Patxi Alaña
Euskeraren Jatorria Elkartea

Iberiar Hizkuntzaren eta Kulturaren VIII. Jardunaldiak Salduien

Iberierazko zenbakiak argitzeaz gain, beste berrehun bat hitzetan adostasun maila bat badago, baina gainerako testu gehienetan oraindik ez. Hau da, gehiena egiteke dago.

Iberierak misterio handia izaten jarraitzen du, baina gero eta gutxiago. Eremu oso zabalean erabili zen, ez soilik penintsulan, baizik eta Kanarietatik Italiaraino, Akitania osoa hartuta, hau da, Pirinioen bi alde zabaletan gutxienez. Euskal Herrian, adibidez, baditugu, besteak beste, iberieraz idatzita testu oso bat (Mendigorriko Andion hiriko mosaikoan dagoena), testu gutxi batzuk (horien artean Erriberrin orain gutxi agertutakoa) eta gure hainbat txanpon (Barskunes, Arsao...).

Testu horien bidez euskal arbasoen zein iberiar herrien nortasuna, kultura eta hainbat kontu argitzen saiatzen ari gara eta hor euskaldunek zeresan handia dugu. Zergatik? Bada, euskara Europako ama hizkuntza zaharra ondoen gorde duen hizkuntzetako bat dela dirudielako. Euskararen bidez, adibidez, Europa osoan dauden «aran» erroa duten toponimoak argitzen lagundu dezakegulako, Alemaniako «Ar(a)ntal»-etik penintsulako «Aranjuez», «Aranda» eta antzekoetaraino. Euskararen bidez Europako «ur» eta «iz» erroak dituzten hidronimoak argitzen lagundu ahal dugulako...

Eta zergatik ez da inoiz iberieraren ikerketa gure herrian bultzatu? Zergatik begiratu izan da beste alde batera zer esanik edukiko ez bagenu bezala? Eta zergatik orain gutxi arte Valentzian, Katalunian eta hainbat herritan iberiera ikertzeko euskara ikasten eta lantzen duten ikertzaileei ez diegu lagundu nahi izan?

Iberieraz idatzitako 2.000 testu eta txanpon baino gehiago jaso dira orain arte Europako mendebaldeko zati handi bat hartzen duen eremu horretan. Eta orain arte egindako ikerketei esker gauza batzuk argitu dira, zenbatze sistema adibidez: 1: ban, 2: bin, 3: hirur, 4: laur, 5: borse, 6: sei, 7: sisbi, 8: sorze, 10: abar, 20: orkei, erdia: erder... Eta euskararekin antza handia duela ikusi da.
 
Zenbakien sistema argitzen lan gehien egin dutenak bi katalan izan dira: Jean Ferrer eta Eduardo Orduña. Eta hemen, unibertsitatetik, hitz egin duen bakarra Joseba Lakarra izan da, iberiar eta euskal zenbakiek zerikusirik ez dutela esateko, bere «aintzineuskararen teoriarekin bat ez datorrelako». Hau da, kanpotarrek euskarari garrantzia eman iberiera argitzen lagundu duelako eta hemengoak horren kontra. Bitxia, ezta?

Baina, harrigarriena, euskal filologian eta arlo horretan dabiltzan hainbat eta hainbat Lakarraren astakeria horren aurrean isilik geratzea izan da. Baina, dagoeneko, ohituta gaude, Iruña-Veleia argitzeko grafitoak datatzeaz ere ez dutelako txintik esan. Eta errugabe bat epaitu eta zigortzearen aurrean isilik ere geratu direlako. Eta ETBren euskalduntze berantiarraren erasoaren aurka ere mutu daudelako.

Baina harira itzul gaitezen. Iberierazko zenbakiak argitzeaz gain, beste berrehun bat hitzetan adostasun maila bat badago, baina gainerako testu gehienetan oraindik ez. Hau da, gehiena egiteke dago. Eta bide horretan, iberiera, euskara eta arlo horretan argitaratzen diren lanak ezagutzeko, urtero Salduie-Zaragozan jardunaldi batzuk egiten dira. Antolatzailea Iberiar Hizkuntzaren eta Kulturaren Elkartea da eta horretan Euskararen Jatorriak ere laguntza ematen du.

Aurtengo iberierari buruzko jardunaldiak abuztuaren 26an, 27an eta 28an egingo dira eta gai honetan interesa dutenei irekita dago. Informazioa hemen dago, hizlariak, hitzaldiak eta izena emateko: https://www.lenguaiberika.eu/2022/08/04/viii-jornadas-de-lengua-y-cultura-iberica-26-27-28-de-agosto-zaragoza/.

Bilatu