Hasier Arraiz
Sortuko koordinatzailea

Herri boterea eraikiz

Pasa den astean Hego Euskal Herriak seigarren greba orokorra egin zuen. Oraindik astebete pasa ez dela, ondorio politiko nagusi batzuk ateratzeko aukera dugu.

Lehenengoa: diagnostikoan guztiok ados, egoera oso larria da, zeren eta krisi sistemiko honen baitan mundo osoan langileriak eta herri sektoreek hamarkadetan lortutako eskubideak –lan eskubideak eta eskubide sozialak- abiadura handiz galtzen ari baikara. Ekonomiak, eredu ekonomiko neoliberalak, hain zuzen, eragindako kalteek aurreneko biktima egin dute: duela gutxi arte ezagutu genuen Ongizate Estatua deritzoguna. Politikak, alderdi politiko gehienek, hain zuzen, botere finantzieroarekiko menpekotasuna goitik behera onartzen dute, Bruselatik –gure kasuan Madril eta Parisetik igaroz- etortzen diren agindu guztiei men eginez. Balizko alternatiben inguruan, ordea, ez dago halako adostasun argirik, ezkerretik pentsatuta, eredu honekiko alternatibarik ote dagoen ez dago hain argi, alegia.

Bigarren ondorioa: euskal sindikatuek baldintza zailetan -alderdi politiko eta hedabide gehienak kontra izan arren- jendarte indar handia izaten jarraitzen dutela erakutsi dute, milaka eta milaka herritarrak kalera ateraz.

Hirugarrena: Euskal Herriko eszenatoki politikoa eta soziala argitzen doa, bi multzo nagusi nabarmenduz: alde batetik, egungo ereduari –‘estatus quo’ honi- kosta ahala kosta eutsi nahi dioten alderdi politiko, hedabide, sindikatu eta gainontzeko eragileak eta bestetik, aldaketa politiko eta soziala gauzatuz, burujabetzaren bidez beste eredu ekonomiko eta soziala eraiki nahi dugun indar politiko, sindikal eta sozial abertzale eta ezkertiarrak. Beraz, alternatibarik izatekotan, jendeak badaki bakarrik bigarren multzotik etortzea espero dezakeela. Horretarako ezkerreko esparru sozio-politiko abertzale zabalean ados jartzeko gai baldin bagara.

Laugarren ondorioa: greba orokorraren alde geundenok ez gara jendarte sektore zabalei ‘zergatik greba’ baino ‘zertarako greba’ ulertarazteko kapazak izan. Krisiaren ondorio latzak pairatzen dituen jende gehienarentzat eraso etengabeei erantzutearekin ez da nahikoa, pertsona horiek alternatibak –alternatiba errealak- nahi (eta behar) dituztelako. Noski, inoren esku ez dago miraririk egiterik. Gauzak horrela, antolakuntza eta borroka eskainiz jarraituko dugu, baina norabide argi batez. Euskal sindikatuek eta eragile sozial ugarik aurkeztutako Eskubide Sozialen Gutun Soziala osatzeko egitasmoa pozarren hartu genuen, zeren eta greba orokorrari normalean izaten duen azken geltokiaren zentzua baino dinamika berri baten abiapuntuaren zentzua antzeman baikenion. Gutun Soziala osatzeko dinamika Euskal Herriko ezkertiar eta abertzale askoren elkarlanerako abagune ederra izan daiteke.

Boterea hartzetik boterea eraikitzera

Ezker klasikoak garai batean zerabilen ‘boterea hartzeko’ kontzeptua honezkero alboratu dugu, gure iritziz, boterea hartu baino boterea eraiki behar dugulako. Gainera, behetik gora eraiki nahi dugu, herritarrei boterea emanez, beraien etorkizuna –gure etorkizuna- beraien esku utziz. Demokrazia burgesaren instituzioetan parte hartzea erabaki dugunok badakigu ederki asko gehienetan instituzio horietan politika –guk nahiko genukeen politika- egiteko marjinak nahi baino estuagoak izaten direla. Halaber, eredu berria eredu zaharraren erraietatik sortu beharko dela pentsatzen dugu, horregatik Boliviako presidenteorde Álvaro García Linerak esaten duen bezala, guk «kontraesanak zamalkatzea» erabaki dugu. Sortu-n ‘argiak’ hizpide hartzen ditugu, auto baten argiak, hain zuzen ere. ‘Argi luzeak’ pizten ditugu, ez baitugu inoiz nora joan nahi dugun ahaztu nahi. Gure argi luzeek Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erakusten dizkigute, egunez egun prozesu gisa ulertuta, demokrazia sozialista garatuko duen Euskal Estatua, alegia. ‘Argi motzek’, ordea, hara iristeko bidean hurrengo metroak erakusten dizkigute: burujabetza ariketa praktikoak eginez –gure herritarren beharren arabera Euskal Herrian bertan erabakiz- eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraiki nahi dugu.

Bertako instituzioak kudeatu arren boterea –egiazko boterea- hemendik urrun dago, zeren eta Euskal Herriak herri ukatua eta zapaldua izaten jarraitzen baitu. Egoera politikoa normalizatu gabe, Herri burujabea izan arte, Euskal Herrian dagoen botere apurra menpekotasunezko harremanak emandakoa da. Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian Estatuak ordezkatzen dituzten instituzio eta eragile guztiez gain, Euskal Herriko alderdi politiko nagusiak, EH Bildu izan ezik, hedabide talde nagusiak, enpresaburu elkarteak, besteak beste, guk nahi dugun aldaketa politiko eta sozialaren aurka daude. Ondorioz, ez dirudi haiekin ereduaren gaineko akordiorik egitea lan samurra izango denik. Ereduen arteko konfrontazioaren garaia da, beraz, ereduen arteko talka hori eremu guztietan –kalean, lantegian, instituzioetan…- egitea gaur egun ezinbestekoa da.

Kontraboterea gara

Aldaketa politiko eta soziala eremu desberdinetan borrokatzen ari garenok kontraboterea gara, nahiz eta instituzio batzuk kudeatu, EH Bildu udaletxeetan edo Gipuzkoako Foru Aldundian ere kontraboterea da. Baina ezin gaitezke kontrabotere izatearekin konformatu, Herri Boterea osatzea helburu dugulako, Euskal Herriko jendartean aldaketa ahalbidetuko duen pentsamendu hegemoniko berri bat eraikiz. Noski, dinamika horretan abangoardiak kalean behar dugu, herri mugimenduan, hain zuzen ere. Bide horretan herri mugimenduaren eta instituzioen arteko dialektika funtsezkoa da, gaur egun instituzio nagusietan dauden indar harremanak kontuan hartuta, instituzio horiek beste eredu baterantz aurrerapausorik egin dezaten bultzada (eta presio) soziala ezinbestekoa izango baita. Gure esku dagoen botere instituzionala eredu berria sortzearen mesedetan jarriko dugu, betiere Herri Boterean bat eginez eta agian horretarako beste batzuen aginduei desobedituz, horrelaxe, bertan zer eta nola egin erabakiz, gero eta burujabeago, eraldaketa soziala bururaino egin dezagun.

Bilatu