Julen Etxeberria eta Eneko Iztueta
Aitor ikastolako klaustroaren izenean

Irakasle zaren kideari

Une honetan oinarrizko hezkuntzak bere funtzioak betetzeko zailtasunak ditu. Urteetan oso aldaketa gutxi izan dituen eskolaren funtzionamendu estrukturala guztiz jo baitu krisi honek, bere eraginik handiena zaintzaren eremuan etorri delarik. Krisia diogu, ikasleak etxean dauden bitartean, familien kideen lan kontziliazioa ezin burutu delako.

Kideari!

Kudeaketa zaila duen pandemia egoera honetan, beste sektore batzuk bezala, oinarrizko hezkuntzaren egokitzapenaz hitza hartzeko garaia heldu dela uste dugu.

Normala den bezala, hasierako sustoaren aurrean ikas komunitatea osatzen dugun irakasleok modu ezberdinean erreakzionatu dugu. Bakoitzak duen erreakzionatzeko gaitasunetik eta borondatetik.
Beste asko, nahiz eta komunitatearen parte izan, sukaldari eta jangelako hezitzaileak bereziki, etxera bidali dituzte oraindik marrazteko zail den etorkizun baten zain.

Aprobetxatuko dugu esateko, ikasle kopuru adierazgarri batek, ikastetxeko jangela zerbitzuan aurkitzen zuela eguneko otordu “duin” bat edukitzeko aukera.

Hau esanik, honako testu honek, ikastetxeetako haur eta lehen hezkuntzako irakasle eta zuzendaritza taldeak babesturik azaldu nahi duen kritika eta proposamen eraikitzaile bat izan nahi du.
Ezertan hasi aurretik, gure lanak gizartean betetzen dituen funtzio nabarmenenak azpimarratzea komenigarria iruditzen zaigu.

Ikasleen hezkuntza currikularra gauzatzen saiatzen gara, baina krisi honetan oso nabarmen gelditu dena da, hezkuntza komunitateko ikasleen zaintza gure gain geratzen dela egunaren parte esanguratsu batean.

Une honetan oinarrizko hezkuntzak bere funtzioak betetzeko zailtasunak ditu. Urteetan oso aldaketa gutxi izan dituen eskolaren funtzionamendu estrukturala guztiz jo baitu krisi honek, bere eraginik handiena zaintzaren eremuan etorri delarik. Krisia diogu, ikasleak etxean dauden bitartean, familien kideen lan kontziliazioa ezin burutu delako.

Erantzun zaila duen galdera da ondokoa. Nork zainduko ditu nire seme alabak ni lanean nagoen bitartean? Aiton amonek ezin dutenean? Ezkutuko lana egiten zuen horren soldata prekarioa ordaintzeko aukera familiak galdu duenean?

Jabetzen gara hezkuntzako langileak zaintzaile izateaz haratago gure lanbidearen profesionaltasuna aldarrikatu dugula. Hala ere, harrotasunez diogu gu ere zaintzaile garela. Hori bai! Zer esatekorik dugun zaintzaileak gara gu ere! Eta salatzen dugu gaur egun, zaintzailea oraindik ere emakumez gorpuzten dela. Eta orokorrean esplotazio egoeran bizi dela inongo errekonozimendurik gabe.

Horren harira, egiten ari diren marketing kanpainak oportunistak izateaz gain, aurpegi garbiketa lotsagabe gisa ulertzen ditugu.

Inongo txalorik jasoko ez duten hainbat langile ikusezin baititugu gure herrian.

Hau esanik, uste dugu, zaintzaileak ere bagarelako, ez ohiko egoera batean, ez ohiko lehentasunak mahai gainean jarri behar ditugula.

Krisi garai honetan komunitatea osatzen dugun kide guztien beharrak ez dira berdinak. Egoera sozio-ekonomikoak ezberdinak dira, familiari elkarren artean laguntzeko gaitasunak eta aukerak ezberdinak dira. Ikasleen beharrak ezberdinak dira. Hizkuntz gaitasunak ezberdinak dira etab.

