Ixabel Etxeberria

Independentziaren bidea esperantza sortzeko

Fronte Nazionalak eskualdeko hauteskundeen lehen itzulian lortutako emaitzak aipatzeaz gain, Etxeberriak alderdi sozialistan izan duen eraginaz idatzi du. Halaber, irakasleak politikak orokorrean herritarrengan duen eraginaz hausnartu du.

Sekulako debateak sortu dira FN-aren emaitza dela eta. Doinu kulpabilizatzailea eta frente errepublikanoaren egiteko deia luzatzen da alde guztietatik. Dei horren ondorioa da zenbait tokitan eskuinaren indarra geldituko dela soilik. Ezkerreko ordezkaririk ez dela geldituko. Eskuinak ongi ulertu du afera, oso logikoa iruditzen zaio sozialistak jokotik ateratzea eta eskuinaren alde bozkatzea. Aitzitik ez dute sozialisten alde bozkatzera deitu nahi. Frente errepublikarrak zenbait zilo ditu dagoeneko.

Haatik, frentearen ideia oso garrantzitsua da Valls jaunarentzat dagoeneko 2017ko presidentzialentzat ikusten baitu Marine Le Pen bigarren itzulian izanen dela, frente errepublikarra beharrezkoa du alderdi sozialistak, bederen estrategia hori hautatzen bada alderdian Valls-ek bultzatzen duen bezala, alderdiaren hautagaia bigarren itzulian presidentziala irabazteko eskuinaren botoak ere beharrezkoak izanen ditu.

Baina, frentearen ildotik eskuin eta ezkerren arteko mugen ezabatzea dator, alegia gaur ezagutzen dugun alderdi sozialistaren desagertzea. Alegia alderdi sozialistaren eskuinera lerratzea. Egia da Macron ministroa hor dagoenetik, ideia liberalek panorama politikoa, erabaki politikoak berenganatu dituztela. Alderdian “les frondeurs “deitu zituztenak oldartu ziren baina gutxiengoan gelditu dira. Hor berean alderdiaren barneko zatiketa agerian zen. Noizbait zartatuko da.

Alderdiak ez dira erakargarriak, herritarren beharrei ez diete erantzuten eta komunikazioari garrantzia handiagoa ematen diote benetako herritarren beharrei baino. Komunikazioak gaina hartu dio politikari, gezurra edo gauza bat eta bere kontrakoa erratea ez die alderdiei arazorik sortzen.

IEHari doakionez, eskuin muturra hazten ari da. Politika sozialen eramateko dirurik ez da, estatuak dotazioak txikitu ditu. Zergak ez badira igotzen tokiko aurrekontuak ez dira beteko, edo hobeki errateko hautuak eginen dira.

Gure gizartean arazo gehien dituzten herritarrak ez dira ordezkatuak sentitzen, zerrendetan langileen ordezkarien kopurua oso txikia da. Horri ez zaio erantzuten.

Heldu diren hilabeteetan, eskualde batzuk irabazten baditu, FNk ahaleginak eginen ditu kudeaketan arazorik ez duela erakusteko, zergak txikitzen dituela eta herritarrei kasu egiten diela. Interesatzen zaiona presidentearen kargua bereganatzea baita. Horri erantzuna frente errepublikarra al da? Frantses nazionalismo gehiago? Edo beste antolaketen ikusteko debate berriak ez al dira sortu behar?

Abertzale gisa argi da, independentziarako bidea soilik balioko du esperantza sortzeko!

Bilatu