Xabier Isasi eta Estitxu Breñas
EH Bilduko legebiltzarkideak

Hizkuntza politika eta kontsentsua

Erregea larrugorrian dabil! Umearen oihuak salatu zuen inork ikusi nahi ez zuena, bistakoa izan arren. Urliak beldur ziolako, Sandiak interes lizunak zituelako eta Berendiak itsu sinesten zuelako erregea jantzita zebilela.

Hizkuntza politikaren gaineko kontsentsuaz erregearen soinekoaren antzera gertatzen da: ez dago. Ez dago, baina Urliak, beldurrez, ez du onartu nahi, Sandiak interes lizunak dauzka kontsentsurik ez dagoela ametitu ahal izateko eta Berendiak itsu sinetsi du kontsentsua egon badagoela, babo arraioa!

Ez dago kontsentsurik hizkuntza politikan. Are gehiago, ez da sekula santan ere egon. Ez 1982ko legea onartu aurretik, euskara batuaren inguruko eztabaida mikatzetan murgildurik genbiltzanean, ez lege hura onartzerakoan Gasteizko Legebiltzarrean, APk aurka egin eta HBk parte hartzen ez zuenean, ez azken urteotan EH Bilduri hizkuntza politikaz ekimen oro oztopatzen edo ukatzen zaionean. Ez dago kontsentsurik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ezta Iparraldean eta Nafarroa Garaian ere.

Ez dago kontsentsurik. Alabaina, hizkuntza politikako arduradun nagusiak kontsentsua gora eta kontsentsua behera ari dira, kontsentsua arriskuan dagoela, kontsentsua puskatu egin daitekeela, euskararen inguruan lortutako adostasuna galtzekotan bizikidetza kinkan eror daitekeela eta abar. Nola daiteke? Zergatik?

Ez dago kontsentsurik ez hizkuntza politikan, ezta euskararen inguruabarretan ere. Kontsentsua badela esatea EAJren, eta PSE-EEren, jukutria da hizkuntza politika ez aldatzeko eta, bide batez, bestelako hizkuntza politikarik egin daitekeela ukatzeko.

Halere, ez dago kontsentsurik. Ez dago kontsentsurik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Jaurlaritzak, eta EAJk, PSE-EEren laguntzaz, EH Bildu eta euskalgintzako sektore zabal bat baztertu, zokoratu eta isilarazi nahi dituelako.

Ez dago kontsentsurik, hizkuntza politika limurtzailetik eta antzutik harago, beste politika zorrotzago eta eraginkorrago bat badagoelako. Ez dago kontsentsurik Euskararen Aholku Batzordean EH Bildu ez dagoelako eta ikuspegi kritikoak baztertzen direlako.

Ez dago kontsentsurik euskararen egoeraren gaineko diagnostiko bakarra inposatzen dutelako: euskara biziberritzen ari dela, batez ere, Jaurlaritzaren ekimenei esker. Ez dute onartu nahi udalerri euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, euskaldunen proportzioa ahultzen eta euskararen erabilera eta presentzia makaltzen ari dela.

Ez dago kontsentsurik alegiazko elebitasun orekatua aukera bakarra izango balitz bezala ari direlako, bestelakorik ezinezkoa dela sinetsarazi nahi digutelako. Ez dute onartu nahi beste ikuspegi desberdin batzuk badirela eta elkarren ondoan, errespetuan, erabil daitezkeela, batak besteak ukatu gabe.

Ez dago kontsentsurik irakaskuntzako hizkuntza-eredu antzuak (A, B eta D) aukera bakar gisa defendatzen dituztelako hezkuntza sisteman. Murgiltze-ereduaz hitz egin ahal izateko zirrikiturik uzten ez dutelako.

Ez dago kontsentsurik hedabideetarako hizkuntza politika zehazteko proposamenik onartzen ez dutelako. Ez dago kontsentsurik kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak defendatzeko ekimenetan. Ez dago kontsentsurik erakunde publikoen erantzukizuna behar duena herritarren bizkar utzi nahi dutelako. Hizkuntza politika batzuen eta besteen apetaren baitako zerbait izango bailitzan ez dago kontsentsurik.

Ez dago kontsentsurik, azken buruan, EAJko buruzagiek, ustezko kontsentsuaren izenean, normalizazioaren aurkako status quo egoerari eutsi gura diotelako. Ez digute entzun nahi, hizkuntza politika zalantzan ipini nahi ez dutelako.

Hala eta guztiz ere, kontsentsurik ez badago ere, adostasuna behar da euskara normalizatuko bada.

Bilatu