Mikel Soto
GAUR8

Hurrengoan ere bai

Ez neukan sanferminei buruz idazteko asmorik baina, aurrekoan, neure burua gisa honetan aurkitu nuen: etxera garagardo laten pakete astunak igotzen, aurreko egunean prestatutako kazolakada albondiga izozteko tupperreratzen, bokeroiak egiteko antxoak garbitzen, kilo eta erdi txekor masail ardotan erregosten, eta hurrengo egunean ajoarrieroa prestatzeko kilo bat bakailao gezatzen.

Hitz bitan: sanferminez hordi. Eta, bederatzi egunetako bakanalerako prestaketa pertsonalen erdian, Gora Iruñeak herri gunea lortu zuela jakin genuen. Beraz, urtero bezala, data hurbiltzen joan ahala, sanferminak edozeri gailentzen joan zitzaizkion, aurten arrazoi gehiagorekin... aurten bai!

Kartzelan bizi izan nuen Iruñeko txosnen, barka, barraka politikoen desagerpen garratza. Eta, patioan gora eta behera ibiltzen egindako analisi sakonen eta egoerari aurre egiteko aurkitutako estrategia jenialen gainetik, hamarkada oso bat eman dugu herri gunerik gabe. Orain arte, zorionez. Baina, izan gaitezen zintzoak, alde batetik, herri mugimenduaren lan nekagaitzak gunea lortzeko baldintza objektiboak sortu baditu ere, gunea ez da herriak Udalari erauzitako amore ematea, partidaren azken minutuan angelutik eta atezainak eskuarekin ukitu ostean sartutako gola baizik. Eta, bestaldetik, ez dugu galdu genuena berreskuratu; Iruñeko herri mugimendu anitzaren adierazpide orok lekua zeukan gune herrikoi autogestionatua, alegia; horren suzedaneo deskafeinatua, baizik.

Ez nazala inork gaitzinterpretatu: gola gol da, eta partida irabazteko balio badu, berdinak dira Maradonak 1986ko mundialean Ingalaterraren kontra “Jainkoaren eskuarekin” sartutako gola edo minutu batzuk geroago sartutako “Historiako golik onena”. Hala, bada, Estatuaren kontrako gerra luzean, txiripaz eta azken minutuan sartutako golek arbeleko jokaldien bidez sartutakoek bezainbeste min edo are min handiagoa ematen dutela ikasi dugu. Baina, iraultzaile gisa, gure eginbeharra horien guztien analisia egitea da eta, zorian sinetsi baino, arbeleko jokaldi eraginkorrak etengabe prestatzea. Eta esango nuke Iruñean guztiok bat gatozela analisiaren oinarrian. Badakigu aurten eginahalak egitea dagokigula jaia inoiz baino arrakastatsuagoa izan dadin, hurrengo urtean gure helburuak erdiesteko baldintza objektiboak inoiz baino hobeak izan daitezen eta kontrakoaren kostea ahalik eta handiena izan dadin. Baimena lortu zen une beretik, antolakuntzan lan egin duten lagunak klabe horretan aritu izan direla uste dut, eta analisi hori hedatu dutela herri gunea eraikitzen eta bertan parte hartzen arituko diren boluntarioen eta artisten artean.

Zalantzarik gabe, oraintxe ari da inkubatzen Iruñean hurrengo urtekoaren atarikoa izango den garaipena. Baina iruditzen zait Euskal Herriko herri mugimenduak hausnarketa sakona egin behar duela jai ereduen inguruan. 1990eko hamarkadaren erdialdetik, gutxienez, krisian dago frankismoaren amaieran herritarrek era arrakastatsuan antolatutako eredua. Goiz ala berandu, krisi hori gure herri eta hiri guztietara heldu da, errepresioaren bidez, askotan, ahultasunak hori ahalbidetzen baitu; monotoniaren bidez, beste askotan. Krisiaren erdian, hainbestetan egin izan dugun bezala, tresnari edo guneari lotu gatzaizkio, sarritan helburua bistatik galdu arte. Hain izan da sakona zuloa, ordea, ezen alternatibak eredu zaharretik bertatik jaio baitira. Haurdun dauden alargunak dira gure jaiak, eta gutxi-asko horren jakitun gara, kimu berriak nonahi baitaude: elektrotxarangak Iruñeko kaleak dantzan jartzen ditu, Gasteizko alde zaharrean zaharraz harro daude, Barañaingo jaietako goizak alaitzen dituzte Michael Jackson eta Bin Ladenen erraldoiek... Baina bada garaia beldurrik gabe eztabaidatzeko zeintzuk diren aurrera egiten laguntzen diguten elementuak, eta zeintzuk iraganera kateatzen gaituzten oztopoak. Eztabaida librea da, oinarriak argiak. Gure jaiek parekideak, parte-hartzaileak, herrikoiak, askatzaileak, transgresoreak eta autogestionatuak izan behar dute. Eta, batez ere, jaiak.

Bilatu