Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Hauteskunde emaitza onak ateratzeko makineria soil bat baino askoz gehiago

Gatazkaren iturburuen inguruan aurrera egin beharra dago gatazkaren ondorioetan aurrera egin nahi bada

Iritzi artikulu hau, ekainaren 9an publikatuko bada ere, hauteskunde kanpaina betean idazten dihardut. Arrazoia sinplea da: ez dut hauteskunde emaitzek kutsa nazaten naiz, ez onerako ez txarrerako. Aurreikuspenek  EH Bilduk emaitza bikainak aterako dituela adierazten dute. Emaitza hauek lortzeak ematen duen apar mozkorraldiak, aldiz, ezin du beharrezko diren eztabaidak geroratzeko tentaldia eragin.

Baina hauteskundeak hauteskunde, emaitza onek “ondo gabiltzala” adierazten dute bere horretan? Autokonplazentzian erortzeko nahikoak dira? Ala emaitza onek, bere horretan onak izanik ere, beste jauzi bat emateko tranpolin gisa balio behar digute? Zeintzuk dira herri honek izan behar dituen erronka estrategikoak? Zein ezker independentistaren helburu estrategikoak? Zein dira estrategikoak diren helburu horiek atxikitzeko taktika eraginkorrenak? Emaitza onek zer aukera eta zer morrontza sortzen dituzte? Galdera hauek eta gehiago datozkit burura, eta nago, asko garela galdera horiek partekatzen ditugunak.

Autobide zabal eta azkar batera sartzeko azelerazio karrilean egon nahiko genukeen arren, errotondan buruari jira eta bira irudikatzen dut ezker independentista. Jirabira horren arrazoi bi korapilo direla iruditzen zait: bata, gatazkaren ondorioen ingurukoa; eta bestea, gehiengoak zeren inguruan eta zertarako artikulatu beharra. Lehenaz, zortzi urte pasa dira ETAk borroka armatuari bukaera emateko konpromisoa hartu eta bete zuenetik. Urtebete, bere egiturak desegin zituela. Hauteskunde kanpainan berriz ikusi dugu alde batek pausoak eman dituen bitartean estatuek gerran jarraitzen dutela eta gerra horretan kateaturik, loturik eta umiliaturik nahi gaituztela. Horrek eragiten duen frustrazioari aurre egin beharrarekin eta herri honen askatasunera pausoak emateko paralizatuta. Egoitz Urrutikoetxeak bere aitaren atxiloketa eta espetxeratzearen inguruan egindako irakurketarekin bat nator. Gatazkaren iturburuen inguruan aurrera egin beharra dago gatazkaren ondorioetan aurrera egin nahi bada, besteak errotonda berean bueltaka ibiltzen jarraitzea baizik ez baitigu ekarriko. Eta okerrenean, gerrazaleek ezarri nahi diguten marko mentalak irentsiko ditugu demokrata-biolento dikotomia zaharra sinetsaraziz.

Gehiengoen artikulazioei dagokienez, hauteskundeetan emaitza onak eskuratzea eta EH Bilduk gero eta emaitza hobeak lortzea ezinbestekoa da. Asko errepikatu dugun mantra horri eutsiz, ezker independentistak zenbat eta boto eta ordezkaritza gehiago, orduan eta hobea izango da euskal herritarron eguneroko bizitza, hori ukaezina da. Babes sistema hobea, fiskalitate justuagoa, hezkuntza eta osasun sistema kalitatezkoagoak, garraio publikoa edota ingurumenaren zaintza, lurralde oreka… Baina hori guztia, asko izanik ere, nahikoa da bere horretan? Ezetz esango nuke.

Guk eragina bilatu behar dugu ez soilik arlo sozial eta ekonomikoan; gure oinarria zabaltzeko bidea gure proiektu politikoak, proiektu independentistak, atxikimenduak bilatzea izan behar da, helburu hori lortzea lehentasunezkoa dela garbi badago bederen.  Horregatik EH Bilduren eduki gabeko hauteskunde zorua zabaltzearen balioa erlatiboa da, horrek epe ertain eta luzera arrisku eta albo kalteak izan baititzake.

Kanpainan erabili diren hainbat diskurtso hutsalek agian erakarri dute jendea; estrategia elektoral profesionalizatuek eragin dute emaitzak onak izaten, bai. Baina galdera beste bat da: EH Bildu, emaitza txukunak ateratzeaz bat, oinarri independentista handitzen ari al da azken zortzi urte hauetan? Ala hori sine die atzeratuko dugun helburu bat da? Ezker abertzaleak 2026rako euskal errepublika aldarrikatu zuen. Gertuago al gaude helburu horretatik egindako bidearekin? Gehiengoak hala moduz lortuta, noizbait botere instituzional gorenak lortuta baina herritarrengan balio eta paradigma aldaketak eragin gabe, herria estatuarekin buruz buru negoziatu edota konfrontatzeko prest egongo da? Edo orduan, botere gune horiek lortuta, zaila egingo ote zaigu horiek arriskuan jarriz abenturetan hastea eta korronte pragmatikoenek hurrengo belaunaldiei utziko diete oinordetzan ebatzi gabeko gatazka politiko bat, ezer egin gabe itzaltzen joan daitekeena?

Begira bestela EAJren boto gizentzea zeren gain egiten ari den. Helburua alderdia denean aberria baino lehen (ez dut haiekin paralelismo hori egingo, garbi gera bedi), boto espainiarra etengabe elikatu beharrak EAJren egitasmo politiko guztia kamustu du. Akats bera egiteko arriskutik kanpo ez dago botere instituzionala disputatzen duen inongo egitasmo politiko. Ziur naiz hauteskunde hauek igaro eta gero, EAJri hegemonia instituzionala lehiatzeko gertuago izango garela. Konplexurik gabe, lehiatzeko dugun legitimitatea geure buruari aitortuz eta gurea herri honentzat onena delako sinesmen osoz. Herritik eta herri erakundeetatik lan eginez eta zoru independentista handitzen joanaz, bozketan eta are garrantzitsuagoa dena, jendartearen mentalitatean aldaketak bilatuz.

Botere instituzionala eta herrigintza prozesu independentista bat abiatzeko ezinbesteko badira, aterako diren udal talde berriek eta kaleko dinamiken berreskuratzeak ezinbesteko protagonismoa behar dute izan. Lau urte oparo izan ditzakegu aurretik pauso errealak emateko. Kanpainan Gipuzkoan herri dexentetan egon naiz, hautetsi eta militante askorekin eta ondorio nagusi bat atera dut: jende eta komunitate onena dugu. Norabide egokian eta plan diseinu egoki batekin, euskal errepublika ez dago hain urrun.

Bilatu