Irune Ansa Eguileta eta Arantxa Caminos García
Lantxotegi elkartea

Harrera kuadrilen programa martxan jartzen da berriro!

Kabia Lantxotegi elkarteak sortutako proiektua da, Ahlan Bek programatik datorrena, hain zuzen ere. Bertan 14 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileentzako harrera, oinarrizko gaitasunei buruzko prestakuntza eta laguntza baliabideak eskaintzen dira. Programan astero egiten diren batzarretan, ez dira gutxi izan aisialdirako espazio, zein baliabide ezberdinetara iristeko, eta denboran iraungo duten harremanak sortzeko zailtasunak izaten dituztela adierazi izan dutenak. Zailtasun horren arrazoiak asko dira: hizkuntza maila, gizarteren aurreiritzi eta estereotipoak, labirinto burokratikoa eta, hori gutxi balitz, Nafarroan dugun harremantzeko modua, «kuadrilla» deritzogunaren bitartez.

Jende askok gune seguru bat aurkitzen du kuadrillan, baina beste askorentzat, aurre egin beharreko beste oztopo bat da, migrazio-prozesuan zehar bizi duten behartutako bakardadea areagotzen duen oztopo bat. Sentimendu horrek, hau da, komunitate edo talde bateko kide ez sentitzeak, pertsonen ongizate psikosozialean eragin zuzena du. Hori dela eta, kuadrillak eta komunitatea, osasun mentalari dagokionez, prebentzio-gune bihur daitezke.

Errealitate horri erantzuteko eta gazte migratzaileen ongizate psikosoziala laguntzeko sortu zen Kabia proiektua. Nafar Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia Departamentuak finantzatuta dago eta hiru helburu ditu: lehenik eta behin, gazte migratzaileen eta tokiko gazteen arteko loturak sortzea, haien sare soziala zabaltzeko; bigarrenik, kultura-trukea eta harrera-prozesuko erantzunkidetasunari buruzko hausnarketa sustatzea; eta hirugarrenik, gazteek komunitatean parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzea. Hiru helburu horiek betetzeko hainbat jarduera proposatzen dira, eta horietako bat harrera-kuadrillena da.

Jarduera honen bidez, hamabost pertsona migratzaile eta bertako hamabost pertsona elkartu nahi dira, bakoitza kuadrilla bati dagokion laguntza-sarearekin, talde eragile bat sortuz. 18 eta 30 urte bitarteko 30 pertsona horiekin hilean bitan elkartuko gara sei hilabetez, taldeak berak bere gustu eta beharren arabera proposatzen duen aisialdiko jarduera bat gauzatuz. Hau da, elkar ezagutzeko aitzakia gisa aisialdia sustatuko dugu. Harremana gauzatuko duen tokiko pertsonak pertsona migratzailea bere kuadrillara sar dadin zubi-lana egitea da helburua, baina harremanak naturalak izatea nahi direla azpimarratzea garrantzitsua da; izan ere, inorekin ez lotzeak ez dakar arazorik, harremanak modu naturalean sortzen baitira.

Era berean, harremanek funtziona dezaten, aisialdiko jarduerak ez ezik, gazteen errealitateari, migrazio-doluari, kultura desberdinetako sozializazio-kodeei, elkarren artean elkarbizitzeko tresnei eta abarri buruzko prestakuntza eta formakuntza desberdinak ere eskainiko dira.

Harrera kuadrillen lehen promozioa 2022ko abuztuan hasi zen, lehen talde eragilearen sorrerarekin: Etxarriko udaleku batean hasi zen abentura, eta elkar ezagutzeko aukera izateaz ez ezik, esperientzia aberasgarriz betetako asteburua ere izan zen. Hiru egun horien ostean eman genien aisialdiko jarduerei hasiera, hamaika ekintza ezberdin gauzatuz: piragua, karaokea, kaldereteak, kulturarteko masterchef-a, antzerkia, eskalada, pintxo lehiaketa, etab. Gainera, taldeak Zaska, SEI, Munduko Medikuak… bezalako elkarteen eskutik aurretik aipatutako prestakuntza horiek ere jaso zituen.

Joan den astean eman zion talde honek itxiera proiektuari, azken ebaluaketa bat eginez. Partaideek esperientzia deskribatzeko aipatutako hitzak honakoak izan ziren: aukera, beharrezkoa, ikaskuntza, irekitasuna, deskubritzea, konfiantza...

Orain, harrera kuadrillen bigarren promozioa dator. Parte hartzea gustatuko litzaizuke? Iruñea benetako harrera hiri bihurtzen laguntzea gustatuko litzaizuke? Inklusioa guztion erantzukizuna dela kontziente izan behar dugu, eta hausnarketa hau luzatzen dugu: gauza ezberdinak gertatzea nahi baldin badugu, gauza ezberdinak egin behar ditugu! Eta zuk, Nafarroa gizarte atseginagoa eta erosoagoa izan dadin, zer egiten duzu? Gure eguneroko ekintza txikiak dira aldaketari laguntzen diotenak, beraz, Alde Zaharrean, Sanduzelain, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Txantrean egingo ditugun hitzaldi informatzaileetan parte hartzera animatzen zaitugu, informazioa eskuratzeko eta nahi izanez gero, noski, parte hartzeko!

• Urtarrilaren 19an, 19:00etan, Sanduzelain, Gizarte Ekimenak Komunitate Zentroan (Ildefonso Labayen doktorearen kalea, 19).

• Urtarrilaren 24ean, 19:30ean, Alde Zaharrean, Plazara!-n (Kale Nagusia, 31).

• Urtarrilaren 26an, 17:00etan, NUPen (Gela Osasuntsua) eta 19:30etan, Txantrean, Salestarren Zentro Komunitarioan (Iruñerria kalea, 24).

Bertaratu ezin bazara, baina parte hartu nahi baldin baduzu, idatzi edo dei gaitzazu!

Bilatu