Aitor Irigoien
Enpresen Antolaketa Zuzendaritzan lizentziaduna

Hondar eta izar artean, bizitza osoa biziaren zain

Erabat txundituta nengoen, zeruko milaka izarrei begira. Horretan, haimako bi haur gerturatu zitzaizkidan, harridura aurpegiarekin: «Zertan ari zara? Ondo al zaude?». Izan ere, niri hain ederra iruditzen zitzaidan hura, eurentzat ezin arruntagoa zen. Hondar eta izar artean bizirautera behartutako herria izaki.

Gau luze eta ilunak bizitakoak baitira Mendebaldeko Saharako biztanleak, 1884an Espainiako lehen espedizioak iritsi zirenetik. 1960an, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1514 ebazpena onartu zuen, ordea. Bertan, Saharak bere etorkizuna erabakitzeko zuen eskubidea aitortzen zen, eta Espainiari hori gauzatzeko eta Saharatik joateko eskatzen zitzaion. Espainia ados azaldu zen, eta erreferenduma egitea onartu zuen.

1975ean, alabaina, hitza ez betetzeaz gain, Espainiak Madrilgo Hiruko Akordioa sinatu zuen, ezkutuan, Maroko eta Mauritaniarekin, Saharako lurrak bi horien menpe utziz.
Urte berean, Martxa Berdea deituriko inbasioa prestatu zuen Marokok, Saharako lurrak bortizki bonbardatuz. Ondorioz, sahararren zati handi batek Aljeriako desertura ihes egin behar izan zuen. Era berean, 300.000 marokoar kolono Saharara abiatu ziren, ihes egindakoen etxeak okupatzera. Testuinguru hori baliatu zuen Mauritaniak ere, hegoaldetik Saharari erasotzeko. Honen aurrean, Espainia bere tropak Saharatik ateratzera mugatu zen.

Horrenbestez, aipatu erasoen aurrean, sahararrak beren buruak babestu beharrean aurkitu ziren. Mauritaniarekin 4 urte iraun zuen gudak, 1979an erasotzaileak atzera egin zuen arte. Marokorekin luzeago jo zuen, 1991n bi aldeek bake ituna sinatu zuten arte. Oinarrizko bi puntu adostu ziren: Saharako biztanleriaren zentsua osatzea eta urtebeteko epean autodeterminazio erreferenduma egitea.

Saharak adostutako guztia bete zuen. Marokok, aitzitik, ez zuen hitzemandakoa bete. Alderantziz, okupazioa sakontzen eta edozein aurrerapauso oztopatzen jarraitu zuen, konponbiderako borondate gabe. Asmo bakarra zuen: une hartako egoera luzatzea. Blokeo egoera da nagusi ordutik, eta Saharak hiru zatitan banatuta jarraitzen du:

1. Errefuxiatu kanpamentuak: 200.000 pertsona inguru (biztanleriaren erdia baino gehiago) erbestean daude, Aljeriako desertuko leku idorrenean. Laguntza humanitarioari esker bizirauten dute, baina hori ere %45 murriztu da. Osasun eta hezkuntza arloan aurrerapenak lortu dituzten arren, egoera gero eta zailagoa da: desnutrizioa, osasun arazoak, langabezia, aukera falta, nekea, frustrazioa… Belaunaldi gazteek deserria soilik ezagutzen dute.

2. Gune okupatua: Saharako jatorrizko lurren 2/3a suposatzen dute, eta kostalde osoa (gune emankorrena) hartzen dute. Hango egoera ere oso gogorra da, Marokoko gobernuak, inpunitate osoz, errepresio eta giza eskubideen urraketa sistematikoa aplikatzen baitu: pertsonen desagertzeak, tortura, epaiketa militarrak, adierazpen askatasun eza…

3. Gune liberatua: Saharako jatorrizko lurren 1/3a dira, barrualdeko lurrak eta txiroenak. Gudan sahararrek berreskuratu zituztenak eta orain sahararren esku daudenak.

Gune okupatuaren eta liberatuaren artean, Sahara goitik behera zatitzen duen «lotsaren» harresia eraiki zuen Marokok. Guztira 2.700 km luze ditu, eta 10 milioi «mina antipersona» daude harresiaren inguruan, 160.000 soldaduren zaintzaz gain.

Egoera honen guztiaren jatorrian herrialde batzuen interes ekonomikoak daude. Kasu honetan, fosfatoaren (Saharan daude munduko erreserba handienak) eta arrantzaren (Afrikako arrain banku gehien bertan daude) ingurukoak.

Beraz, Marokoz gain, injustizia honek badu arduradun gehiago. Hasteko, Espainiako Estatuak du erantzukizun handiena, oraindik ere Saharako «potentzia administratzailea» delako. Baina 40 urtetan, bertako gobernu bakar batek ez du ezer egin egoera konpontzeko. Frantzia eta AEBak ere, Marokon dituzten interesak direla medio, haren aliatu leialak dira. Eta NBEn beto eskubidea baliatzen dute, hango ebazpenak ez gauzatzeko. Nazioarteko komunitateari dagokionez, 150 ebazpenetik gora onartu dira NBEn Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, Marokok Sahararen gain soberaniarik ez duela berretsiz eta okupazio ilegal bat dela garbi utziz. Guztiak paper hutsean geratzen dira, ordea. Eta hemengo estatuek Marokorekin akordio komertzial handiak sinatzen eta eurei armak saltzen jarraitzen dute.

Hala, pasatzen den egun bakoitza Marokorentzat garaipen bat da, eta Sahararentzat, aldiz, aurrez handia den sufrimenduaren areagotzea. Itxaropena agortzen eta etsipena agertzen hasia baita sahararren artean.

Hainbeste urteren ostean, bizirauteko eta euren kultura, nortasuna mantentzeko gai izan direnek, denon laguntza behar dute. Hondarretan bizi den herria, herri-hondar bihur ez dadin. Desertura ihes egindakoak desertu bilaka ez daitezen.

Euren jatorrizko lurretara, etxeetara, itzultzea soilik eskatzen du Saharak. Bakean bizitzeko eskubidea. Bizitzeko eskubidea. Bizitza. Itxaronaldi amaigabera kondenatu ditugun hauek bizitza osoa baitaramate zain. Bizitzaren zain. Hondar eta izar artean.

Bilatu