Ainhoa Narbaiza Irizar eta Unai Txurruka Maiztegi
Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak

Herri jakintzak pil-pilean

Lurralde bizia da Euskal Herria, herri mugimenduei dagokienez. Hankak egungo testuinguruan jarrita, sektore eta txoko askotatik eratorritako milaka gara hamaika taldetan buru-belarri lanean gabiltzan pertsonak: mugimendu ekologistan,  antidesarrollistan, feministan, elkartasun-mugimendu internazionalistan, bazterketa sozialaren aurkakoan, LGTB mugimenduan, autogestioaren ingurukoan, langileen borrokan, nekazarienean, jai eta aisialdiaren arlokoan, euskalgintzan, presoen eskubideen aldekoan, kultura arlokoan... Joxemi Zumalabe Fundaziotik sustatu dugun Bor Bor (K) egitasmoaren baitan milaka ez, baina izan gara batzuk azken urteetan formazio politikoari buruzko hainbat lapiko sutan jarri eta herri jakintza ezberdinen errezeta eta zapore ugarirekin esperimentatzen aritu izan garenak.

Izan ere, herri mugimenduok gure lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, gogoeta eta elkarlanaz gain, geure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko beharra dugula uste dugu. Hortxe kokatzen dugu formazio politikoaren premia zahar-berria. Formazio ideologikoa, historikoa (transmisioa), metodologikoa, teknologikoa, emozionala… asko dira, gure ustez, formazioaren bidez landu beharreko eremuak, formazio politikoa punta askotako izarra dugula uste baitugu.

Sarri azpimarratu izan dugun bezala, metodologia ere politikoa da. Formak, moduak, politikoak dira. Zer egiten dugun garrantzitsua bada, nola egiten dugun ere kontuan hartu beharko dugu. Gure ustez, beraz, formazio prozesuetan dinamika askatzaile eta parte hartzaileek jabekuntza eta emantzipazio prozesuetan laguntzen dute eta horizontaltasunak autonomian eta botere harremanen berrezaugarritzean eragin handia izaten du.

Jakintzaren eraikuntza kolektiboa ardatz, herri mugimenduetan sortzen diren jakintza eta ezagutzen ikusgarritasun eta errekonozimenduaren aldeko apustua egiten dugu. Ondorioz, formazio politikoa ikuspegi honetatik lantzen dituzten egitasmoak sustatzea dugu xede eta jardun horretan sortu genuen «Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategia» izendatu genuen egitasmoa.

Ez genuen bakarrik sortu, ez. Bidelagun paregabeak izan ditugu urte guzti hauetan. Izan ere, 2014. eta 2015. urteen artean formazio politikoari buruz garatu genuen gogoeta kolektibo baten emaitza da egitasmo hau.

Formazioaren alorrean aritu eta aditu diren Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera elkarrizketa ezberdinak izaten hasi genuen gogoeta kolektibo hau (GITE-IPES, Emagin, Urtxintxa-Bizkaia, Ipar Hegoa Fundazioa, Udako Euskal Unibertsitatea, Manu Robles-Arangiz Institutua eta EHNE-Bizkaia), horrela, 2014ko udaberrian, eragile horien esperientzia eta bizipenak ezagutzeko eta kezka komunak konpartitzeko parada hartzea erabaki genuen.

Urte horretako UEUren udako ikastaroen baitan egin genuen saio batean bilkura horietan jasotako guztiak plazaratu ahal izan genituen eta bertaratu ginenon bizipenetatik abiatuz, formazio prozesuetan izandako hutsuneak aztertzeari ekin genion. Saioak aurrera egin ahala hutsune horiek erronka bihurtu zitzaizkigun eta horri esker egitasmo honen lehenengo helburuak zehaztu ahal izan genituen.

