Larraitz Ugarte
EH Bildu

Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aldeko epaiaz

Epaiak haiek ondo zekitena konfirmatu du: erraustegia gaindimentsionatua zegoen eta berau geldiaraztea ez zen diru xahuketa izan

Hilabete gogorrak pasa dituzue, Ainhoa eta Iñaki, eta zuekin batera besteok. Gogorra izan baita herritarren mandatu bati men egiteagatik, hauteskundeetan irabazitakoa exekutatzeagatik, Damoclesen ezpatapean egon behar izatea. Ohituta gaude herri honetan bizi proiekturik egin ez duten pertsonekin elkarbizitzera, justiziaren alderik ilunena ikustera… Oraingoan, baina, Madriletik, eta zehazki epaitegietatik, albiste onak etorri zaizkigu.

Argi gera bedi albisteak txarrak balira ere harro geundekeela egindakoaz, zuek eta gu, asko izan baikara zuek sinatu duzuen errauste plantaren kontratua bertan behera uzten duen dokumentu horren alde egon garenak, erabakian parte hartu dugunak eta babestu dugunak. Harro geundeke emaitza edozein izanik. Baina oraingoan aldeko epaia izan da eta horrek, zuei arnasa emango dizue, bizitza bat eraiki edo eraikitakoa bizitzen jarraitzeko aukera;  amestu, planak egin, etorkizunari beste begirada batekin so egin, familiakoen sufrimendua amaitzen delako deskantsatu…  Gozatu ezazue, eta burua tente, militantzia zintzoa eta koherentzia oraingoan garaile atera direlako.

Emaitza aldekoa izan da, bai, eta horrek Ainhoa eta Iñakiren sufrimendu pertsonalari gozamen sadiko bat ikusten zioten horiei erreflexiorako beta eman behar die. Ez baita soilik epaia aldekoa dela, ez. Epaiak haiek ondo zekitena konfirmatu du: erraustegia gaindimentsionatua zegoen eta berau geldiaraztea ez zen diru xahuketa izan; diru xahuketa berau lizitatu, kontratatu eta produktu espekulatiboekin hornitzea da. Inoren edo denon diruarekin fribolitatez eta axolagabekeriaz jokatzen duten horien ardura da orain argitu beharrekoa. Zergatik hartu zituzten erabaki horiek, jakinik Gipuzkoan ez zegoela erraustegi baten beharrik, are gutxiago tamaina horretakorik eta ahal balitz zein interes ezkutuk eraman dituen erabaki horiek hauteskunde bezperan blindatzera, horixe ere jakin nahi genuke.

Eta galdera bi otutzen zaizkit: Demokraziaren emaitzen gainetik jarri eta Gipuzkoa euren kortijoa dela uste izan duten horiek, diru publikoa eurena dela eta euren interesen menpe egon behar dela uste duten horiek, berriro dena ondo lotuta utziko dute berriz datorren maiatzean edozer gertatzen delarik ere beraiek agintzeko? Eta norbaitek herriari emandako hitza bete edo kudeaketa erabaki propioak hartzen baditu aurrerantzean ere, Iñaki eta Ainhoa bezala, jazarriak izango direla abisu ematen segi nahi dute?

Sustoa pasa bada ere, ezin ahaztu PSEk eta PNVk izan duten  jarrera nardagarria izan dela moralki, baina are larriagoa, politikoki. Halere, honezkero jakin behar lukete ez dagoela herri honetako ezker independentista kikiltzeko estrategia nahikorik, Iñaki eta Ainhoa izan diren bezain militante zintzoz osatuak daudelako herri honetako instituzioa andana.

Bilatu