Herri aktibazioa da edozein prozesurako berme bakarra
Espainiako telebista eta irrati nagusietako batzuetan Katalunian «negoziatu» behar dela esaten hasi dira batzuk, eta Estatu egitura aldatu beharko dela aitortu duenik ere bada.
Sintoma bat da, independentziaren aldeko aldarriak hartu duen indarraren sintoma. Kasu gehienetan –denetan ez esatearren– iritzi emaileok ondorio horretara ez dira iritsi, baitezpada, demokrazian uste sendoa dutelako. Espainia zatitu daitekeela-eta sortu den kezkak eragin handiagoa izan du. Kataluniako herritarren gogo eta nahiei mespretxu eginez, Alfonso Guerrak «nos hemos cepillado el Estatut» esan zuenean irri egin baitzuten horietako askok.
Horixe da «España» proiektuaren madarikazioa: ez dago oinarri demokratiko sendoetan eraikita. Askatasunik izan ez duten herriek pairatu duten madarikazioa eta, oraintxe, Estatua bera sufritzen ari dena, ez baitauka zer eskaini egoera horretatik onik ateratzeko. Garai onean hasi dira Madriletik itun fiskalaren aukeraz hitz egiten.
Prisa taldeko hedabideekin lotura duen Josep Ramonedak hauxe esan du: «Demokrazian, Konstituzioa ezin daiteke kartzela moduan erabili». Hortxe dago, bada, estaturik gabeko nazioekin Estatu espainolak duen afera, frankismoaren ostean egindako trantsizioan konpondu ez zena eta, zenbaitetan, gaiztotu ere egin dena.
Horrenbestez, Katalunian gertatutako guztia, beste gauza batzuen artean, Estatuaren izugarrizko ahulezia azaltzen ari da, Estatuko egiturek inposizioaren indarra eduki eta erabili arren.
Beste irakurketa eta ondorio asko uzten ditu aste honetako Via Catalana ekimenak, baita Euskal Herrian bizi dugun egoeratik so eginez gero ere.
Atzera begiratuz gero, beharbada PPn bat baino gehiago Estatut berrirako prozesuan Rodriguez Zapaterori eginiko erasoaldiaz damu da. Azken batean, Artur Mas erakartzea lortu zuen orduko presidenteak, eta halako sasi-irtenbide bat eman ziezaioketen. Halere, Guerraren «cepillado»-a egiteaz gain, Konstituzio Auzitegira ere eraman zuten PPkoek estatutu berria erreferenduma egin eta gero. Hortik ere murrizketa etorri zen, 2010eko ekainean izandako epaian. Herrien erabakitzeko eskubide ezaren eta, aldi berean, Estatuaren beto eskubidearen erakusle izan zen luze jo zuen prozesu hura dena.
Prozesu hark, hasiera batean, frustrazioa besterik ez zuen eragin Katalunian, baina gerora benetako aldaketaren aldeko olatua indartu du. Lehen kolpean, oso irakurketa pesimista egin zen, baita Euskal Herrian ere. Adibidez, gerora ezkerreko euskal independentismoak soilik bide demokratiko eta politikoetatik abiatzeko marraztuko zuen estrategia zalantzan jartzeko argudio bihurtu zen batzuentzat Estatut-arekin gertatutakoa. Borroka armatua ezinbesteko zela frogatzen zuen, nolabait. Bide demokratiko soilek beti egingo baitzuten topo betoarekin eta iruzurrarekin.
Gerora, ordea, beto eskubidea egon badagoela nabarmen geratu arren, Estatut-arekin ereindako arazoa biderkatu baizik ez zaio egin Estatu espainolari. Une batean Zapaterok Masekin egoera bideratzea-edo lortu bazuen ere, gerora, hainbeste itxikeria dela-eta, arazoa handitu eta handitu egin zaie, egundokoa egin arte.
Bai, Estatuak beto eskubidea izan du orain arte, baina aurreko urteko Diadan hasitako ibilbide berria hori ere gainditzeko biderik egon daitekeela erakusten ari da. Aurtengo giza-kateak 2014an kontsulta egiteko hautua asko indartu du, Masek egun gutxi lehenago eginiko adierazpenek zalantza sortu bazuten ere. Beraz, gakoa herri aktibazioa dela ondoriozta daiteke. Indar harremanean eraginez eta zilegitasun demokratikoa irabaziz gaindi daitezke oztopoak.
Horixe da ikasgai nagusia Euskal Herrirako ere. Ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketari eta bideratutako sakoneko ekimenei esker egoera errotik aldatzea lortu eta gero, hasitako prozesuak duen berme bakarra indartzeko garaia da.