Ilargia aurrean, eta hatzari so
Behinola Konfuziok esandakoak gaurko egoerarekin bat egiten du. Gerrak, heriotzak, genozidioak, eta munduko ekonomia dardarka, kolokan. Ankerkeria hau guztia nork ekarri du? Zergatik eragin du? Argi dago krisi ekonomiko honek sektore eta munduko ia biztanle guztiei eragiten diela.
Krisi hau gehien pairatzen ari denetako bat lehen sektorea dugu, gasolioaren eta mineralen prezioen igoeraren ondorioz, eta ezin ahaztu aurkako beste hainbat faktore, hala nola lurren alokairuaren kostua, gure produktuen prezio eskasa edo klima aldaketa.
Ezin dugu dirua galduz lan egin eta, kostu igoera hori guztia gure produktuen prezioan jasanaraztea ia ezinezkoa denez, berriz ere laguntzak eskatzea dagokigu. Baina, egoerak okerrera egingo balu eta gasolioa bost eurotara igoko balitz? Lau eurotarainoko laguntzak eskatu beharko al genituzke?
Inbertsio funtsak, «kalean odola dagoenean, jabetzak erosi» leloari jarraituz ari dira. Talde handi hauek etengabe nekazaritza lurrak han eta hemen erosiz, elikagai ekoizpenaren monopolioa bereganatu nahi dute, eta gure eguneroko jatekoen erosketa saskia haien negozio bihurtu. Egoera hau mundu mailan zabaltzen ari dira gainera, hauentzat ez dago mugarik.
Etxebizitzarekin eta beste edozein ekoizpen sektorerekin gertatzen ari denarekiko parekotasun zuzena ikusten diogu nekazaritzari, eta, askotan, mugak jartzeko prest ez dauden gobernuen konplizitatea dute.
Gainera, sare sozialak eta informazioa maneiatzen dituzte, albistea zein den erabakiz, eta komeni bazaie kaleetara bultzatuko gaituzte, dirulaguntza gehiago eskatzera, eta, bidenabar, tokian tokiko gobernua estutzeko erabiliko gaituzte.
Hala ere, ekonomia al da benetan garrantzitsuena? Ormuzeko itsasartea blokeatuta dagoelako mineralak eta petrolioa mugagabe gora ari direla al da garrantzitsuena? Ia egunero jendez betetako etxeak eta hiriak bonbardatzen, suntsitzen ari direla, ez ote da garrantzitsuagoa, salagarriagoa?
Zilegi eta zuzena al da gasolioarentzako laguntzak eskatzera irtetea, munduko leku askotan inolako errukirik gabe jendea hiltzen ari direnean? Ba al dugu egoera honetan gizartearen babesik?
Ez al genuke gainerako gizartearekin bat egin beharko gerraren eta inperialismoaren aurkako mezu askoz ozen eta zabalago batean, hondamendi hau eragiten ari direnak zein diren azpimarratuz?
Beldurraren estrategia hainbeste zabaldu ote dute, gu erabat deuseztatu arte? Elkartasuna eta besteekiko begirunea ere lapurtu al dizkigute? Hausnarketa batzuk besterik ez dira, baina ez gaitezen inozoak izan, begira diezaiogun ilargiari.