Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Herri baten eredu

Telesforo Monzonen alboan bizi izan genituen lau urte haietan, ikasgai ederrak utzi zizkigun bizi osorako.

Euskal Herriaren izanaz eta etorkizunaz hitz egin behar badugu, ezinbesteko dugu Telesforo Monzonen ibilbidea berreskuratzea, batez ere gazteen ezagutzarako, urruti geratzen baitzaie 50 urteko militantzia Euskal Herriaren alde abertzaletasunetik emandako pertsona. Eta, denok  herria bagara ere, bizitzaren itsaso zabalean doan itsasontziari lema zuzen eta tinko eusten dioten gazteak izaten dira gidari, beti. Horregatik uste dut, beren iragan hurbilaren jabe behar dutela izan, eta, gainera, guk, bizi izandakook, eskaini behar diegula.

Euskaldunok oro har, eta ezker abertzalekook bereziki, salerosle eskasak gara; ez dakigu egin dugunari eta egiten ari garenari merezi duen tokia ematen, eta behar bezala adierazten ere ez. Alde horretatik badugu zer ikasia katalan abertzaleengandik.

Telesfororen izana geureganatzeak, merezi duen tokia emanez, onura besterik ez liguke ekarriko gaur bizitzen ari garen egoera asaldagarri honetan; argi gehiago jasotze aldera. Ez dut zalantzarik, gure herriak Telesforo bezalako pertsonak behar dituela askatasun bidea egiteko.

Duela berrogei urte hil zen, 76 urte zituelarik. Bere alboan bizi izan genituen lau urte haietan, ikasgai ederrak utzi zizkigun bizi osorako. Telesforok berak zioenez, bere bizitzako urterik zoriontsuenak izaten ari ziren haiek. Eta egia zen. Itxaropenak iturburua aurkitu zuen, eta bere bizitzaren azken urteak ilusioz beterik bizi izan zituen; nahiz urte latzak jasan, irribarre gozo eta lasaia zuen aurpegi fin eta dotore hartan.

Telesforok garbi erakutsi zigun ez dagoela gudari zahar eta gudari gazte, ez dagoen bezala aberri zahar eta aberri gazte; denok baikara Euskal Herriaren parte: militante; borrokalari; 36ko lubakietan, 1980an, 1990ean, 2000n; Gerra Kontseiluetan, Burgos eta abarretan. Beti egunerokotasunari lotuz: euskara hitzetik hortzera; euskal izaeraren ardatz. Euskaldun gara, geure lurrean itsatsirik sustraiak zuhaitzek dituzten eran beren eremuetan.

Burujabetza lortu behar dugu herri-eskubidearen bidez autodeterminazioa eskuratuz. «Zintzotasuna bidelagun; herrien arteko elkartasunak emango digu babesa eta aberastasuna», zioen.

Telesforo, errefuxiatu izatetik 1937an, euskal iheslari politikoen aitabitxi izatera igaro zen Ipar Euskal Herrian; eta, 1977an, amnistiaren aldeko borrokan buru-belarri ikusiko dugu Hegoaldean. Durangon agertu zen Francok kartzelatik atzerrira bidalitako ETAko euskal preso politikoekin batera. Han elkartu ziren belaunaldi ezberdinetako gudariak, 36koak, 60koak. Eta, haietako batzuekin jarraituko zuen bere ibilbide politikoa Herri Batasunaren baitan, bere sorreratik bertatik. Inor baino indartsuago, bizitzak erakutsitako gordintasunak ematen duen jakinduria erabiliz. Etsaia saiatuko da behin eta berriz Telesforo birrintzen, baina ez du inoiz etsiko.

Bakea landuko du maitasunez, mimoz, zen guztia emanez; askatasuna eta justizian oinarritutako bakea, ez hilerrietakoa. Gudari nekaezin; adeitsu; alai; dotoreziaren ikur hitzetan eta ekintzetan. Utopikoa omen, baina ez zekiten hori ziotenek ameslari bikainak beti direla utopiko  gazteak, adina kontuan hartu gabe; eta hauexek direla benetako jauziak ematen dituztenak askatasunaren alde!

Euskal Herria horrenbeste maite izan zuen Telesforo Monzon Baionako ospitalean joan zitzaigun 1981eko martxoaren 9an. Emazte, lagun eta guztia izan zen Maria Josefa Ganuza alboan zuela. Bikote perfektua! Baita Pierres Larzabalen aburuz ere.

Bilatu