Iñaki Altuna
GAUR8

Iheslariek eman duten arnasaren beldur

Erantzun azkarra eman nahi izan dio Gobernu espainolak, frantsesa lagun, “Herria dugu arnas” ekimenari. Goi mailan maneatutako atxiloketak izan dira aste honetakoak, batez ere Jokin Aranalderena, Eukal Iheslari Politikoen Kolektiboak hautatu berri duen ordezkaritzari eta Biarritzeko ekitaldiari oso lotua agertu delako. Bat egin dute denek balorazio horretan, Espainiako eskuin muturretik ezker abertzaleraino.

Espainiako Gobernuaren itxikeria agertu da berriro. Jarrera horren iturburua aztertzeko, lehenik eta behin, Estatuak demokraziarekin duen arazoa (ez daki konponbide justuak eta arrazoizkoak bilatzen) eta une historiko honetan pairatzen duen egiturazko krisia (Euskal Herriaren kasuan, ez die zer eskaini herritarrei, indarrez inposaturiko proiektu bat ez bada) hartu behar dira kontuan.

Bestalde, eskuin muturrak Rajoyri eragiten dion presioak zeresan handia du. Hainbat hedabidek, biktimen elkarteek eta alderdi barruko sektore boteretsu batzuek gogotik estutzen dute, errepresio estrategia gogortzeko. Paradoxikoki, sektore horiek, ezker abertzalea «lorpenak» eskuratzen ari dela eta Zapaterorekin adostutako ibilbide-orriak nolabait aurrera doala diotenean, Gobernuak indartu nahi duen mezua –ETA garaitua izan dela– kaltetzen dute.

Garaileen eta garaituen eskema horretan sartuta, Gobernuaren setakeriak normalizazio prozesuan aurrera egiteko aukerei bizkarra ematea edo, are okerrago dena, boikot egitea dakar. Horrela erantzun die orain arte ezker abertzaleak abiarazitako aldebakarreko ekimenei. Betikoari eutsi dio, edonolakoa zela ere ekimen horien jitea.

Biarritzen iheslariek aurkeztutako ekarpenean ez zegoen ez harrokeriarik, ez probokaziorik, ez maximalismorik, baina, halere, jasangaitza egin zaio Espainiako Gobernuari, Parisi berehalako erreakzioa eskatzeraino. Ez baita hori amesten duten garaipena. Sinesgarritasuna baitu Arnaldo Otegik ETAk borroka armatua utzi izanak ezker abertzalearen hausnarketan eta erabakietan duela iturburu dionean. Polizia ekinbideak lortu duela esan izan balu, lasaiago leudeke Rajoy, Valls eta enparauek. Eta, akaso, Otegi kalean.

Biarritzen bildutako milaka pertsonen lehen txalo zaparrada esanguratsua (beste asko izan ziren ondoren) bideo batekin ailegatu zen: Jon Idigoras agertu zen hizketan; jarraian, Arnaldo Otegiren Belodromoko hitzartzea; segidan ETAko hiru bozeramaile, borroka armatuaren amaiera iragartzen; eta, azkenik, herri harresien irudiak. Esan bezala, jasangaitza. Jasangaitza ere Cabo Verdetik edo Kubatik duela hogeita hamar urte deportatuko lagunek ezkerreko independentistek hartutako bidea zuzena eta egokia dela esan izana.

Estrategia aldaketa

Lekutan dago 1999an, ETAk su-eten mugagabea indarrean jarri zuenean, Jose Maria Aznar orduko presidenteak egindako iragarpena: 304 iheslari etxera buelta zitezkeen inongo arazorik gabe. Gonbidapena egin zien. Nekez esango luke orain halakorik Mariano Rajoyk, imintzio txikiena ere egitearen beldur baita. Urrats xumenak kontrolatu ezingo lukeen prozesu bat elikatuko bailuke.

Iheslarien jokabidea ere aldatu da, ezkerreko independentisten estrategia aldaketarekin batera, eta tabuak ere hautsi dituzte, praktikan, Euskal Herrian abiarazitako prozesuari ekarpena egiteko asmotan. Adibidez, dozenakak (ahal zutenek) pasaportea atera dute Espainiako kontsulatu eta enbaxadetan. Hala, beraien mugimendu aukerak handitu eta zenbait egoera lazgarriri aurre egiteko ateak ireki dituzte. Bai baitakite den-dena ez dela ez berez ez bat-batean konponduko, are gutxiago gobernuen borondatearen edo keinuren baten zain geratuz gero. Duela zenbait hilabete iragarri moduan, bidea egiten hasi dira, ez Madrili edo Parisi begira, lehen-lehenik Euskal Herriari eta euskal herritarrei begira baizik. Jasangaitza hori ere bakearen kontrako agenda gidatzen dutenentzat.

Bilatu