Ana Moreno eta Gonzalo Larruzea
Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta Hezkuntza ikuskaria, hurrenez hurren

Heziberri 2020. Eta orain zer?

Zer esan nahiko luke irakasleak kontuan hartzeak? Gutxienez, lau gauza hauek: entzuten jakitea, argitasuna, prestakuntza eta koordinazioa.

Grafikoetara murrizteko ahaleginak egin arren, hezkuntza prozesu dinamiko eta konplexua da, aldagai sare trinko batek baldintzatua. Ikasten diren ezagupenen zati bat posible da kualifikatzea eta ebaluatzea; beste ezagupen asko, ordea, ez da erreza neurtzen eta efektuak denborak aurrera egin ahala igartzen dira. Ziurgabetasun-puntu hori aintzat hartuta, Heziberri 2020 hezkuntza-planaren ibilbideko sei ikasturteen balantzea egin behar da, kontuan hartuta 2021 urtean sartuta gaudela. Aitzakia LOMCEren ondorioak arintzea zuelarik, Heziberrik euskal curriculumaren dekretua (2007) ordezkatu zuen. Hobetu al da euskal hezkuntzaren kalitatea Heziberri 2020rekin? Gai izan al da dekretu berri hau paperetik ikasgelara jauzi egiteko eta bikaintasunean sakontzeko?

Ikasgelaren eguneroko jardunaren behatokitik eta hainbat ikastetxerekin harremanen ikuspuntutik iruditzen zaigu Heziberrik isla ahula izan duela benetako hezkuntzan: gaitasunen araberako ikaskuntza edota arazoetan oinarritutako metodologia ez dira praktika nagusi gisa finkatu. Beste behin ere, dekretu baten bidez hezkuntza goitik behera aldatu nahi izateak ez du funtzionatu.

Ikusita hezkuntzaren esparruan erabakiak hartzeko orduan sortzen diren tentsio ideologiko eta ekonomikoez jabetuta, ez da harritzekoa irakasle asko eta asko ez egotea prest ebidentziarik gabe norabide aldatzeko, ezta merkatutik edo teknokraziatik datozen edozein proposamen onartzeko ere, humanismoz mozorrotuta egon arren. Panorama osatzeko, esan dezakegu beste batzuk, beren aldetik, eroso bizi direla betiko eskemetan eta aldaketarako uzkur agertzen direla. Eta, azkenik, beste askok, zalantzarik gabe, irakasteko modua birplanteatu nahi dute, baina ez dakite nola heldu proposatzen zaizkien kontzeptu eta ebaluazio-irizpide lauso horiei.

Gauzak horrela, geure buruari galdetu diezaiokegu zer neurri hartu behar diren euskal irakaskuntzaren kalitatea, berrikuntza eta, batez ere, ikasleen ikaskuntza-maila hobetzeko. Gure proposamenak «portugaldar bide» arrakastatsuaren alde egiten du, hau da, ahaleginak hezkuntza-sistemaren giltzarrian zentratzea: irakasleengan.

Zer esan nahiko luke, orduan, irakasleak kontuan hartzeak? Gutxienez, lau gauza hauek: entzuten jakitea, argitasuna, prestakuntza eta koordinazioa.

Entzun beharra. Abiapuntu txarra da profesional bati esatea egiten duenak ez duela balio. Zerumuga jakin bati uko egin gabe, irakasleak bere ohiko jardunetik abiatu behar du, eta horri buruz hausnartu, barne-ebaluazioaren mekanismoen laguntzarekin. Bere esperientzian eta espiritu kritikoan oinarrituta, funtzionatzen duena ez ezik, proposatzen zaiona zer interesen zerbitzura dagoen ere baloratzeko gai da.

Argitasuna. Premiazkoa da gaitasunak, bereziki horietako batzuk, hobeto definitzea, ebaluazio-irizpideak askoz gehiago finkatzea eta ikasleek maila bakoitzean behar dituzten lorpenak eta Oinarrizko Hezkuntzaren amaierako irteera-profila hobeto zehaztea.

Prestakuntza. Administrazioak bi zeregin proposatu behar ditu. Alde batetik, bere profesionalen artean talentua identifikatzea eta sustatzea, irakasle-ikertzaile horiek gainontzeko irakasleengan trakzio-efektua izan dezan. Bestalde, elkarlaneko kultura sustatzea. Irakasle batentzat erreferenterik onena gelan benetako esperientzia duen beste irakasle bat da. Bai hezitzaile berrien jarraipena egiteko, bai etengabeko prestakuntzarako, neurri berriak behar dira eta ez dira zertan izan behar garestiak: sareen sorrera, berdinen arteko ikaskuntza, praktika egokien trukea, prestakuntza-orduak zonaldeka, irakasle bisitarien programak eta ondo aukeratutako hezkuntza-baliabideen ataria. Horrek guztiak lanbide-profil zorrotza baina aldi berean erakargarria sustatzen lagunduko du. Horrez gain, curriculumaren argaltzea eta Berritzeguneen egokitzapena ezinbesteko zereginak izango lirateke fase berri honetan.

Koordinazioa. Bigarren Hezkuntzako mintegi koordinazio-ordu bat ez da nahikoa, esaterako. Ikastetxearen barruan elkarren koordinazioa eta talde-lanak denbora eskatzen dute. Irakaskuntza jarduera haratago doa eta ezin da identifikatu gela barruan pasatzen diren orduekin soilik.

Benetako hezkuntza-iraultza ikasgelan izango da edo ez da izango. Irakasleak ezin dira beren esperientziaren arabera bakarrik gidatu, eta politikak eta ikerketak ezin dute alde batera utzi gelan lan egiten duenaren ezagutza eta begi kritikoa. Irakaslearen profesionaltasuna da gure hezkuntza-sistemaren funtsezko zutabea, eta, beraz, horretan datza datozen urteetan landu beharko den hobekuntza- eta berrikuntza-ildo nagusia. Irakasleekin kontuan hartu gabe, Heziberri ez da gauzatuko.

Bilatu