Asier Fernández de Truchuelo Ortiz de Larrea

Hildakoen dantzatik arnasguneetara

XIX.eko Ipar Amerikan ekialde europarra, «zibilizatutakoa» eta industriala (azkenengo aurrerapen teknikoak zituenak) mendebalde indigena eta basatiaren aurka. Lurren lapurreta eta herri baten hondamendia baino basakeria handiagorik al dago?

«Manitu handiak ni gizon zuria izatea nahi izan balu, halaxe sortu izango ninduke. Harek berdinak izan gintezen nahi izan balu, bihotzetan gizon zuriek dituzten irrika eta asmo berak piztuko zizkigun».

Tȟatȟáŋka Íyotake (Zezen Eseria) 1831-1890

XIX. mendearen bukaeran indiar nazioen galera nabaria da. Lurren kolonizazioa eta kultur asimilazioa «The Union Pacific» (1865) trenbideak aurrera egiteko zeraman abiadura berarekin burutzen zen.

Egoera latz honetan «hildakoen dantza» sortu zen. Erlijio berri bat, sinkretikoa, kristautasuna eta bertako sinesmenen arteko nahasketaz sortutakoa. Esatera zetorrena zera zen, zelaietako biztanleek sinesmen eta usadio zaharrei eutsi ez zietenez gerrateak galdu eta erreserbetan giltzapetu zituztela. Hala ere ohitura zaharrak berreskuratzen bazituzten pizkundea iragartzen zien.

Ameskeria, 1890eko abenduaren 29an, Čhaŋkpé Ópi Wakpála (Wounded Knee Creek) sarraskiaren ostean bukatu zen. Bi aste lehenago (abenduaren 15ean) Zezen Eseria –Sioux Lakoten buruzagi eta gidari espiritual ospetsua– Standing Rock gordelekuan, Estatu Batuetako kerispean zegoelarik, Lakota poliziaren eskuz eraila izan zen.

Hilketaren geroztik dena eraldatu zen, Lakota eta jaiotzez bertokoak ziren beste herriak, denboraldi luze baterako burua altxa ezinik aurkituko ziren. Nafarrak bezala Extremadurako Villalba Koronelak, Cisnerosen agindupean, erreinuko gotorleku guztiak lurrarekin berdindu zituenean (1516).

Garai berean Espainiako iparraldean gerrate zibilek (1833-1876), gerora Karlistaldiak deiturikoak, Probintzia Foralak eta Nafarroako Erresuma odolduak eta suntsituak utziko dituzte. Ordezkapen etniko eta kultural bati hasiera emanez, herria erabat urardotuz.

1876.eko uztailaren 21ean, Cánovasek –garaiko espainiar liberal lehendakaria– euskal hiru probintzietan foruak indargabetu zituen eta Espainiako beste probintziekin berdindu. Lehenago 1841ean Nafarroako probintzia, urte berean erreinua izateari utziko zion, Espartero jeneralaren eskutik "Ley Paccionada" «adostu» zen. Aurreneko mendean, XVIII. mendearen bukaeran hain zuzen, Prantziako euskaldunak iraultzaren eraginez (1789-99) atzerritar konstituzio eta zuzenbide orokor berriak onartzera behartuak izan ziren, berezkoak zituzten egiturak eta berezitasunak irauliz.

Egoera eta lege berriak bizimodu aldaketa bat ekarriko zuten, batez ere, herri xumeak pairatuko zuena. Aduanak Ebro ibaitik kostaldera eta Prantziako mugara ordezkatuak izan ziren, etekin iturri nagusi bat galduz, atzerritik ekarritako eta euskal jatorria zituzten gaiak ia ez zuten zergarik ordaintzen. Bakarrik muga gaindituz Gaztelan sartzen zirenean ordaintzen zuten. Zergak (gaurko «cupo»a gerren ondorioz ezarritako zigorra besterik ez da, zeharkako zergez hornitutakoa), kintak (soldadutza egiteko beharra), auzo lurren salmenta (ohiko euskal nekazaritza eusten zutena), ohitura zaharren eta hizkuntzaren galera. Garai berean gizarte industrial berria eta arrotza sortu zen, ohitura eta arazo ezberdinekin.

Genozidioa, indarkeria eta jazarpenak ez ziren eten. Saiatu arren «Wounded Knee»n isuritako odolaren oihartzuna ezin izan zuten isilarazi eta 1973.eko udaberrian Lakota herria giza eskubideak aldarrikatzeko altxatu zen. EEBBak erabilitako errepresioa guztiz neurrigabekoa izan zen.

Amerikako Indioen Mugimenduaren (AIM) eta Oglala Lakota leinuko kideek hirurogeita hamaika egunez «Pine Ridge» erreserban dagoen «Wounded Knee» hiria hartu eta bertan aterpeturik Marshall, CIA, BIA eta FBI poliziei eta GOONs talde paramilitarrari aurre egin behar izan zieten.

EEBBetako Gobernu Federalak urtetan gerra zikina erabiliko zuen. Banandu eta irabazi politikari etekin handia aterata, urte luzez OSCRO (Oglala Siux giza eskubideen taldea - Oglala Sioux Civil Rights Organization), Sioux tradizionalisten eta AIM kideen kontra gerra ezkutu bat antolatuko zuen, GOONs (Oglala Nazioaren Babesleak - Guardians of the Oglala Nation) talde paramilitarrari azpi laguntza eskainiz.

Konkista eta kolonizazio prozesu guztietan adiskidetu ezinak diren gizarte bi talka egiten dute. Bi kultura ezberdinen arteko topaketa eta borroka gertatzen da. Borroka biotako bat desagertu arte ez da geldituko.

XIX.eko Ipar Amerikan ekialde europarra, «zibilizatutakoa» eta industriala (azkenengo aurrerapen teknikoak zituenak) mendebalde indigena eta basatiaren aurka. Lurren lapurreta eta herri baten hondamendia baino basakeria handiagorik al dago?

Euskal herriko gizartea, berezko zuzenbidearekin eta erakunde herritarrekin (foruak eta batzarreak), berdintasunezko eskubidetan oinarritutakoak, Aitorren semeak (hidalgia orokorra) bi inperioen kontra, bata hil zorian bestea goraka ari zena, botere militarraren jabeak, berdintasunaren aitzakiaz benetako askatasunaren suntsitzaileak.

XXI. mendean gaude eta oraindik bi herri hauen auziak konpontzear daude. Gatazka noizean behin eztanda egiten du. Siouxak 2016. urtean Dakota olio bideren kontra altxatu ziren, erreserbetan konfinatutak erraz isilarazi zituzten.

Euskal herrian "normalizazio" prozesu baten gaude. Normalizazioa, anormalizazioa eta asimilazioa dakarkigu. Euskara asnarguneetan (erreserba) desagertzear dauden animalia basatien antzera. Lehia gero eta leunagoa, konkistatzailekin gero eta antza gehiago, konkistatutako herriak konkistatzailekin guztiz adiskidetzen direnean konkista burututa dago.

Bilatu