Ainhoa Larramendi Muxika

Hau da gure egoera. Giza eskubideak???

Fies-3 erregimenean dauden euskal preso politikoek ez dute formazio nahiz lanbide ikastaroetara joateko aukerarik, ezta jarduera ludikoetan parte hartzeko ere

Maiztasun handiarekin gertatzen zait honakoa. «Zer moduz astebukaera?» galdetzen didate lagunek. «Bidaia izan dut» erantzuten diet. «Eta zer moduz dago?». Normalean presoak azkenaldian sufritu duen injustizia berriren bat aipatzen dut eta ondoren komentario batzuk izaten dira. Hala ere, urteak joan urteak etorri, konturatu naiz zenbaitetan asaldatu egiten badira ere, ez direla egoeraz ongi jabetzen, oraindik galdera inozoak egiten baitizkidate («ezin diozu telefonoz deitu?»). Horregatik sentitu dut premia, idatzi honen bidez, egoera deskribatzeko.

Presoekin dugun harreman urria sakabanaketari zor zaio. Familiarengandik hurbil egoteko eskatzen duten preso sozialen %99 hurbildu egiten dituzte. Fies-3 erregimenean (lehenengo gradua –preso politikoen %95–) daudenak, ordea, ez. Gainontzeko presoek bost minutuko hamar telefono dei izaten dituzte astean. Euskal preso politikoek, zortzi. Hamar urtean (euskal preso gehienek urte kopuru hori gainditua dute jada espetxean), 1.040 dei gutxiago. Gainera, deia egiteko denbora-tartea murritzagoa izanik, ordutegiak ere izugarri zailtzen du senideekiko  harremana, hauek lanean edo eskolan egoten baitira normalean. Gainontzeko presoek nahi adina eskutitz idatz ditzakete, eta garaiz iristen zaizkie. Euskal preso politikoek, hiru astean. Idazten den guztia kontrolatzen dutenez, eskutitzak 15 eguneko atzerapenez ateratzen eta heltzen dira. 700 kilometrotara dagoen euskal preso politiko baten eta hurbil (100 kilometro) dagoen preso arrunt baten egoerak konparatzen badira, euskal presoen senideok 10 urtean 912.000 kilometro gehiago egiten ditugu. Bidaiotan galtzen ditugun lanorduak 960 dira batez beste, eta gure seme-alabek 10 urtean 120 eskola egun galtzen dituzte zenbait kasutan. Aita edo ama inguruan dituzten presoen haurrek, besteek baino 400 bisita gutxiago izan ohi dituzte.

Hamar urtean, euskal preso politikoen senideok bidaietan 78.432 euro gehiago gastatzen ditugu. Presoak 700 kilometrotara daudenez, ostatu hartu behar izaten dugu eta horrek 23.400 euroko gastua dakarkigu, otorduetan 6.240 eurokoa, dirutza autoaren mantenuan... Urrunketak senide askoren ekonomian hondamendia eragiten du.

Euskal preso politiko baten senideren bat gaixotuz gero, eragozpen eta traba handiak ezartzen zaizkie presoei bisita egiteko, eta, baimena lortzen denean, sarri beranduegi izaten da. Gainontzeko presoen kasuan errazago egiten dira bisitak.

Fies-3 erregimenean dauden euskal preso politikoek ez dute formazio nahiz lanbide ikastaroetara joateko aukerarik, ezta, orokorrean, jarduera ludikoak ikustekoa ere: musika emanaldiak, zinema edo kirol lehiaketak. Gainera, oro har, gatazkatsu izendatutako moduluetan izaten dituzte inolako zigorrik ez izan arren. Euskal preso politikoen kasuan, “segurtasun arrazoien” aitzakiapean, eta ez beren jarrerek eraginda, 6-8 hilero ziegaz aldatzen dituzte. Normalean ziega berrietan ezin da egon: zikinak, gortinarik ez, aulkiak hautsita, krakaz betetako komunak (urtetakoak), grafiti sexista edo arrazistak, labezomorroak... Orbanez jositako apar lastairak izaten dituzte, gauzak gordetzeko zuloz jositakoak: droga, bizar-xaflak… Eta guztiek zigarro-puntez betetako hautsontzi-kiratsa izaten dute, lixibaz garbitu arren joaten ez dena. Ziega aldaketen ondoren bi egunetan izugarrizko buruko eta sabeleko mina izaten dute lixiba gehiegi erabiltzeagatik. Hamar urtean 20-25 aldiz alda dezakete ziegaz euskal preso politiko bat. Gainontzeko presoek, urteak eman ditzakete ziega berean, edota borondatez aldaketa eskatzeko aukera izaten dute. Gatazkatsuak diren moduluotara bidaltzen dituzten preso sozialak, normalean, beste moduluetan norbaiti eraso egin diotenak, droga-trafikoan ibili direnak, beste presoei lapurtu dietenak edo presoren bat kaltetu dutenak izaten dira. Laburbilduz, gatazkatsuenak, arriskutsuenak eta antisozialenak.

Moduluotako higiene falta hirugarren mundukoa da ia: komun erabilgaitzak, krakaz eta karkasaz beteriko paretak, droga kontsumoa ireki eta ugaria. Praktikan jarduerarik ez dagoenez, gehienetan jendea noraezean ibiltzen da patioan edo lo gelditzen da izkina batean kartoien gainean. Zer eginik gabe, droga lortzea helburu bakar, ekuazioa erraza da: borrokak edo borroka-saialdiak dira presoen eguneroko ogia, patioan izugarrizko tentsioa delarik nagusi. Zarata eta musika izugarri altua izaten da eta ikasketetan kontzentratzea eragozten du… Hala, euskal preso politikoen sufrimendu erantsia oso handia da. Fisikoki, kalte handiak dituzte ziegan 20 orduz egotera behartuta daudela kontuan hartuz: ikusmen galera, bizkarreko minak, mugikortasun faltagatik zirkulazio arazoak, antsietatea, arazo psikologikoak...

Hori guztia onartezina delako eta, oinarrian arrazoi politikoak daudela ikusiz, urgentzia larria dugu euskal preso politikoak lehenbailehen etxeratzeko. Urriaren 20an denok Donostiara!

Bilatu