Herriko jaiak ala jai herrikoiak?
Euskal Herrian jaiak ez dira soilik aisialdirako uneak; nortasun kolektiboaren, herri partaidetzaren eta aldarrikapen politikoaren isla biziak dira. Baina azken urteotan, bi jai ereduren arteko talkak gero eta agerikoagoak bihurtu dira: "herriko jaiak" eta "jai herrikoiak".
Lehenengoak gero eta gehiago instituzioek edo enpresa pribatuek diseinatu eta kudeatutako ekitaldi bihurtzen ari dira, askotan herritarren parte hartzea baztertuta eta logika ekonomikoaren menpe.
Jai herrikoiak, aldiz, herritarrek sortutako ospakizunak dira: auzolanean antolatzen diren, parte hartze horizontaletan oinarritzen diren eta euskararen, kulturaren zein borroka kolektiboaren transmisio espazio gisa bizirik dirautenak. Horietan irabazi ekonomikoa ez da helburua, eta lortzen den dirua ez da norbanakoentzako etekin bihurtzen, baizik eta herriko talde edo jai batzordeek herriarentzat ekimen gehiago antolatzeko erabiltzen da. Bi kontzeptu horien arteko aldea ez da hitz kontu bat, gure kultura eta komunitatearen etorkizuna dago jokoan.
Autogestioa galbidean. Euskal Herriko txoko askotan herritarrak egon dira beti jaiak antolatzen lehen lerroan: gazte asanbladak, txosna batzordeak eta herri mugimenduak izan dira ospakizunaren ardatzak. Horrelako antolaketa moduetan euskararen erabilera naturala, aldarrikapen sozialak eta herri-identitatea uztartzen dira. Gure kaleetan sortu eta bizirik iraun duten bertso saioak, dantza plazak, herri kirol erakustaldiak... horiek guztiak jai herrikoien fruituak dira.
Ordea, enpresa pribatuen eta instituzioen pisua nabarmen handitu da jai eta festibal askoren antolaketan. Ticket buy sistemak, azpikontratazio masiboak eta sarrera ordaindu beharreko kontzertuak dira orain ohikoa. Horrek autogestioa eta herritarren parte hartze zuzena gutxitzen ditu, eta, batez ere herri txikientzat, jaiak antolatzea gero eta zailagoa bihurtzen da.
Euskal Kulturaren Bihotza. Jai herrikoiak ez dira soilik ospakizun bat: kultur transmisioaren eta belaunaldien arteko loturaren tresna eraginkorrenak dira. Bertan sortu dira gure musika tradizionala, bertsolaritza, dantzak, antzerkia eta abar. Herriaren plazetan euskaraz hitz egitea, kantatzea, eta dantzatzeko aukera izatea ez da soilik ohitura; gure hizkuntzaren eta kulturaren biziraupenerako oinarria da.
Eredu pribatizatuek, ordea, toki gero eta gutxiago uzten diete euskarari eta tokiko sorkuntzari. Adibidez, plaza batean doako kontzertu bat ikusteko aukerak gero eta urriagoak dira; ordea, ordaindu beharreko jaialdi handiak areagotzen ari dira. Horrek gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko eta partekatzeko espazio naturalak murrizten ditu.
Musika Zuzenean. Musika taldeek, teknikariek eta antolakuntza profesionalek lan handia egiten dute, eta, noski, ordainketa duina merezi dute. Baina nork ordaindu behar du hori guztia? Hiri handietan edo aurrekontu zabala duten udaletako festetan, halako kontratazioak posible dira. Baina herri txikietan, non jaiak gazteek boluntario gisa antolatzen dituzten, prezio horiek jasanezinak bihurtzen ari dira.
Adibide esanguratsua da ETS taldearen kontzertua Barakaldoko BECen. Arrakasta ikaragarria izan zuen, baina horrek ere erakusten du “jai herrikoien” izena produktua bihurtzeko arriskuan dagoela. Talde askoren ibilbidea jai herrikoietako edo txosnetako oholtzetan hasi zen, baina gaur egun diruaren logikak jatorrizko eredutik gero eta gehiago aldentzen ditu.
Gazteen parte hartzearen etorkizuna: arriskuan? Gazteen zein herritarren inplikazio aktiboa ezinbestekoa da jai herrikoiak bizirik mantentzeko. Auzolanaren bidez ardura kolektiboa eta herri identitatearekiko konpromisoa transmititzen dira belaunaldi batetik bestera. Azken urteetan jai ereduen profesionalizazioak, baliabide ekonomikoen eskasiak eta gizartearen pasibotasun gero eta handiagoak gazte askorentzat jaien antolaketa zama bihurtu da. Inplikazioa ahultzen den heinean, komunitatetik urrunago dagoen gazteria sortzen ari da, soilik kontsumitzaile rola hartzen dute, sortzaileak edo antolatzaileak izatetik urrunduz. Hau ez da kasualitatea izan, sistemak berak bilatzen du herritarren antolakuntza gaitasuna ahultzea eta jai herrikoiak despolitizatzea, kontrol soziala eta errepresio bortitza errazago ezartzeko.
Gainera, txosnetan kontsumo arduragabea eta litroetan oinarritutako aisialdia gero eta ohikoagoa da, lan kolektiboaren eta jaiaren balio sinbolikoaren kaltetan. Kontzientzia falta gero eta nabarmenagoa da, ez da ikusten atzean dagoen lan guztia, ezta auzolanaren bidez sortzen den komunitate harremana ere. Arrisku nagusia ez da soilik jai herrikoien eredua galtzea; horrekin batera, aisialdian kulturaren eta hizkuntzaren transmisioa eten daiteke, eta belaunaldi berriek herri mugimenduaren parte sentitzeko beharra gal dezakete.
Jai herrikoiak: pribatizazioaren aurkako borrokaren parte. Hezkuntzaren eta osasunaren pribatizazioaren aurka jendeak kaleak hartu dituen bezala, jai herrikoien pribatizazioaren aurka ere borrokatu beharra dago. Jaialdi pribatuak ugaritzen ari dira, eta jai herrikoiak gero eta urriagoak dira, edo baldintza zailagoetan antolatzen dira. Horrek asanblada bidezko antolaketa, elkartasuna eta auzolana bezalako balioak kolokan jartzen ditu.
Espazio publikoetan aisialdi doakoa eta euskalduna aurkitzea gero eta zailagoa da. Euskal sortzaileei ez zaie beti lehentasunik ematen, eta horrek kulturaren aniztasuna eta tokiko sorkuntza murrizten ditu.
Hori guztia kontuan hartuta, jai herrikoiak babestea eta sustatzea ez da soilik tradizio kontua: erresistentzia kulturala da, eta komunitatearen erdigunetik eraikitzen den etorkizun baten aldeko apustua.