Hitzaldiak Piarres Larzabalez Euskaltzaindiaren eskutik
Urriaren 16an, Baionako Fakultatean hitzaldi guziz interesgarriak eginen dira Piarres Larzabal euskaltzaleaz. Euskalzaindiko Literatur batzordeak bere gain hartu du egun hori antolatzea Euskaltzain izan zen Piarres Larzabalez; alabaina badu mende bat sortu zela Azkainen antzerkile, euskaltzale eta abertzale suharra izan zen apez lapurtarra.
Prentsaurreko batean literatur batzordearen kide den Jon Casenavek ezin hobeki bildu du Larzabalek daukan toki zabala euskal literaturaren historian. Erakutsi du nolako mezua zabaldu nahi zuen euskal kontzientziaren alde eta nolako helburu pedagogikoak bazituen gai bizi-biziak hautatuz eta egokituz. Irria zuen arma Larzabalek, baina behazaleen bihotza hunkitzen bazakien ere, ber denboran euskara aberatsa eta herrikoia erabilitz.
Haren ondotik Landart, Luku, Hirigoientarrak, Irigarai ezagutzen baldin baditugu ere, Larzabalen lana paregabea gelditzen da. Kontuan har 40 antzerki luze egin zituela eta 100 pieza bat labur. Guti dira Euskal Herrian hain emankor izan diren idazleak.
Bere garaian oihartzun handiena izan dutenak agian gertakari historiko baten inguruan edo pertsonai historiko baten inguruan idatzi dituen antzerkiak dira, hala nola Etxahun, Bordaxuri, Ibañeta, Berterretx. Ez ahantz -kontrabanda ez batzitzaion pekatu larri- zer titulu balistikoa asmatu zuen Mugari tiro deitu pieza izendatzeko, edo nolako bizitasuna ematen zion arrantzaleen mintzairari Portu xoko piezan.
Antzerkia, jokatua izatekotan, kolektiboa da. Ehunka eta milaka izan diren Larzabalen antzerkiaren behazaleek, ez dituzte ahanzteko haren euskara sarkorra eta intrigaren lotzeko errextasun zoragarria. Eta garai hartan jokatzen ari ziren aktoreek eta aktoresek ozka bat gorago ezarri zioten euskarazko teatroa,
Euskal Herrian antzerkiak bazuen arrisku : testuak galduak izatea eta memorio kolektiboan arrasto guti uztea. Beharrik Piarres Xarritonek bere gain hartu du Larzabalen obra gehienak biltzea sei liburukitan eta bestalde Aurelia Arkotxaren zuzendarizapean garatu duen tesis batean Isabel Etxeberriak P. Larzabalen obra aztertu du luze zabalean. Obra hori aipatuko du Baionan I. Etxeberriak heldu den ortziralean. Haren ondotik Patri Urkizuk aurkeztuko du Larzabalen obra nola hartua izan den Hegoaldean, non antzerkiak oro har ez baitu izan iparraldean bezain ohiturik. Daniel Landartek eta Antton Lukuk Larzabalen antzerkia nola ikusten duten aipatuko dute. Guziz interesgarria izanen da Larzabalen ondotik antzerkia bizi arazi duten bi arizale horien aburua ezagutzea.
Aldi honetan Larzabalen antzerkia izanen da aztergai. Erran gabe doa beste alderdi anitz ikertzekoak direla, hala nola Larzabalen mintzaira, gaurko euskaldun frankoren euskara aseptizatuak on lukeelakotz Larzabalen lumatik zerbait hartzea eta bestalde Larzabalek izan zuen etsigabeko engaiamendua. Ez ahantz Anai artean taldea berak bultzatu zuela Monzon eta Arregirekin eta bestaldetik etortzen ziren iheslariak.artatu zituela bihotz handiz. Bere gaurkotasuna ez bide du galdu Larzabalen kemenak, ez antzerkian ez Euskal Herriaren aldeko mugimenduan.