Ramon Sola
GAUR8

Herri harresien ondoren, babes erretenak

Denon gustuko izan ez arren, ‘‘Euskal Udaberria’’ izenburua eman genion GARAn Donostiako Aske Gunearen eguneko gehigarri bereziari. Horrek ez zuen esan nahi, jakina, aurrekoa negu gorria baino izan ez zela, ez eta aurrerantzean zetorrena berez uda gozagarria izango zenik ere. Berpizte bat gertatu zela islatu nahi izan genuen, iraultza txiki bat, oso eraginkorra izan daitekeen borroka molde berri baten adierazpen ikusgarria.

Geroztik herri harresiek bidea egin dute. Egun batzuk geroago Gasteizko auzitegiaren aurrean ikusi genuen bat, gerora Ondarroako zubian, irailaren 29an Lekeitioko uretan, hurrengo egunean Hernaniko eta beste hiriburuetako kaleetan, joan den larunbatean jendez beteriko Bilboko kaleetan.... ikusi ditugu herri harresiak.

Hurrengo geltokia Iruñea da, bihar bertan. Ñabardura interesgarri batzuk baditu Iruñeko herri harresi honek. Bete-betean asmatu dute horretan dabiltzan eskubideen aldeko militanteek auzia Nafarroa desobedientearen ondare oparoarekin uztartzerakoan. Ezina ekinez egiten dela intsumisioaren borrokak erakutsi zuen duela ia mende laurden. Aitzindari izan ziren nafar intsumisoak, Iruñeko kartzela betetzeraino. Irabazi egin zuten azkenean, bai arrazoia zutelako bai beren borroka moldeak gizartearen gehiengo handi bat bildu zuelako; azkenerako, ukiezina zirudien soldaduska bera ere goitik behera bota zuten. Ez soilik Nafarroan, ez soilik Euskal Herrian, Estatu osoan baizik (noizbait onartu eta goretsi beharko lituzkete espainiar aurrerakoiek –Wyoming eta abarrek– euskal herritarrek egindako borrokak, beraien eskubideen onerako ere izan baitira).

Jazarpen politikoarekin behin betiko amaitzeko bidea oso luzea dela bistan da, hurrengo astean abiatuko diren bi makroepaiketak erakusle. Baina urrats txiki asko –oharkabean pasa daitezkeenak– eman dituzte herri harresi hauek. Uztailetik hona egindako lan informatibo mardulari esker, esango nuke egun Iruñerriko biztanleriaren gehiengoak oraindik ere zigor politikoak ematen direla ikusi eta ikasi duela. Zigorrok jende askoren egonezina sortzen dutela eta gatazka behin betiko gainditzeko oztopo direla ulertu du herritarren gehiengoak, gogo onez ala txarrez. Ume, gazte, heldu zein adineko pertsonentzat, Luis Goñirena aurpegi ezaguna da; bidegabekeriaren aurpegia, alegia.

Barrura begira ere hainbat irakaspen eman dizkigute herri harresi hauek. Jendea barnebiltzeko duten gaitasunak (Donostia, Ondarroa, Barañain) argi uzten du milaka lagun zeudela borroka berrituari ekarpena egiteko gogo biziz, berea emateko irrikatan. Aukera aurkitu dutenean, hor daude, iraultza baten partaide izan nahian. Borroka sentibera, gertukoa, auzolanean egina; bere apaltasunean, epikoa hau ere. Herri hau ez dela bat-batean harrizko bihurtu frogatzera datoz herri harresiok. Horren itzalean, beste maila batean nahi bada, beste aldaketa bat ere gertatzen hasi da, Herrira mugimenduaren aurkako sarekadak argitara aterarazi duena. Herri harresien inguruan erretenak ere sortzen hasi direla ikusi dugu, independenteak baina bigarren babes gerriko gisa har daitezkeenak. Itzela da iragan larunbatean 65.000 lagun kalera atera izana, baina garrantzitsua da ulertzea Bilboko kaleetatik at ehunka mila lagunek osatutako beste uholde bat zegoela inboluzio saio horren aurka. Jesus Eguiguren PSEko buruaren hitzak, ELA-Ertzaintzak hartu behar izan duen posizioa, EAJk Gasteizko Legebiltzarrean esandakoa, hainbat iritzigileren adierazpenak, hurrengo makroepaiketen aurka arlo judizialetik altxatutako ahotsak... dira adibide.

Horietariko inor ez dugu bihar Iruñean ikusiko, baina behingoz aurrez aurre ez izatea herri harresien beste emaitzetako bat da. Eta albiste garrantzitsua, eskubideen zapaltzaileen gainean presio zuzenagoa egiten duten neurrian

Bilatu