Gontzal Mendibil

Iparragirre eta "Gernikako Arbola"

XIX. mendea, oso da erakusgarria gure herriaren historia azaltzeko: bi gerra, gosetea, emigrazioa, Euskal Herria politikoki eratzearen garaia. Eta honako hau bere ebazpena: «Iraultza, arbolekin eta kantuekin egiten dela ikasi nuen; herriak, guretzako anaiak dira eta tirano-jauntxoak etsaiak».

Aurrerantzako bideak hartzeko, historia beti dugu ikasbide. Nor garen, nondik gatozen, zerk batzen gaituen eta norantz joan nahi dugun, galdera hauei, derrigorrez, erantzutea dagokigu. Iparragirrek argi zeuzkan gaur askok eta askok, euskaldun sentitzen bagara ere, ahaztutzat dauzkagun kontzeptuak.

Argi zeukan, euskaldunon lurraldetasuna, hiru herrialdetik at, Nafarroan hasi eta Iparraldeko anaiekin batera osatzen dugula. Bere kantuak euskal lurra eta euskara goraipatuz, Euskal Herriari eskeinitakoak ziren. Gernikako arbolaren hirugarren estrofan ere horixe dio: «Laurok hartuko degu zurekin partea / pakian bizi dedin euskadun jendia».

Eta hala da, arbolaren ikurraren adierazpena, lurrak ematen digu, lurretik datorkigu, beraz, Iparragirrek kantatzen duen «laurak batek» euskal lurra, historia ereparatuz, zazpiak bat litzateke. Euskaraz egiten den lurra.

Argi zeukan lurrak eman digula hizkuntza, lurretik jaso dugula euskararen zentzua eta sena, argi zeukan gure lurraldetasuna. Eta hakaxe adierazi eta kantatu zigun, elkartasunaren balioa aldarrikatuz: «Alkar gaitezen anai maiteak, alkartzea da indarra/ zuri begira daude Arabar, Gipuzkoa ta Nafarra/ bizi pakean laurak batean, errespetatu arbola/ arrotasunik batere gabe, euskaldun zaharrak bezela».

Bere bertso ugaritan, askatasunaren premia zuen oihu eta kantu. «Argitasunik ez da ageri, zerua dago iluna/ libertadea esan kantari, hil arte maita dugula». Eta herrien Europaz ari garen honetan, hori bera zen Iparragirerren aldarriaren leloa: «euskaldunon borondatea da herrien anaitasuna»

XIX. mendea, oso da erakusgarria gure herriaren historia azaltzeko: bi gerra, gosetea, emigrazioa, Euskal Herria politikoki eratzearen garaia. Eta honako hau bere ebazpena: «Iraultza, arbolekin eta kantuekin egiten dela ikasi nuen; herriak, guretzako anaiak dira eta tirano-jauntxoak etsaiak».

Iparragirrek, Gernikako Arbolaren kantuarekin, bere aurreko idazle handiak goraipatzen zutena finkatu eta hedatuko zuen. Baina, egun, esan beharra dut, sarri askotan, prejuizioak direla-edo ideia nahasmendutan korapilaturik gaudelarik, euskaldun asko ez gara geureak diren ikur preziatuak defenditzeko gai sentitzen edota ez dugu gogorik geurea defenditzeko lain, baina, alderantziz, kanpotik berebiziko gogoangarria agertzen bazaigu, orduantxe konturatzen gara dugunaren balioaz. Sarriegitan, modernotasun hutsalak analisi partzial okerretara garamatza eta aintzinekotasunaren gutxiespenera, historiak garrantzirik izan beharko ez lukeelakoan.

Har ditzagun kontuan, Iparragirreren aurretiko idazle handi eta poeta ezagunek aipatutakoa. Rousseauk: «Gernikako Arbola da askatasunaren zuhaitzik zaharrena eta esanguratsuena, arbola guztien aita». Wordsworth poeta britaniarrak idatzitakoa »Oak of Guernica» edo Tirso de Molinaren aipamen ezaugarria: «El árbol de Guernica ha conservado la antigüedad que ilustra a sus señores, sin que tiranos le hayan deshojado, ni haga sombra a confesos ni a traidores». Astarloaren aipamena ere esanguratsua (1752-1802). Recorrí las voces vascongadas y vi en ellas puntualmente observadas todas aquellas reglas que nos dejó vinculadas la naturaleza (...) Nuestras raíces todas ellas tienen un propio y peculiar significado.

Gure historia luzean, arbola izan da gure ikurrik handi eta esanguratsuena. Baina, konturatzen ote gara euskaldunok, «Gernikako Arbola» ikurtzat eta aintzat hartzen ez dutenen, edota beronen kontra agertzen direnen artean, gehientsuenek euskararik jakin ez eta erdararen adierazpenetik aldarrikatzen digutela bere irizpidea?

Amerikatik itzuleran esandako hitz aipagarriak ere adierazgarriak: «Gaur, guztiok esan dezagun, ahaztu gure egun txarrak eta etorkizunean sinistu dezagun. Eraman ditzagun mundura gure kantu hauek eta elkartasuna».

«Zaude bada zutikan, orain da denbora, eroritzen bazera arras galdu gera» zioen Urretxuarrak. Eta «kantatzen duen herria ez da inoz hilko» dio esaerak. Nolatan utzi dezakegu ba, gure askatasunaren ikur dugun hau, beronen aurka agertzen direnen eskuetan lagatzea? Beraz, aipua kontuan hartuz, geurea erabakia!

Bilatu