Belen Murua eta Iñigo Ameztoi
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako zuzendaria eta lehendakaria

Ikastola, zergatik eta zertarako

Ikastolak, saretuta, hezkuntzako eragile aitzindari bihurtu dira, eta horrek gainerako ereduak ere beste modu batera pentsatzera eta antolatzera eraman ditu, hein batean. Denok ikasi dugu elkarrengandik.

Itzulinguruka ibili beharrean, pauso bat aurrera eman eta zezenari adarretatik heltzen hastera goaz. Gure herrian hezkuntza publiko/pribatu eztabaida puri-purian dagoen honetan, premia bat sumatzen da azaltzeko ikastolak zergatik eta zertarako sortu ziren.

Euskaraz ikasi ezin zen garai ilunetan, haurrentzat euskarazko hezkuntza bermatzeko ezinbestekoa izan zen Ikastola sortzea. Guraso batzuen ekimen pribatua izan zen, baina interes orokorreko eta kalitatezko hezkuntza eskaintzea izan zuten hasieratik gogoan.


Euskaratik eta euskaraz sortutako ekimen hark bat egin zuen euskal herrietan barrena sortu ziren beste ikastola askorekin, eta guztien artean asmoak eta ametsak saretuz, Euskal Herria aintzat hartzen duen komunitatea osatzen eta sendotzen joan zen. Zarautzen bezala, batean eta bestean, euskaldunek seme-alabentzat sortutako hezkuntza eredu aurrerakoia eta euskalduna garatzea izan zen erronka nagusiena. Horrek guztiak, ordea, eraikinak, ikasgelak, hezkuntzarako baliabideak, irakasleak eta ametsa egunero elikatuko zuten guraso eta ikasle kontzientziadunak ez ezik, dirua ere eskatzen zuen. Beraz, finantzaketa izan zen guraso haiek hasieratik ebatzi behar izan zuten kontu garrantzitsuenetako bat. Urtez urte, ordea, gurasoek, langileek eta ikastolek osatzen duten komunitateari esker, batetik eta bestetik biltzen dugu gure proiektuari hauspoa emateko behar duguna, oraindik ere inurri lana eginez.

Gure haurrentzat herri hau ardatz duen euskarazko hezkuntza bermatzeaz gain, balore aurrerakoietan oinarritutako eredu propioaren aldeko lana ere izan da ikastolak hasieratik egin duena. Izan ere, Espainiako eta Frantziako hezkuntza-sistemen baitan egin behar izan da gainerakoan bidea, haiek ezarritako ildoan eta baloreetan oinarrituta beti ere. Urte askoan, estatu horien baitako ikastetxeen sare publikoan edo ikastetxe pribatu erlijiosoetan ikasteko aukera besterik ez zuten izan herritarrek. Ikastolak sortzearekin batera zabaldu zen hirugarren espazioa, haurrak euskaraz eta hezkuntza aurrerakoi eta eleanitzean hezteko aukera emanez.

Asko hitz egiten da hezkuntza eredu ezberdinei buruz, eta batzuen eta besteen arteko aldeei buruz. Eztabaida kalean, hedabideetan eta lagunartean sumatzen da azken hilabeteotan, eta bateko eta besteko ahotsak entzun edo iritzi artikuluak irakurri ahal izan ditugu tarteka. Horrek guztiak, noski, oraindik ere hausnartzeko eta azaltzeko kontu ugari ditugula erakusten du. Kilometroak antolatzeak, ikastolaren iraganari begiratzeko aukera ematen digu. Hasiera nola izan zen gogorarazteko, eta gaur egun zertan nabarmentzen den oroitzeko. Baina aurrera begira batzuek besteengandik ikasteko zer daukagun eta elkarlanean aurrera nola eta zer egin daitekeen hausnartzeko ere balio beharko luke urte honek, haurrei hainbeste aldiz gogorarazten diegun besteekiko errespetutik hasita, eta ezberdintasunak dakarren aberastasuna aldarrikatuta.

Herri Onurako Erakundea izendatu zuten Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola 2005ean. Pozik hartu genuen izendapena, egindako lanaren aitortza zelakoan. Ordudanik bidean pauso gehiago eman ditugu, beti ere gure haurrentzako hezkuntza eredua dagoen puntakoena eta aurrerakoiena izan dadin ahaleginduz. Ikastolak, saretuta, hezkuntzako eragile aitzindari bihurtu dira, eta horrek gainerako ereduak ere beste modu batera pentsatzera eta antolatzera eraman ditu, hein batean. Denok ikasi dugu elkarrengandik.

Hau guztia kontuan hartuta, "Ikastola: zergatik eta zertarako" izeneko mahai-ingurua antolatu dugu datorren otsailaren 28an. 18:30ean izango da, Aritzbatalde kiroldegiko bilera-gelan. Samara Velte kazetariaren eta Ikastolako ikasle ohiaren gidaritzapean ariko dira hiru hizlari: Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabel EHUko irakasleak, eta Larraitz Ariznabarreta Ikastolako lehendakari ohia.

"Ni, Hi, Hura… ikastola mundura" da Kilometroak 2019aren leloa. Logoan nabarmentzen denez, Ni-a da Zarautz, urdina; Hi-a da ikastola, berdea; eta Hura da feminismoaren kolorea, morea. Hi-a gorpuzteko ahalegintxoa da mahai-ingurua; koloreari mamia eranstekoa.

Guztien artean, sustraiak eta hasierako garaiak oroituko ditugu, baina nora goazen ere aztertu nahiko genuke bereziki, etorkizuna balio aurrerakoi, euskaltzale eta hezitzaileetan oinarrituta margotu dezaten gure haurrek. Zatozte!

Bilatu