2014ko udazkenean herri mugimendu eta eragile gehiagorengana hurbiltzen saiatu ginen eta horretarako Euskal Herriko bost hiriburutan hainbat lan saio burutu genituen. Bilera horietan Bor Bor (K)-k jorratu beharko lukeen gaitegiaz eta izan beharko lituzkeen formatu ezberdinez eztabaidatzeari ekin genion. Hortik aurrera, helburuak, formatua, gaitegia, partaideen ezaugarriak eta abar are eta gehiago definitzeko aukera izan genuen, eta 2015eko otsailean Donostian burutu genuen «Lapikoa sutan da!» jardunaldia definizio fase horren inflexio une bilakatu zen. 2015eko udaberrian, beraz, prozesuan jasotako ideia ezberdinak uztartzen zituen lehen proposamen bat osatu genuen.

Txikitik hasi nahi izan genuen, urratsez urrats, eta horren emaitza 2015eko irailean hasi zen eta herri eragile ezberdinetako 30 kidek osatu zuten ikasturte bateko Pil-Pilean deituriko ikastaroa izan zen. Iaz ikastaro horren bigarren edizioari ekin genion eta datorren irailean ikastaroaren hirugarren edizioa abiatzeko irrikaz gaude.

Baina zein helburu ditu Bor Bor (K) egitasmoak? Alde batetik, egitasmo honek herri mugimenduen saretzea, elkar ezagutza eta esperientzien trukea bultzatzeko elkargune bat izan nahi du. Mugimenduen eragiteko ahalmena zein jakintzak sortzeko gaitasuna hobetzea ipar izanik, herri jakintza teoriko zein praktikoak iturri izango dituen formazio eredu askatzaile baten bidean urratsak egiteko ahalegina alegia.

Bestetik, jakintzaren eraikuntza kolektiboa du oinarri formazio proiektu honek eta bertatik jardutea du helburu, formazio politikoa berrezaugarritzeko asmoz. Bide horretan, jakintzak begirada anitzetatik eraikitzeko bitartekoak jartzen ditu. Eta beraz, esperientzia eta praktikei lekua eginez, formazio politiko integrala sustatzea du helburu ere (ez soilik transmisio ideologiko/historikoa).

Horrez gain, Euskal Herri luze-zabalean lanean diharduten askotariko herri eragile eta sektoreen partaidetzatik eta zapalkuntza guztien ikuspegitik egin nahi du bidea. Eta horretarako, zapalkuntza ezberdinen gurutzaketak kontuan hartuz, borroka zein zapalkuntzen hierarkizazioa baztertzen ditu.

Azkenik, pentsatu, izan eta ekitearen berriztapenean sakontzea ere xede du Bor Bor (K)-k. Militantzia-kultura askatzaileagoen bidean urratsak eta hausnarketak egitea, alegia. Zentzu horretan, ahalduntze pertsonal zein kolektiboa sustatuko duten lan-metodologiak formazio prozesu osoan zehar-lerro izaten dira.

Esan bezala, Bor Bor (K)-k formazio politikoarekin zerikusia duten egitasmo eta proiektu ezberdinen elkargunerako laborategia izan nahi du. Eta zentzu horretan, azken ikasturtean zehar Pil-Pilean ikastaroetatik kanpo gogoeta eta formazio espezifikoagoetarako tartea ere hartzen saiatu gara. Hala nola, herri jakintzen eta akademian sortzen diren jakintzen arteko harreman gatazkatsu eta kontraesankorrak aztertzeari ere ekin izan diogu.

Dena den, gaurkoan Pil-Pilean ikastaroaren hirugarren, eta oraingoz azken, edizioaren izen- emate epea zabalik dagoela jakitera eman nahiko genuke. Azken edizioa diogu, hiru ikasturte hauen ostean baloraziorako tartea hartzea erabaki dugulako, urte hauetan izandako zailtasunak eta ondo egindakoak identifikatu eta aurrera begirako erronka berriak identifikatzeko, hain zuzen ere. Geldirik ez gara geldituko, baina, 2019. urtean “Prozesu kolektiboen dinamizazio eta fazilitazioa”-ri buruzko bestelako ikastaro bat antolatzeko aukera buruan darabilgu eta.

Pil-pilean ikastaroan izena emateko gure web orrialdean sartzea besterik ez duzue eta bertan aurkituko duzue ikastaro honi buruzko informazio zehatza (Joxemizumalabe.eus),  baita aurreko edizioetako material eta argazkiak ere. Lapikoan sartzeko garaiz zabiltzate!

Bilatu