Horri erantzuna ematen saiatu behar gara. Ahalik eta justuen. Aurreikusten ari garen ikasle eta familien arteko arrakala hori horren bortitza izan ez dadin.

Irakasle talde hau konprometitzeko prest azaltzen da datozkigun erronka berriei erantzuteko, baina esaten ari garena aintzakotzat hartzea eskatzen dugu trukean.

Irailean, gizartean osasun minimoak bermatzeko gai bagara eskolara itzuli nahiko genuke ikasleekin batera.

Horretarako proposatzen dugu:

0. Behar gehien dutenek laguntza gehien jasotzea.

1. Zuzendaritza taldeak aurreko urteko irakasle lan taldea mantentzeko aukera zabaltzea (ordezko, hezitzaile eta finkatu gabeko funtzionarioak). Ikasturte hasiera guztietan klaustroak aldatu egiten baitira eta ikastetxe berriko guraso eta ikasleekiko harremanak eraikitzen eta sendotzen denbora bat pasatzen baita.

Datorren ikasturtean berriro ere konfinamentu egoera baten aukera mahai gainean egonik, ez al da hobea jada sortuta dauden harreman sareen gainean lanean jarraitzea?

2. Hezkuntza komunitateak sarritan eginiko aldarrikapena da ikasleen ratio txikiagoekin lan egitean arreta hobetuko litzakeela. Orain pandemiaren haritik 15 ikasleko kopurua bolo-bolo zabaldu da medioetan. Beraz, egungo zailtasunak ta bermeei erantzuteari begira, ratioak murriztea eskatzen dugu.

3. Gutxieneko konpetentzia digital bat ziurtatu behar dugu gure ikasleen tutoreengan, eta horren ardura hezkuntzak du. Hezkuntzak egingo duen proposamenean integratuta azaldu behar da dugun ardura hau. Ezin da onartu inor bazterrean uztea.

4. Ikastetxeko eguneroko komunitatea osatzen duten kideek lehentasunak markatzeko eta eskaera administratiboak lehenesteko aukera eta konfiantza eduki behar dute Berritzegune eta Inspekzioaren partetik, beraz baita zure, Cristina Uriarte anderearen, partetik ere. Esfortzu handia egiten ari gara eta betebeharren lehentasunak egunerokotik abiatuta adostu eta gauzatuko ditugu. Denbora behar denari eskainiz.

5. Etxetik lan digitala egin behar badugu, baliabide digital egokiak eskaini behar zaizkigu irakasle zein ikasleei.

6. Arrakalaren beldur bagara izan gaitezen malgu helburu kurrikularrekin. Ez ohiko egoera honetan ez zaigu iruditzen promozio eta ebaluazio currikularrak lehenetsi behar direnik. Bai ordea jarraipena eta presentzia. Helburu currikularrak malgutasunez hartzeko garaia da. Exigentziak baztertu eta aldamenekoa babestekoa. Bestela arrakalan sakondu egingo dugu.

7. Eguneroko eginkizun akademikoan, ordu aldetik gutxietsiak izan diren arloak aldarrikatzeko garaia da. Artea, gorputz hezkuntza, balore sozialak, tutoretza, arlo hauetan bereizten gaituzten arrakalak txikiagoak izaten dira.

8. Ikastolatik ateratzeko aukera eta malgutasuna: espazio zailtasun eta arriskuei erantzuteari begira, gune irekietan lan egiteko malgutasuna eskatzen dugu (Danimarkako hezkuntza sistemak proposatzen duen bezala). Izan ere, bizi dugun egoeran, naturarekin kontaktua ezinbesteko tresna dugu ikasketa aktibo eta esanguratsuari eusteko.

Behar den tokian aintzakotzat hartuko gaituzten esperantzan.

Bilatu