askok eta askok ez dute oraindik ere tunelaren irteera ikusi. Fagorren inguruko berriak bazterrak astindu eta erreakzio ugari eragin ditu. Batzuk nahiko bitxiak iruditu zaizkit.

Lehiakortasunari buruz etengabe hitz egiten duten eskuineko politikari, kazetari eta iritzi sortzaileek oraingo honetan bi mezu zabaldu dituzte nagusiki: lehena, errudunak kooperatibaren zuzendaritzan ibili direnak direla; eta, bigarrena, ahaleginak egin behar direla kooperatibatik ahalik eta gehien salbatzeko. Hori bai, era berean, neurri traumatikoak hartzea beharrezkoa izango dela ematen dute aditzera. Kuriosoa da merkatuaren nagusitasuna eta lehiakorrak izatea derrigorrezkoa dela defendatzen duten horiek, kasu zehatz honetan, euren ideologiari muzin egin eta interbentzioa defendatzea. Egoera larrian baldin badago kooperatiba hori, lehiakorra ez delako izango da. Zertara dator, orduan, esku hartzeko gogo hori? Gakoa, beraz, zer da, tamaina kontua?

Gertatutakoaren ardura zuzendaritzan kokatu da. Erru guztia buruan edo gune jakin batean zentratzen denean, askoz errazago maneiatzen da krisia. Nahikoa da erruduna seinalatzea bestelako hausnarketak ekiditeko. Eta jokaldi horretara indar gehienak apuntatu dira, bide batez eztabaida baztertzeko. Ziurrenik une hau, bereziki, hausnarketa unea da. Zalantzarik gabe, zuzendaritzak erruaren parte bat izango du gaur egungo egoeran: erabaki txarrak, zentralismoa, kudeaketa iluna, eta abar. Hala ere, kooperatibetan erabaki batzuk kooperatibistek eurek hartzen dituzte batzarretan. Agian, kooperatibistek ez dute parte hartu, ez dute informazio nahikorik izan, dena aldez aurretik “kozinatuta” eman zaie beste aukerarik eskaini gabe, eta abar. Mila arrazoi egon daitezke, zirkunstantzia aringarriak izango dira, baina inolaz ere ez salbuesleak.

Ardura, hori bai, ez da soilik kooperatiben barruan gelditzen. Sindikatuak langileak biltzeko, antolatzeko, euren egoera hobetzeko eta oro har gizartea eraldatzeko sortu ziren. Badakigu sindikatuek ez dutela lekurik Mondragon Korporazio Kooperatiboko barne egituretan, baina horrek ez du kentzen kooperatibistekin elkarlanean aritu ahal izatea, langileak diren neurrian. Baita, noski, kooperatibekin eurekin ere lan egin ahal izatea, langileak sortutako proiektu alternatiboak diren neurrian. Hutsuneak beti betetzen dira. Sindikatuek ez badute langileriaren eta eraldaketaren aldeko ikuspuntua garatzen, hutsune hori ideia neoliberalek betetzen dute. Berdin-berdina esan dezakegu euren buruak ezkerrekotzat jotzen dituzten alderdiei buruz. Galdera argia da: zer-nolako lanketa egin dugu kooperatibismoa bezalako langileen iniziatiba bat ezkerreko proiektu herritarrean txertatzeko?

Izugarri bitxia da orain Fagorrekin gertatu dena neoliberalismoaren porrota izan dela esatea. Langileek sortutako proiektu bat izanik, porrota ez da eskuinarena izango; izatekotan, porrota ezkerreko indarrona izango da. Herri honetako ezkerra osatzen dugunok ez gara gai izan proiektu hori gorpuztu eta eraldatzaile bihurtzeko. Egia da ez dutela erraztasunik eman, baina hori ez da ez aitzakia ez oztopo izan beste mila lekutan borrokak garatu eta lorpenak eskuratzeko. Dena den, okerrena diskurtso horren atzean ardura gainetik kentzeko dagoen saiakera erraza da. Bide horretatik ez goaz inora. Burujabeak izan nahi baldin badugu, jarrera horrekin ez dugu inoiz ezer lortuko. Geure buruaren jabe izateak esan nahi du, hain zuzen ere, ez dugula ondoan erruduna izango ardura gainetik kentzeko. Arduraz aritzeko tenorea iritsi da, bai behintzat herri honetako eragileentzat askatasunean gizarte justuago bat eraiki nahi baldin badugu.

Bilatu