Xabier Lasa
Askapenako kidea

Inperialismoak palestinarrak jomugan

1948. urtetik bizirik dirauen gatazka honetan Israelek etengabeko zapalkuntzan mantentzen ditu palestinarrak. Hedabideetan, berriz, izebergaren punta soilik agertzen zaigu eta oso desitxuraturik

Ez da erraza ulertzea urteotan munduan gertatzen ari diren hainbat aldaketa. Azken hogei urteotan abiadura handian aldatu dira nazioarteko mapak zein indar korrelazioak. Atzera begiratuz, gutxik aurreikusiko lituzke Jugoslaviaren zatiketa, matxinada arabiarrak, edota Europa hegoaldearen gainbehera bera. Halere, analisietan luzatu gabe, garrantzizkoena da ulertzea hau guztia proiektu berberaren ondorio dela, honen guztiaren atzean, proiektu inperialista dagoela ikustea.  

AEBen gidaritzapean eta EBren onespenarekin, Mendebaldeko aliantza militarrak, NATOk (Sobietar Batasunaren aurrean defentsarako antolatu zen aliantzak) ofentsiba inperialistan sakontzeko norabidea hartu du. Horrela ulertu beharko genituzke azken gatazka garrantzitsuenak, Iraketik hasita, Siriatik pasata, edo baita Ukrainako estatu kolpea, eta Donetsk eta Luganskeko errepubliken kontra egindako eraso militarrak ere. Inperialismoaren atzaparrak inoiz baino zorrotzago daude eta beharrezkoa zaigu munduko ezkertiarroi, munduko herri zapalduoi, bilakaera hau osotasunean ulertu eta salatzea.

Modu berean kokatu beharko genuke Israelgo Estatu Sionista  palestinar herriaren aurka egiten ari den azken sarraskia. 1948. urtetik bizirik dirauen gatazka honetan Israelek etengabeko zapalkuntzan mantentzen ditu palestinarrak. Komunikabideetan berriz, izebergaren punta soilik agertzen zaigu, eta oso desitxuraturik, bi ejertzitoren arteko borroka balitz bezala, Palestinarrak okupazio militar baten pean bizi direla ia aipatu ere egin gabe.

Israelgo Estatu Sionista garai berezi batean sortu zen. II. Mundu Gerra bukatu eta Ingalaterrak, Palestinako lurraldeen deskolonizazio prozesuan emandako lurretan eraiki zuten. Sionismoa proiektu ideologiko arrazista da, eta klabe horietan sortu zuen bere estatua. Horrela ulertu behar dugu palestinarren okupazio militarra, baita Ekialde Hurbilean betetzen duen papera ere. Haien nahia Ekialde Hurbilean estatu judu indartsu bat sortzea da, eta horretarako edozer egiteko prest daude. Bestalde, inguru horrek estrategikoki duen garrantzia kontuan hartuz, Mendebaldeko potentzien intereseko lekua da ezbairik gabe.

Beraz, interes berberak elkarbanatzen dituzte bai Israelek eta bai AEBek eta EBk. Horrela ulertu dezakegu triangelu honen laguntasun estrategikoa eta ondorioz sionismoak duen immunitate amaiezina. Israelek inperialismoaren «Troiako zaldiaren» papera jokatzen du Ekialde Hurbilean, eta lan horretan etengabe ari da herriak zapaldu edo eraso militarrak gauzatzen, eta bide horretan beti topatzen du aitzakiaren bat palestinarren aurkako genozidioan sakontzeko. Azken erasoa aztertzerakoan kontu asko aipatu dira, Batasun Nazionala apurtzeko saiakera dela, Israelgo barne  talken ondorio dela... dena dela, askotan gela ilun txikietan baino ez dira jakiten benetako arrazoiak, argi dagoena zera da: estrategia inperialista oso baten beste mugimendu bat dela.

Palestinarrak bestalde, inperialismoaren kontrako borrokaren eta duintasunaren isla dira. Urteetan zehar, milaka pertsonek eman behar izan dute bizia inperialismo sionistaren aurrean. Erresistentzia, izan ere, herri batentzat bizirauteko ezinbesteko  osagaia bilakatzen denean, demokrata guztien etika lurrera erortzen da, Gazan erortzen diren bonbak bezala, eta eztanda egiten diete hauen ideia faltsuetan.

Zapaldurik dagoen herri baten defendatzeko eskubidea inork gutxik aitortzen du egunotan, eta ez dezagun ahaztu, borroka honek inperialismoaren nahiak oztopatzen diharduen bitartean,  gainerako herriak ere askeago egiten gaituela. Erresistentzia beraz, eskubide izateaz gain betebeharra ere bada.

Horrela, gainerako herrioi internazionalismoan ekitea dagokigu, kontzientziazio lana burutu eta inperialismo ororen aurrean  salaketa irmoa egitea. Oraingoan, palestinarren alde kalera ateratzeko unea da, nahiz eta borroka antiinperialista bezala ulertu behar dugun gure egitekoa. Bide honetan, palestinarrek nazioarteari eginiko eskaera bati erantzunez, Euskal Herrian, 2006tik aurrera hasi ginen BDZ (Boikot Desinbertsio Zigor) kanpainarekin. Urte hauetan, nazioarte mailan ikusi da, esperientzia eta praktika ezberdinen bitartez, borroka honen eraginkortasuna, eta pauso garrantzitsuak eman dira. Egoera gordin eta tamalgarri honetan beraz, gure amorruak boikotaren norabidean sakontzeko balio behar luke.

Izan ere, Palestinaren aldeko elkartasunak BDZ du izena. Eta arloz arlo ekin behar diogu lanari, sionismoak lekurik ez dezan izan gurean, presioa handituz baizik ez dugulako lortuko Israel mugiaraztea, hori da eskatzen digutena eta horixe da emateko dugun konpromisoa, eman beharreko elkartasuna. Inoiz baino gehiago orain, ekin diezaiogun lanari, segi dezagun borrokan.

Bilatu