Iñaki Altuna
GAUR8

Herri prozesua egituratzeko baldintza objektiboak

Gertu da Josu Muguruza Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide eta “Egin” egunkariko erredaktore-buruaren hilketaren 25. urteurrena. Bost urte lehenago Santi Brouard buruzagi abertzalea hil zuten egun berdinean, azaroaren 20an, egin zioten tiro Madrilen, Kongresuko diputatu akta hartzera zihoala.

Euskal Herriko prozesu politikoan gogorra bezain esanguratsua izan zen gertaera hari buruz lan sakon bat egiten ari da GARA, Josu Muguruzaren izena eta izana ez ezik, orduko une historikoa ere hobeto ezagutu eta ulertzeko. Aljerreko elkarrizketa politikoekin jo zuen gailurra ziklo politiko hark, Francoren heriotzaren ondoren hasitako trantsizioak hamar urte bete zituenean. Gatazka konpontzeko aukera sortu zen eta ezker abertzaleak, negoziazio politikoaren bidez, beste marko juridiko-politiko bat, KAS alternatiban oinarritua, lortu nahi izan zuen, Estatuak egindako erreformek (Espainiako Konstituzioa, EAEko Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza) Euskal Herriaren ukazioa besterik ez zekartelako.

Beharbada, aurreko aipamen guztiek zerikusi handiagoa dute memoria historikoarekin “Asteari zeharka begira” atal honekin baino, honetan, egungo berriak eta egoera baititugu xede. Halere, orduko eta gaurko aldagaiak alderatuta, ondorio oso interesgarriak atera daitezke.

Aljerreko prozesua martxan jartzeko aukera, funtsean, ETAren borroka armatuak ekarri zuen. Hala onartu zuen orduko PSOEren Gobernuko bozeramailea zen Rosa Condek, bide poliziala erakunde armatuarekin amaitzeko gai ez zela esan baitzuen. Beste formulazio bat ere egin daiteke, Alfredo Perez Rubalcabaren gustukoa. ETAren bonbek eta HBren bozek (2007ko Europako hauteskundeetan jo zuen sabaia) «konbentzitu» zuten Gobernua elkarrizketak hasteko. Ez zen amaraun instituzionala auzitan egotearen ondorio izan. Konstituziotik eratorritako egiturak zilegitasun falta zuen Euskal Herrian, eta ezker abertzalearen jarduerak ez zion egonkortzen uzten, baina, halere, egitura autonomikoen alde apustu egin zuten indar guztiek (EA eta ELA barne, esate baterako) bide hari eusten zioten. Ondorengo konponbide prozesuen oinarria, berriz, marko juridiko-politikoa auzitan jarri izana izan da, aldaketaren aldarrikapena ezker abertzaletik baino harago zabaldu baita. Nabarmen, Lizarra-Garaziko saiotik aurrera.

Erregimena kolokan

Hori da errealitatea gaur ere, «erregimena» kolokan baitago, Nafarroan, kasu, inoiz ez bezala. Are gehiago, Estatua bera oso krisi larrian dago, ustelkeriaren pipiak jota, krisiaren hurrengo astinaldiaren beldur eta «lurralde kohesioari» eutsi ezinik. Hain da larria krisia –krisi askotarikoa–, espainiar askok 1978ko erregimen sakratu eta goraipatua zalantzan jarri baitute, Podemos fenomenoak erakusten duenez. Aldea dago, bai. Aljerreko mahaian eseri baino bi urte lehenago, elkarrizketaren bidea urratzen hasteko, ETAk barne txosten batean hauxe zioen: «Uste dugu Euskadik, epe motzean, ez dituela inola ere jauzi hori emateko [independentziarako urratsaz ari da ETA] beharrezko baldintza objektiboak betetzen, eta, halaber, epe horretan ez dela sumatzen Estatu espainolak eta agintean den blokeak krisirik izateko baldintza objektiborik».

Hortxe bada, gaur egun badira baldintza objektiboak aldaketa oso sakonak behartu ahal izateko eta aldaketa horiei irismen estrategikoa –independentziarantz– eman ahal izateko. Baldintza subjektiboetan eragin beharko dute halakorik gertatzea nahi dutenek, erronkari eusteko bide bakarra baitago: herri prozesu bat egituratzea. Herri babesa eta herri aktibazioa. Baina jakin behar da halako bide batek gobernu bat negoziazio mahai batean tiroka eserarazteko baino indar, elkarlan, esfortzu eta imajinazio handiagoa eska dezakeela.

Bilatu