Mikel Larraza Arbizu
Irakaslea eta ELA Hezkuntza Publikoko militantea

Hezkuntzarentzat ikasle errepikatzaileek ez dute kontatzen

Hezkuntza munduan, ikasleak maila errepikatzen uztea erabaki eztabaidagarria izan da beti. Ikasle horiengan eragin handia izan dezake, batez ere ikasturte berriaren hasieran. Emozionalki ez da erraza beraiekin izan den ikastaldeak aurrera egiten duela ikustea eta eurak urte bat gutxiago dutenekin geratzea. Horregatik, mailaz ez igotzeko aukera planteatzen denean, irakasle tutoreek, espezialistek, orientatzaileek eta hezkuntza-laguntza unitateko gainerako kideek aldagai guztiak aztertzen dituzte, erabaki hori familiari proposatu aurretik, berarekin ere adostu ohi baita.

Azkenean erabaki hori hartzen bada, adingabearen onuran pentsatuz hartzen da beti, neurri honek garapen prozesua bere ezaugarrietarako erritmo egokiagoan gauzatzea ekarriko duelakoan.

Ez naiz aztertzen hasiko errepikapena neurri komenigarria den ala ez, baina argi dagoena da errealitate bat dela, gertatzen dela eta epe labur eta ertainean, behintzat, gertatzen jarraituko dela.

Errealitate horren aurrean, harrigarria da, salagarria ez bada, Hezkuntza Departamentua sindikatuekin negoziatzen ari den ikasgeletako gehieneko ratioa murriztuko duten neurrien testuinguruan, ikasle errepikatzaileak ratio hori kalkulatzeko aintzat ez hartzea proposatzea. Hau da, ratioa 23tan finkatzekotan, Lehen Hezkuntzako gela batean 24 ikasle egongo balira, 12 ikasleko 2 gelatan banatuko lirateke. Baina 24 horien artean errepikatzaile bat balego, 24 geratuko lirateke gela batean, lehenengo kasuan baino irakasleen baliabide erdiarekin. Ikasle errepikatzaileak ez du kontatzen, ez du espaziorik okupatzen, ez du arretarik behar, jakina denean gainerakoek adina arreta edo gehiago behar duela.

Hori autonomia erkidego bateko Hezkuntza Departamentuak proposatzen du, hezkuntza orientatzaile bat buru duela, “Nafarroako hezkuntzaren ekitatea hobetzeko ituna” izeneko proposamenaren barruan.

Sinestezina dirudien arren, ez da txantxetakoa. Hori da dagoena, Departamentu honentzat ikasle errepikatzaileek ez dute kontatzen. Horrelako jarreren aurrean, gure kolektiboaren baldintzak hobetzeko mobilizatzen jarraitzea baino ez da geratzen. Bide bakarra da hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko eta, are garrantzitsuagoa dena, gure ikasleei merezi duten arreta emateko.

Bilatu