Iñaki Altuna
GAUR8

Ibarretxeren kontsultaren sindromeak jota

Hemengo hedabideetako zenbait tertulia entzunda eta hainbat iruzkin irakurrita, gurean Katalunian garatzen ari den prozesua aztertzeko eta ulertzeko zailtasunak izan baditugula suma daiteke.

Jakina, EAJk hartu duen distantziak uzkurtasuna elikatu du, eta ulermen zailtasun horiek gainditzeko ahalegina galarazi. Ibarretxeren Planetik eratorritako kontsulta edo erreferendum egitasmoaren porrota dute jokabide horretarako erreferentzia. Hau da, Katalunian (ere) kontsulta egin beharrean, hauteskundeak deituko direla eta horrela, gaia bai baina ez luzatzen, azkenean azukre koskor baten moduan urtuko dela uste dute. Hori ondorioztatzen da, behintzat, esatarien galderetan eta solaskide batzuen erantzutetan. Ibarretxeren kontsultarekin gertatutakoa sindrome bilakatu dute, nonbait.

Ez dakigu zer izango den zehazki Katalunian. Nola garatuko den sekuentzia, eta eragile bakoitzak zer urrats egingo duen jarraian eta zer erantzun emango dion gertaera bakoitzari. Debekuek zer eragin izan dezaketen edo herri bultzada noraino iritsi daitekeen. Nolanahi ere, 2004tik (Ibarretxe Plana Gasteizko Legebiltzarrean, ezker abertzaleak emandako hiru bozei esker, onartu zenean) 2008ra (kontsulta zapuztu zenean) arte EAEn gertatutakoarekin ez du ezer ikustekorik, eta antiojo horiekin begiratzea akats analitiko larria da, nahiz eta batzuentzat akats erosoa izan daitekeen, hemen egin beharrekoari erantzun behar ez izateko.

Katalunian prozesuak duen herri babesak ez du ezer ikustekorik Eusko Jaurlaritzak saiatu zuen kontsultak jasotakoarekin. Gogoratzea besterik ez dago, 2008ko urriaren 25ean –bozketarako aurreikusita zegoen egunean–, Madrilek ezarritako debekuari erantzuteko Lakuako Gobernuak hainbat herritan deituriko elkarretaratzeek izan zuten erantzun eskasa.

Hori gutxi ez-eta, Madrilen debekuei so egiteko ere modu arras ezberdina dakusagu batean zein bestean. Izan ere, Kataluniako prozesuak ezezkoei aurre eginez –edo ezezkoek elikatuta– hartu du indarra. Gaur egun gertatzen ari dena nekez ulertuko litzateke Estatut-a zela-eta Estatuak Kataluniari egin zion iseka gertatu izan ez balitz. Aldiz, Ibarretxek estatus politiko berri baterako bere egitasmoa 2005eko otsailean aurkeztu zuen Madrilgo Diputatuen Kongresuan eta bertan jaso zuen ezezko borobilak («ate kolpea» esan zioten) marra gorria markatu zuen, gertaera hark ez baitzuen Euskal Herrian bestelako indar egituraketarik ekarri. Atzerako bidea hasi zen.

Badirudi bere planak ezezko hori jaso zuenean korrika eta presaka hauteskundeak deitu izana (2008an kontsulta egin gabe utzi ostean ere hauteskundeak etorri ziren jarraian) eta orain Katalunian kontsulta debekatzen badute hauteskundeak deitzearen aukera parekatu nahi dituela batek baino gehiagok. Horiek ere ez dute elkarren artean ezer ikustekorik. Izatekotan, Katalunian erabakitzeko eskubideen aldeko indarrek (nagusienek, bederen) adostutako eta izaera plebiszitarioa izango luketen hauteskundeak deituko lituzkete, independentziaren aldarrikapena egin ahalko lukeen Parlamentua sortzeko. Ibarretxek Madrildik bueltan hauteskundeak aurreratu zituen, besterik ez. Kasurik onenean –alderdiaren ikuspuntutik–, gehiengo osoa lor zezakeen Legebiltzarrean, ezker abertzalea legez kanpo gera zitekeela aprobetxatuta (ez zen hala izan, EHAK hautagaitzak aurkeztea lortu baitzuen azkenean). Bozketarako deialdi hartan ez zegoen ez erabakitzeko eskubideen aldeko indarrak egituratzeko planik, ez plebiszitu izaera izango lukeen hauteskundeak egiteko planteamendurik, ez izaera eratzailea izango lukeen legebiltzarra sortzeko asmorik.

Horrenbestez, edozer dela Katalunian gertatzen dena, ez du ezer ikustekorik izango hemen izandakoarekin. Ibarretxeren kontsultaren sindromea atzean utzi behar da, besteak beste, erabakitze eskubidearen aldeko prozesu bat egituratzearen alde dagoen Ibarretxek berak atzean utzia duelako.

Bilatu