Joseba Barriola

II. Errepublikari omenaldia

Hau omenaldia da, eta ez apologia. Hats demokratiko iraultzaile harrigarri bati eginiko omenaldia, eta ez II Errepublika egin zituenaren apologia. (Berdin egingo nuke Frente Popularrean eta errepublikanoen bandoan askatasunaren defendatzaileekin, miliziano eta gudariekin, eta beren ahaleginaren muinean zegoen askatasunarekin: omenaldia; bainan ez buruzagiek emandako urratsen apologia. Oraingoz II Errepublikari buruz da nire gogoeta).

Errepublikarekin eztanda egin zuen askatasun eta berdintasun gose mendetan lurperatua eta gogor zigortua. Desio herritar horrek ekarri zuen II Errepublika, bere instituzio eta konstituzioarekin; herriaren nahiak eutsi zion II Errepublika hondatzeko asmoa zuen Bienio Negrori; herriaren gogo harmatua aurre egin zion Errepublika deusezteko Frankoren kolpe militarrari. Hau dena egia da: gurekoak dira errepublikano gorri-separatistak, edota hobe esan da gu haienak gara, haiekiko memoriari egiten diogu omenaldia. Desio herritar horri zor zaio hezkuntzan emandako aurrera pausu erraldoiak; euskararen berpizte harrigarria; nekazaritza lurren sozializatzeko ahaleginak, borroka latzak eta neurri legal mugatuak; elizako jerarkiaren kontrol moral hipokrita eta aberatsekiko aliantzaren ahultzea; nazioen nola-halako onartze autonomikoa (bainan ez soberanía); langileen lanbaldintzen eta defentsa erakunde sindikalen sendotzea. Hitz batez, Espainia osoan eta Catalunyan eta Hego Euskalerrian eta Galizan herri jende xumearen duintasunak gora egin zuen izugarri. Lauaxeta eta Lizardi, Lorca eta Machado giro hartan loratu ziren, La Barraca moduko ekimen itzelak garatu ziren… Guzti honi nire omenaldia. Eta haiekiko dugun erantzunkizuna orainean jokatzen da, oraingo jauntxoen (ordukoen oinordekoen) harrokeria suntsitu arte.

Eta duintasun horri zor zaio II Errepublikaren bandoko buruzagitzaren kritika, behar denean. Eta ez dira hutsalak egin beharreko kritika horiek. Marokoren askatasuna defendatu beharrean, Errepublika imperialista izaten jarraitu zuen; Harmadarekiko esku ahul eta inozoa erakutsi zuen, konspirazio militarrak Errepublikako Harmada barruan josi ziren, eta konspirazio karlista zibilak 1932etik abian ziren; Andaluziako terratenienteekin amore eman zuen eta nekazari anarkistei egurra eman zien; Nazioekin (Catalunyako Errepublika, Euskal Estatutoa…) deskonfidantza handiz jokatu zuen; PNV-k Errepublikaren pobreen duintasunaren aurkako Batikanoarekin akordioak nahi zituen…

II Errepublikaren herritarren eta erakunde asko eta askoren askatasun gogo hari egiten diot omenaldia. Gogo hori erabat loratu dadin geure egunotan, hori da nire desioa. Horregatik, besteak beste, ez dut III. Errepublika sin más nahi. Nahi dudana hauxe da: lau prozesu konstituziogileak (Espainiakoa, Catalunyakoa, Euskal Herrikoa eta Galizakoa), eta lauak elkarri sinergiak emanez. Eta ondoren, Estatu Aske horiek, elkarrekin adostuko duten puntuetan (eta asko izan daitezke: Troikaren kontra, NATOren kontra, TTIPren kontra, Ekonomi mota berri baten alde, Kultura aberats eta konpartituaren alde…) elkarrekin arituz.

Horrela bada, apirilak 14ean omenduko dut II Errepublikaren duintasuna, eta horren hildotik eskatuko dut: Gora euskal errepublika libre eta solidarioa!

Bilatu