Arantza Urkidi Ostolaza
Zumaiako Herri Eskolako hezitzailea

Heziketa berezian bagoaz aurrera!

Uste dugu administrazioarekin adostutako akordioa gure lan baldintzak hobetzeko lehen urratsa dela, hitzarmen berri baterako abiapuntu egokia. Lanean jarraituko dugulako merezi dugun hitzarmen duina lortu arte

Uste dugu administrazioarekin adostutako akordioa gure lan baldintzak hobetzeko lehen urratsa dela, hitzarmen berri baterako abiapuntu egokia. Lanean jarraituko dugulako merezi dugun hitzarmen duina lortu arte

Dagoeneko hogeita bost urte baino gehiago pasa dira hezitzaile lanetan hasi nintzenetik. Aurrena, kuidadorak ginen; auxiliarrak eta laguntzaileak, gero; eta kategoria aldaketa bat zela medio, hezitzaile bezala ezagutzen gaituzte orain. Hasiera hartan, inor gutxik zekien gure berri, baina gaur egun eskola gehienetan presente gaude, eta denek dakite behar bereziak dituzten ikasleekin egiten dugula lan, beraien autonomia eta sozializazioa landuz eta ahal den neurrian integrazioa eta inklusibitatea bultzatuz, bai eskola komunitatean, baita gizartean ere.

Ibilbide horretan, aldaketa handia izan dugu lanean, hasierakoak ez dauka zerikusirik gaur egungoarekin; izan ere, lan asistentziala egiten hasi ginen gehienbat, baina berehala pasa ginen hezitzaile lanera. Gure funtzioak aldatuz joan dira, gaur egun eskolako parte gara eta bertako irakasleekin eta beste profesionalekin koordinatuta egiten dugu lan. Gero eta argiago daukagu eskolako klaustro, ebaluazio bilera eta koordinazio bileretan parte izan behar dugula eta horretarako bitartekoak jarri behar direla.

2004. urteko ekainean sinatutako lan hitzarmena daukagu; hau da, hamalau urte daramatzagu hitzarmenik sinatu gabe. Zaharkituta geratu zaigu arlo askotan, desfasatuta dago. Urteak daramatzagu gure egoera aldatu nahian, urteak daramatzagu aurrera egin nahian, ezinean, ataskatuta, horrek dakarkigun frustrazio eta inpotentziarekin.

Horregatik hartu dugu parte azken hilabeteotan izan ditugun mobilizazioetan eta grebetan, bai hezkuntzako beste kolektiboekin batera, baita gure kolektiboak bakarka egin dituenetan ere.

Urte hasieran administrazioak sindikatuekin adostutako puntuak irakurri genituenean, harrituta geratu ginen, 2011. urtean sinatu baina bertan behera geratu zen aurreakordioa baino hobea zela ikusi genuenean. Besteak beste, hauek daude jasota: 2019. urterako 260 lanpostu berriren eskaintza, eta irailean eta urrian sortzen diren ikasturte osorako plazak abuztuaren 31 bitartekoak izatea; gure kolektiboko fisioterapeuten, lan terapeuten eta gizarte langileen soldatak maisu-maistrenekin homologatzea (urteak eta urteak daramatzagu eskaera hori egiten!); hezitzaileon asteko arreta zuzena 30 ordukoa izango da gehienez hemendik aurrera, eta kontuan izanda astean 40 ordu egiten dituzten lankideak ditugula, aurrerapauso handia eta garrantzitsua iruditzen zaigu.

Gezurra badirudi ere, gaur egun heziketa premia bereziak dituzten ikasleak ez dituzte kontuan hartzen garraio edo jangela zerbitzuetako begiraleen ratioak kalkulatzean. Nongo ikasleak dira, bada? Ez ote dituzte, bada, beste ikasleen eskubide berberak? Hemendik aurrera, hori kontuan izango da, eta horrekin batera, beste zenbait aukera ere zabalduko dira: gure funtzioak aztertu eta berridazteko, eskolako parte nola izan hitz egiteko, gizarte fondoa, formazioa gehitzeko aukera...

Horregatik, uste dugu administrazioarekin adostutako akordioa gure lan baldintzak hobetzeko lehen urratsa dela, hitzarmen berri baterako abiapuntu egokia. Lanean jarraituko dugulako merezi dugun hitzarmen duina lortu arte.

Eskerrik asko LAB sindikatuari, heziketa bereziko langileokin elkartu eta gure iritziak entzuteagatik. Beste sindikatuen estrategia, presio eta txistu guztien gainetik, gure eskaera errespetatu eta akordioa sinatzeagatik.

Bilatu