Ibon Meñika eta Ibai Alzaga
IPESeko kidea eta Mungiako Haizetara Elkarteko kidea

Hidalgo kapitaina

Erregimen frankistaren helburuen mesedetan aritutako gizon hau egindako lanagatik saritzen eta babesten jarraitu zuten ustezko demokrazian ere.

Manuel Hidalgo Salas Cadizen jaio zen 1936ko gerraren arestian. Gaztetan guardia zibil sartu, eta 30 bat urte zituela, Euskal Herrira heldu zen, nora eta Bizkaira. Baita Erandioko emakume batekin ezkondu ere, zeinarekin hiru seme-alaba izan zituen. 60ko hamarkada hartan, informazio zerbitzuetan nabarmendu zen; alegia, erregimenarekiko disidentziaren kontrol, jazarpen eta errepresio lanetan.

Frankismoaren irudiko ondo betetako zereginen ordainean, 1972an kapitain izendatu zuten eta Gernikatik ia Bizkai osoa bihurtu zuen bere menpeko eremu. Berezko zituen handinahiak, izaera zertxobait eszentrikoak eta sen psikopatak gainerakoa egin zuten, besteak beste, Busturialdean, Lea-Artibain, Durangaldean zein Uribe Butroen Hidalgo kapitainaren legenda beltza zabaltzeko. Izan ere, berari buruzko datu biografiko asko ezagutzen ez dugun arren, herriz herri egin zituenen kontakizun amaigabeak entzun daitezke oraindik, bere agerraldi beldurgarriak, jipoi sadikoak edo tortura saioak jasan zituztenen ahotik. Testigantza horietako ugarik gogoratzen dute zaldian ibiltzeko botak soinean, usta eskuan zuela, helikopteroan heltzen zein Sukalki Egunean ikurrina bat zintzilikatua zuen zuhaitza bota nahian Mungian, atxiloketa arbitrarioen buru edonon, Txiki, Otaegi eta FRAPeko beste hiruren fusilamenduaren lehen urteurreneko protestei tiroka erantzuten Gernikan edo Josu Arrizabalaga ondarroarrari bere atxiloaldira ongi etorria emateko mailu batekin buruan joz.

Horiek guztiak eta beste asko egun argitan eta inpunitate osoz egin zituen urte haietan Hidalgo kapitainak, baina gauza jakina da Fuerza Nuevako mitinetan parte hartzen zuela eta baita talde parapolizialen eraso askoren laguntza eta antolakuntzan aritu zela ere. Zonalde honetako jaun eta jabe zela, urte haietan Uribe Butroen eta Busturialdean Guardia Zibilak zein talde parapolizialek utzitako ondarea aztertuz gero, zerrenda makabroa osa dezakegu: jipoiak; hainbat herritar torturatu; 1973an guardia zibilek Fruizen tiroz akabatutako Joaquin Diestre gasteiztarraren erailketa; 1974an guardia zibilek kontrol batean tiroz larriki zauritutako Pedro Bilbao gernikarraren kasua; 1975ean guardia zibilek Mungiako Zigor dantzalekuko atean tiroz akabatutako Alfredo San Sebastian plentziarraren erailketa; 1975ean guardia zibilek Gernikan tiroz akabatutako Blanca Salegi eta Iñaki Garai senar-emazteen erailketa; 1975ean zehar Busturialdeko hainbat herritan egin ziren negozio zein etxebizitza desberdinen aurkako erasoak (leherketak, tiroketak…); 1976an ezezagun batzuek Mungiako Jai Alai tabernaren aurka egindako tiroketa; 1976an ezezagun batzuek Nicolas Madariagaren Bakioko etxean leherrarazitako lehergailua; 1976an zenbait ultrak Bermeon, Mundakan eta Gernikan ehunka autotan egindako gurpil zulaketak. Behin Franco diktadorea hilda, eta trantsizio demokratiko deritzon aurpegi zuriketa haren mesedetan, 1976ko abenduan garaiko agintariek azkenean Hidalgo kapitaina lekualdatzea erabaki eta Leonera bidali zuten.

Beste askok bezala, Hidalgok gaur egun oraindik pairatzen jarraitzen dugun trantsizio ustez eredugarri haren izpiritua ezin hobeto islatzen du. Izan ere, lekualdaketa haren ondoren berari buruz dauden hurrengo erregistroek adierazten digute, esaterako, 1989an Jaeneko 213 Komandantzian teniente koronela zela, eta Guardia Zibil Laguntzaileen Eskolan ikasketaburu ere izan zela. Alegia, erregimen frankistaren helburuen mesedetan aritutako gizon hau egindako lanagatik saritzen eta babesten jarraitu zutela ustezko demokrazian ere. Gauzak horrela, Manuel Hidalgo Salas 2012ko urtarrilaren 13an, orain hamar urte, hil zen Ubedan, esan ohi den moduan, ohean. Inoiz ez ikertua, sekula ez epaitua, nehoiz ez zigortua.

Bilatu